«Entzun dadila gure oihua Gazan eta munduan»

LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituta, milaka pertsona atera dira kalera Iruñean, Palestinaren alde. Elkartasunari eusteko deia egin du Ola Arafat gazatarrak, manifestazioaren bukaeran.

Palestinaren aldeko manifestazioa, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Palestinaren aldeko manifestazioa, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko urriaren 15a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Izan daitezela Iruñea eta Nafarroa oihu bat Palestinaren alde», eskatu du Ola Arafat iruindar-gazatarrak, manifestazioaren bukaeran. Eta hala izan da: milaka eta milaka lagun atera dira kalera gaur —15.000, antolatzaileen arabera—, Gazako genozidioa salatzeko eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. LAB, CCOO, UGT, ESKE, Steilas, CGT, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin dute deialdia, baina beste hainbat elkarte eta gizarte eragile ere batu dira protestara.

Aurretik, adibidez, Palestinarekin Elkartasuna plataformak elkarretaratzea egin du Antoniutti parkean, eta han batu zaizkio Ikasle Abertzaleak. Zutabe propioa osatuta, elkarrekin joan dira Baiona etorbidean gora, «Israel suntsitu» eta «gora palestinar erresistentzia» oihukatzen zuten bitartean. Golem zine aretoetara iritsita, manifestazio nagusiarekin bat egin dute. Plaza gainezka eginda zegoen ordurako: institutuetako ikasle ugari zeuden ingurumarietan, ikasgelan edo etxean eginiko afixak eskuetan. Etena ez da bakea, irakur zitekeen horietako batean, iragan ostegunean indarrean sartutako meniari erreferentzia eginez. Han ziren Landabengo zenbait lantegi handietako beharginak ere, laneko galtzamantalak eta kaskoak jantzita. Pankarta propioa zeramaten horiek ere: Langileak palestinarekin.

«Palestinako herriarekin gertatutakoa ez da gerra bat izan. Genozidio bat eta okupazio bat, horixe izan da», esan du UGTko Lorenzo Riosek, manifestazioa hasi aurretik. Riosek «poza» agertu du Israelen eta Hamasen arteko su etenagatik, baina onartu du hori ez dela konponbidea, «lehen urrats bat» baizik. «Honaino iritsi gara herritarren kontzientziari eta kalean eginiko mobilizazioei esker, eta espero dezagun gazatarren oinarrizko eskubideak bermatuko dituen bake prozesu bat izanen dela honako hau».

CCOOko Josema Romeok nabarmendu du sindikatu antolatzaileak gai izan direla haien arteko desadostasunak gainditzeko eta kalera ateratzeko helburu argi batekin: «Langile klaseak bat egin behar du Palestinako herriaren alde. Nazioarteko gobernuei eskatzen diegu Israelekin dituzten negozioak eteteko eta behin betiko bakearen alde lan egiteko».

LABen izenean, Imanol Karrerak esan du Euskal Herria «herri solidarioa» dela, eta horixe erakutsi duela gaurko lanuzteak. Haren irudiko, Israelen eta Hamasen arteko meniaren ostean ere, behar-beharrezko dira presioa eta mobilizazioak, «ez bakarrik su etenaren akordioan jasotakoa bete dadin, baita gatazka errotik konpontzeko ere». Karrerak helburutzat jo du, besteak beste, «okupazioa eta kolonizazioa bukatzea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea». Hori lortzen ez den bitartean justizia aldarrikatzen segitzeko deia egin du LABeko bozeramaileak: «Genozidio honen erantzuleak epaitu beharra dago oraindik».

Traktorea, bidea eginez

12:40an abiatu da manifestazioa, mantso, Baiona etorbidean aurrera. Palestinako banderekin apaindutako traktore bat eta kamioi bat arduratu dira bidea irekitzeaz. Haien atzetik, neska-mutil talde bat eta Nafarroako palestinar komunitateko zenbait kide, denen artean Palestinako bandera erraldoi bati eusten. Eta zenbait metro atzerago, pankarta nagusia, zeinean Palestina askatu! Stop genozidioa irakur zitekeen. Baiona etorbideko espaloietan jendetza zegoen zain, eta txaloka agurtu dute manifestazioa.

Ibilbide laburra diseinatu dute sindikatuek, Golem zine aretoetatik Antoniutti parkeraino, eta manifestazioaren aurrealdea helmugara iristen ari zela, jende asko Europako plazan zegoen oraindik, ia tokitik mugitu gabe. Manifestazioaren atzealdean, hain zuzen, istiluak piztu dira: zenbait pertsonak itsasgarriak jarri dituzte Burger King jatetxean, multinazional hori Israelen «konplize» dela salatzeko, eta haien kontra oldartu da Espainiako Polizia. Pilotak ere jaurti dituzte manifestarien aurka.

Handik gutxira iritsi dira lehen manifestariak Antoniuttiko agertokira. Antolatzaileek agertokira hurbiltzeko eta plazan tokia egiteko eskatu behar izan diete bertaratuei, jendetza kabitu ezinik zegoelako. «Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu», esan du Iratxe Alvarezek, antolatzaileen izenean. Haren ostean, hitza hartu du Ola Arafatek. Azaldu du duela 23 urte egin zuela Gaza eta Iruñea arteko bidea: «Gazatar-nafartzat dut neure burua».

Su etena indarrean sartuta ere, Gazako errealitatea «jasanezina» dela esan du Arafatek: «Egunetik egunera, bonbek errotik mozten dituzte bizitzak, familiak desplazatzen dituzte, eta oinarrizko zerbitzurik eza erabiltzen dute arma gisa, nire herria zigortzeko: edateko ura, janaria, osasun arreta, hezkuntza eta lanerako eskubidea bera. Eta, salbuespenak salbuespen, nazioarteak ez ikusiarena egin dio horri guztiari».

Urriaren 9ko su eten akordioari buruz esan du «urrats bat» izan daitekeela genozidioa bukatzeko, baina adi egotera premiatu du gizartea: «Ez dezagun pentsa justiziarik gabeko bakea posible denik. Behin-behineko su eten batek ez du ezertarako balio, baldin eta aurretik ez bazaio inpunitateari aurre egiten, ez badago benetako konpromisorik giza eskubideak bermatzeko eta suntsitutako eremuak berreraikitzeko, ez bazaie kargurik hartzen heriotza politikak aplikatu dituztenei, eta ez bada biderik zabaltzen Palestinak bere etorkizun politikoa, ekonomikoa eta soziala erabaki dezan».

Horiek horrela, elkartasun keinuei eta mobilizazioei eusteko deia egin du Arafatek: «Entzun dadila gure oihua garbi eta ozen, Gazan eta munduan. Palestinarrek jakin dezaten ez daudela bakarrik, eta gobernuek argi izan dezaten ezin diotela bizkarra eman giza hondamendi honi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.