Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. Epaitegiak bertan behera utzi du Nafarroako hiriburuko bi haur eskolen hizkuntza eredu aldaketa. Donibane eta Arrosadiko Printzearen Harresi haur eskolak gaztelaniazkotik euskarazkoak izatera aldatu nahi zituen udalak, eta aurrematrikulazio datuek berretsi egin dute aldaketa horren beharra. Auzitegiak, ordea, uste du umeak jada haur eskola horietara eramaten dituzten gurasoentzat "inposizioa" dela aldaketa. Udalak helegitea aurkez dezake Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean.
Epaileak gogorarazi du "konpontzen zaila edo ezinezkoa den kasuetan" hartzen direla kautelazko neurriak, eta uste du kasu honetan hartu beharrekoak direla. Epaileak bere egin du udalaren erabakiaren aurka helegitea aurkeztu zuenaren argudioa: 0-3 ziklo osoan umeek hezitzaile bera izaten saiatzen dira Iruñeko haur eskoletan, "haurrek garapen egokirako behar duten lotura" manten dezaten. Lotura hori hautsi egingo litzateke eredu aldaketak dakarren irakasle aldaketarekin, epailearen arabera: "[Haurrak] zentroan geratzen badira, errotik hezitzaileak aldatuz geratuko dira, oraingoek ez baitute euskara gaitasunik hizkuntza horretan hezteko. Ikastetxez aldatuz gero ere lotura hori hautsi egingo da".
Gehiago dio: "Ezin dira saihestu gurasoei eta haurrak zaintzen dituzten gainerako senideei [eredu aldaketak] egiten dien kaltea. Ildo horretan, nabarmentzekoa da gurasoek, eskola aukeratzerakoan, hizkuntza eredua eta etxeko edo lantokiko gertutasuna izan ohi dela". Epaileak gaineratu du haurrak bi haur eskola horietan mantentzea erabaki duten gurasoek ez dutela aldaketa hori eskatu eta ez dutela nahi, eta "inposiziotzat" jo du aldaketa.
Iruñeko Udalak otsailean jakinarazi zuen datorren ikasturtean bi haur eskola euskarazkoak izatera igaroko zirela. Donibane eta Arrosadiko Printzearen Harresi dira. Pasa den ikasturtean hamazazpi haur eskoletatik bik soilik eskaintzen zieten euskarazko eredua haur eta gurasoei. Aldaketarekin bitik laura ziren pasatzekoak euskarazkoak. Asteon eman dituzte aurrematrikulazio datuak, eta bietan itxaron zerrenda ezarri dute. 35 haur lekurik gabe gelditu dira Donibane eskolan, eta 21 Printzearen Harresi ikastetxean.