Iruñeko Udalak hamasei milioi euro erabiliko ditu 33 inbertsio egiteko

Udal gobernuak eta PSNk akordioa egin dute beste hamasei milioi euro gehitzeko urte hasieran onartutako aurrekontuari. Garbiñe Bueno Ogasun arloko zinegotzi ordezkariak nabarmendu du udalak «inbertsiorako anbizioa» duela.

Garbiñe Bueno Ogasun arloko zinegotzi ordezkaria eta Aitor Navarro zuzendaria, gaur, Iruñeko udaletxean. JESUS DIGES / EFE
Garbiñe Bueno Ogasun arloko zinegotzi ordezkaria eta Aitor Navarro zuzendaria, gaur, Iruñeko udaletxean. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
Iruñea
2026ko maiatzaren 29a
14:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Cristina Ibarrola UPNko hautetsiak iragarri duen honetan Athleticen elastikoaren aurkako salaketa jarri dutela, Iruñeko Udala aurrera doa bere bidean. Udal gobernuak eta PSNk akordioa lortu dute egungo aurrekontuari beste hamasei milioi euro gehitzeko. Diru hori 33 inbertsio finantzatzeko erabiliko dute.

Gaur goizean eman du akordio horren berri Garbiñe Bueno Iruñeko Udaleko Ogasuneko, Kontratazio Publikoko eta Giza Baliabideetako hautetsi ordezkariak (EH Bildu). Haren hitzetan, udal gobernuak «inbertsiorako anbizioa» erakutsi du akordio horren bidez, bai eta «lanerako eta gestiorako ahalmena» ere. Buenok azpimarratu du «desberdinen arteko akordioak egonkortasuna» eman diola udalari.

316,5

Iruñeko aurrekontua zenbatekoa den. Inoizko aurrekonturik handienetan bigarrena du Iruñeak orain. Hasieran onartutako 296,6 milioi euroko aurrekontuari 2,8 milioi euroko aldaketa bat gehitu zitzaion urtarrilean; orain, berriz, hamasei milioi euro eranstea hitzartu dute. Iruñeak, beraz, 316,5 milioi euroko aurrekontua du orotara.

 

Altxortegiko soberakinetatik aterako dira hamasei milioi euro horiek. Batetik, hiria hobetzeko lanetan inbertituko dute —Pio XII.aren etorbidea, Santa Ana plaza eta Mendillorriko, Iturramako eta Zabalguneko kaleak hobetzeko lanak egingo dituzte—. Bestetik, udalaren esku diren etxebizitzak zaharberrituko dira. Horrez gain, kultura, hezkuntza eta kirol arloko azpiegiturak hobetuko dira. Udaleko langileei lotutako ordainsarietarako ere erabiliko da dirua.

Hitzartutakoaren arabera, PSNk  ekarpenak egin ditu. Besteak beste, hiriaren erdigunerako  joan-etorrietarako mikrobus elektriko bat jarriko dute irailaren 1etik aurrera: Alde Zaharra, Zabalgunea eta Arrosadia lotuko ditu. 

Marina Curiel eledun sozialistaren arabera, «Iruñeak konponbideak behar ditu, ez blokeo egoerak». Curielen esanetan, eskuina «galduta» dago: «UPNko eledunak futbol taldeei salaketak jartzen dizkien bitartean, guk konponbideak eskaintzen ari gara». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE