«Israelek ez luke ikerketa proiektuetan parte hartzeko aukerarik izan behar»

Europako proiektu batean parte hartzeari uko egin dio Nora Fernandez Jimenez EHUko irakasle eta ikertzailearen taldeak, Israelgo partaide bat dagoela ohartu baitira. Fernandezen ustez, hori da erabakirik «koherenteena».

 EHUren Leioako campusa, artxiboko argazki batean. MITXI / EHU
EHUren Leioako campusa, artxiboko argazki batean. MITXI / EHU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko irailaren 17a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berehala hartu dute erabakia, zalantza askorik izan gabe. Nora Fernandez Jimenez EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko irakaslea eta ikertzailearen ikerketa taldea Europako proiektu batean parte hartzera gonbidatu zuten, baina astebete besterik ez dute bertan lan egin. Israelgo partaide bat zegoela ohartu bezain pronto uko egin diote bertan parte hartzeari. Ez dira damutzen hartutako erabakiaz, baina Fernandezek uste du neurriak «goragotik» etorri behar direla: «Gu ikerketa proiektuetatik atera behar ez izateko, Israelek ez luke parte hartzeko aukerarik izan behar». 

EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak gaur jakinarazi du azken hilabeteetan uko egin diotela 247 milioi euroren ikerketa proiektuetan parte hartzeari. Horietako bat da Fernandezena. Biomedikuntza eta adimen artifizialari buruzko proiektua utzi du, taldeko kide diren Jose Ramon Bilbao eta Iraia Garcia Santistebanekin batera.

Fernandezek aitortu du «kolpea» izan dela, «diru asko» zelako: «Gure ikerketa taldeak finantzaketaren menpe daude; beraz, gogorra da hortik ateratzea, gure iraupena nolabait baldintzatu egiten delako». Horrez gain, garrantzitsua ere bada curriculumean Europako proiektu bat edukitzea. Hala ere, «pozik» daude hartutako erabakiarekin. Ez dute askorik pentsatu behar izan, «EHUk plazaratutako manifestuarekin bat» egiten dutelako eta erabaki hori «koherenteena» delako.

Fernandezek uste du zama handia jartzen dela ikertzaileengan. «Ni zama hori hartzeko prest nago, baina babestuago egon beharko genuke», esan du, eta zehaztu Europako Batasunaren eta estatuen lana dela hori. «Nazio Batuek esan bezala, Israel bera ari da genozidio bat egiten, eta hura da oraintxe parte hartu behar ez duena», berretsi du. Hori gertatu ezean, gainerako ikertzaileek egin behar diote uko lantaldeetan parte hartzeari eta, Fernandezen hitzetan, «bidegabea» da hori.

Mobilizazio gehiago

Euren ikerketa taldea ez da proiektu bati uko egin dion bakarra izan. Izan ere, Fernandezen hitzetan, badago «tantaka-tantaka» doan mugimendu bat, «horrelako proiektuetan parte hartzeari uztearen aldekoa». Bai gizartean, oro har, eta bai unibertsitatearen esparruan, ikertzaileak nabaritu du jendeari «jasanezina» egiten ari zaiola genozidioa, eta azkenaldian gero eta gehiago hitz egiten dela horretaz, baita gehiago mobilizatu ere.

«Guztiok egin dezakegu zerbait», esan du. Hala ere, interpelazio zuzena egin die Europako Batasunari eta Espainiako Estatuari, «ausardia» izan dezaten eta «benetako erabakiak» har ditzaten. «Amen eta umeen osasuna ikertzen dut nik; oraintxe, euren osasunerako, ez dago genozidioa gelditzea baino ezer garrantzitsuagorik», gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.