Iruñeko Udaleko giza baliabideetako goi mailako teknikari postua elebiduna izanen da aurrerantzean ere. Hala azaltzen zen 2024ko lantalde organikoan, baina UGT sindikatuak errekurtsoa aurkeztu zuen, euskara eskakizun hori gehiegizkoa zelakoan. Nafarroako Administrazio Auzitegiak atzera bota du UGTren helegitea, eta ez du aldatuko lanpostuaren hizkuntza eskakizuna. AET Administrazioan Euskaraz Taldeak eman du ebazpenaren berri.
Errekurtsoan, UGTk argudiatu zuen «Iruñeko hizkuntza errealitateak eta lanpostuaren berezko funtzioek» ez dutela justifikatzen profil elebiduna ezartzea. Bada, lau herritar helegite horren aurka azaldu ziren, administraziora euskaraz jotzeko eskubidea urratzen duelakoan. Azkenik, administrazio auzitegiak arrazoia eman die, eta UGTren errekurtsoa atzera bota.
Auzitegiak argudiatu du giza baliabideetako goi mailako teknikari batek zeresan handia duela udalaren hautaketa deialdien kudeaketan, eta, horietan, beharrezkoa dela hautagaiei aurrez aurreko arreta eskaintzea, baita euskaraz ere. Bestalde, ebazpenean gogorarazi du Iruñeko Udalaren lanpostuen %4,34tan soilik ezarria dagoela euskarazko hizkuntza eskakizuna, eta beraz, nekez izan daitekeela «neurriz kanpokoa» beste lanpostu bat elebidun bat izatea.
Administrazioan Euskaraz Taldeak ebazpena txalotu du. Ohar bidez adierazi du «pozik egoteko moduko» erabakia dela, giza baliabideetako goi mailako teknikariarena «lanpostu estrategikoa» baita: «Euskarari dagokionez, teknikari horrek udal lantaldearen diseinuan parte hartuko du, eta hobeto ikusiko ditu hutsuneak eta beharrak. Badu bere garrantzia profil elebiduna izateak». Halaber, AETk txalotu egin du «UGTren jarrera euskarafoboak porrot» egin izana.