Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunerako mobilizazioak iragarri ditu Itaiak: Euskal Herriko bost hiriburutan egingo dute protesta, baita 21 herritan ere. Emakumeen Antolakunde Sozialista Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean mobilizatuko da.
ITAIAREN HIRIBURUETAKO MOBILIZAZIOAK
- Baiona. 19:00etan, Jacques Portes plazatik.Â
- Bilbo. 18:30ean, Plaza Eliptikotik.
- Donostia. 18:00etan, Bulebarretik.
- Gasteiz. 18:30ean, Andre Mari Zuriaren plazatik.
- Iruñea. 18:30ean, Udaletxe plazatik.
Itaiak zapalkuntzan eta esplotazioan oinarritutako gizarte eredua gainditu behar dela aldarrikatuko du. «Norabide sozialista argi batekin emakume langileen interesak defendatuko dituen antolakuntza indartu behar dugu», esan dute gaur Bilbon egindako agerraldian. Horretarako, kaleko mobilizazioak indartzeko deia egin dute, eta hiru lan ildo zehaztu: erasoei eta erasotzaileei irmotasunez erantzutea; erasoa jasan duten emakumeen babesa bermatzea; eta matxismoari eta faxismoari aurre egitea.Â
Hortaz gain, adierazi dute emakumeen aurkako indarkeria areagotzen ari den arren, instituzio kapitalisten baitan ez dagoela matxismoa desagerrarazteko bideorri posiblerik: «Batetik, instituzioetatik indarkeria matxista kasuak kudeatzera mugatzen direlako, gero eta baliabide gutxiagorekin, eta ez dutelako emakumeon babesa bermatzen. (...) Bestetik, emakumeen aldeko borrokaren instituzionalizazioak kaleak hustea eta desmobilizazioa ekarri dituelako».
Gehitu dute hauteskundeen testuinguruan interes alderdikoien arabera erabiltzen dela emakumeen auzia. Salatu dutenez, ezkerreko alderdi instituzionalek bere egin dute emakumeen defentsa eta faxismoaren aurkako alternatibatzat aurkezten dute euren burua, «baina azken urteetako legealdietan emakume langileen bizi baldintzak okertu dituzte enpresarien eta oligarken mesedetan, eta langile klasearen aurkako neurri autoritarioak hartu dituzte».

