Irungo alarde parekideak udalari eskatu dio «behingoz» guztientzako alarde bat antolatzeko

Alarde Parekidearen Juntak ohar bat argitaratu du, eta nabarmendu du 2.400 lagunek parte hartu zutela ekainaren 30ean. Salatu dute «anomalia» bat dela alarde parekidea oraindik ere talde pribatu batek antolatzea.

Irungo alarde parekidea, ekainaren 30ean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irungo alarde parekidea, ekainaren 30ean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko uztailaren 4a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten hiru hamarkada bete dira Irungo (Gipuzkoa) emakume talde batek udalari eskatu zionetik alardean berdintasunez parte hartzea, eta orduko aldarrikapen bera indartsu zabaldu dute aurtengo ekainaren 30ean ere. «Alarde handi-handi bat egin dugu 2.400 lagunekin», azaldu du Alarde Parekidearen Juntak, aurtengo aldiaren balorazio oharrean. Halere, nabarmendu dute badirela egin beharreko urratsak, eta Irungo Udalari erreparatu diote: «30 urte igarota, bada tenorea udalak deialdia egin eta herritar guztientzako alarde bat antolatzekoa».

Juntaren arabera, ez dago zalantzarik, urtetik urtera gehiago dira San Martzial alardean parte hartzera animatzen diren emakumeak: «Inork ezin du ez ikusiarena egin ehunka, milaka emakume gazte eta helduk ekainaren 30ean alardean parte hartzea erabakitzen duten honetan». Eta, aurtengoari dagokionez, «jai giroa» eta sorrarazten dien «emozioa» nabarmendu dituzte.

Hala, batzordeak eskerrak eman dizkie alarde parekidea posible egiten duten guztiei. «Lan handia egin behar da, eta lagun askok denbora luzea ematen dute ahaleginak eta bi egiten berdintasunezko alardea antolatzeko», adierazi dute. Hor dira konpainietako agintariak, lan batzordeak eta bertaratzen den publikoa bera. Era berean, eskerrak eman dizkiete Gipuzkoako Aldundiari eta Emakunderi ere, diruz laguntzeagatik.

Dena ez da festa, baina, eta juntak gogoratu du alarde parekidea talde partikular batek antolatzen duela oraindik ere. «Anomaliatzat» jo dute egoera, eta neurriak hartzeko eskatu diete Irungo Udalari eta Cristina Laborda alkateari: «Ez du bere gain hartzen ardura hori, harena izan arren festetan ere gizonen eta emakumeen berdintasuna bermatzeko eginbeharra». Kontrara, uste dute erantzukizuna «saihesten» duela udalak, «emakumeen askatasuna eta duintasuna» jomugan dituen auzi bat esku pribatuetan utzita. «Instituzioak behingoz eskubideak betearazteari heldu behar dio», berretsi dute.

Horrez gain, salatu dute sare sozialetan alarde parekidearen kontrako kanpaina bat izan dela eta haien kontrako ekintzak egitera deitu dutela. Juntak salatu du haiek «beldurtzeko eta kikilarazteko» xedea zuela kanpaina horrek, baina gehitu du ez dutela atzerapausorik emateko asmorik: «Iraganean garai latzak pasatu ditugu, baina ez dugu inoiz galdu aurrera egiteko adorea. Ez gaituzte inoiz gure helburutik aldendu, eta bazterkeriarik gabeko alarde bat egin izan dugu denontzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA