LEA Lehiaren Euskal Agintaritzak isuna jarri die 31 autobus enpresari, 2023. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskolako garraio zerbitzua bertan behera uzteagatik. Zigor ekonomiko guztiak batuta, 867.000 euro ordaindu beharko dituzte enpresa horiek, LEAren arabera, «boikota» egin ziotelako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. 2023an espedientea ireki zieten enpresei, eta ia hiru urteko prozesu baten ostean heldu da ebazpena.
LEAren arabera, garraio enpresek uko egin zioten eskolako garraio zerbitzua emateari, uste baitzuten ez zela errentagarria. Jaurlaritzak eskola garraiorako ibilbideen lehiaketa egin zuen 2023. urtearen hasieran, eta lehiaketara ateratako 467 ibilbidetatik 387 geratu ziren hutsik; Gipuzkoako ibilbide ia guztiak bete ziren, Araban gutxi eta Bizkaian bat ere ez. Hori ikusirik, Jaurlaritzak agindu bat argitaratu zuen: horren bidez, enpresak behartu nahi zituzten hutsik zeuden ibilbideak betetzera. 31 enpresak, ordea, uko egin zioten zerbitzua emateari; ondorioz, 7.400 ikasle eskolarako autobusik gabe geratu ziren Araban eta Bizkaian.
Lehiaren Euskal Agintaritzak frogatutzat jo du enpresa horiek «boikota» egin ziotela Hezkuntza Sailari, besteak beste, lizitazioetara eskaintza oso gutxi aurkeztuta, zerbitzua aurreko ikasturteko baldintza bertsuetan emateari uko eginda eta eskola ibilbideei eusteko agindua ez beteta.