ELA sindikatuak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako patronalen, gobernuen eta alderdi politiko arduradunen egoitzak aukeratu ditu gaurko mobilizazioak egiteko. Ekitaldi nagusia Bilbon egin du, hain justu, PSE-EEren egoitzaren aurrean. «Israeli ezin zaio ezer erosi, eta ezin zaio ezer saldu», adierazi du bertan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, eta Euskal Herriko gobernuei, Espainiako exekutiboari eta Europako Batzordeari exijitu die Israelgo estatu genozidarekin dituzten harreman militar, komertzial eta diplomatikoak bertan behera uzteko.
Lau orduko lanuzteak antolatu ditu sindikatuak, eta mobilizazio ugari. Bizkaiko hiriburuan jende andana bildu da, sindikatuaren eta Palestinako banderak eskuetan, baita Langileak Palestinarekin lelodun kartelak ere. Beste askok, berriz, 67.194 zenbakia gorriz erakusten zuen kartela eraman dute: Israelek hildako palestinarren kopuru ofiziala. Lakuntzaren arabera, lanuztearen oihartzuna «zabala eta handia» izan da. «Gaurko lanuzteak eta mobilizazioak palestinar herriaren aldeko elkartasun garrasi bat dira», adierazi du.
Lakuntza PSE-EEren egoitzaren aurrean bildutako manifestariei mintzatu zaie. Herritarrek eserita entzun dituzte haren hitzak, errepide osoa harturik. Bitartean, herritar batek grafitia egin du Lakuntzaren atzean, 67.194 zenbakia idatziz. Manifestazioa abiatu dute gero, Israeli boikota lelopean, Sabin Etxeraino. Besteak beste «Boikot Israel, Palestina askatu» eta «Ibaitik itsasora, Palestina aurrera» oihukatuz egin dute bidea.

«Europako erakundeen, Espainiako Gobernuaren eta euskal instituzioen hipokrisia» salatu du idazkari nagusiak, eta interpelazio zuzena egin die euskal alderdiei: «Euskal alderdiek erabaki behar dute noraino eraman behar duten euren determinazioa instituzioetan». Are, jakinarazi du «estatu sionistarekin egindako kontratu instituzional eta komertzialei buruzko informazio eskaera formalak» egin dituztela Lakuan eta Iruñean, ezin delako langileen zergetatik «euro bakar bat ere» bidali Israelgo interes ekonomikoak eta komertzialak indartzera.
Enpresetan ere ari da lanean sindikatua. «Israelekin harreman justifikaezinak eta lotsagarriak dituzten herri honetako enpresentzako ez dago inongo justifikaziorik». Horiek horrela, «gero eta beharrezkoagoa den zeregin horretan» sakonduko dute datozen asteetan.
Elkartasuna, ezinbestekoa
Lakuntzaren hitzetan, Euskal Herrian ez zen «atzo» hasi Palestinarekiko elkartasuna; hamarkadak daramatzate haren alde egiten, eta hala izan behar du aurrerantzean ere. Ezinbestekotzat jo du mobilizazioetan jarraitzea: «Elkartasunari segida eman beharra dago bonbardaketak amaitu eta gaur egungo su eten hori bermatzeko, baina, batez ere, Israelek gaur egun egiten duen apartheid sistema eta okupazioa bukatzeko, eta Palestinaren askatasuna bermatzeko». Haren ustez, Donald Trump AEBetako presidenteak aurkeztutako planak okupazioaren jarraipena besterik ez du bermatuko. Esan du ez dela nahikoa bonbardaketak etetea: «Palestinar herriaren askatasunean aurrera egin behar da».
«Israelekin harreman justifikaezinak eta lotsagarriak dituzten herri honetako enpresentzako ez dago inongo justifikaziorik»
MITXEL LAKUNTZA ELA sindikatuko idazkaria nagusia
Beste aldarrikapen bat ere egin du Lakuntzak: «Israelen inpunitatea bukatu beharra dago». Argi utzi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernua epaitu beharra dagoela, Palestinan gertatutakoa ezin baita zigorrik gabe utzi. Horretarako, dei egin die euskal instituzioei, «prozesu penalean parte aktibo» izan daitezen.
Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindical sindikatuekin batera egin du deialdia ELAk. Lakuntzaren hitzetan, «gauza askok» batzen dituzte hiru sindikatuok; batez ere, «estatu gabeko nazioetako sindikatuak» izateak. «Horregatik, uste dugu Palestinako auzian ere gure herrien ahots propioak entzun behar direla eta bi defentsa horiek bateragarriak direla: Palestinaren auzia eta gure herri propioen defentsa», adierazi du.