Herriak odolusten ikusi ordez, despopulazioari aurre egitea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Pirinioetako herriak husten ari dira gelditu gabe, eta horregatik jarri dute martxan Pirinioetako Plana. Lau milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du. Jendea bertan bizi dadin nahi dute, baina, horretarako, zerbitzuak, etxebizitza eta lana segurtatu behar dira, gutxienez.
Aurreko legealditik heldu da plana, eta gobernu berriak ez du asmoa bazter geratzerik nahi izan, Ruben Goñi Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren arabera: «Helburua da lan zehatza egitea Pirinioak bizirik mantentzeko, indartzeko, despopulazioari aurre egiteko eta garapen jasangarriari begira». Izan ere, orain arte hirietara edo biztanle anitz dituzten herrietara bideratu dituzte politika publikoak, nagusiki. Hori aldatzen hasteko abiapuntua izan daiteke plan hau.
Hala, martxan paratu dute Gu Pirinioa egitasmoa. Cederna Garalur, Lursarea eta bertako erakundeekin batera, bulego bana ireki dute Burgin eta Ariben. Han teknikariak ari dira lanean, plana aurrera eramateko eta parte hartzea sustatzeko. Horiek arduratzen dira eskualdea biziberritzeko sortu dituzten 11 lantaldeez: ekintzailetza, etxebizitza, mugikortasuna, kultura, hezkuntza, osasuna... Baina talde horietan nahi duenak har dezake parte.
Aurretik egin izan dira bestelako planak, baina honek badu berezitasun bat, Goñiren arabera: «Lurraldean bertan sortutakoa da». Horrek lan egiteko manera «berria» eskatu du, «kogobernantzan» oinarritutakoa, eta Pirinioetako Mahaiaren bidez egiten da Pirinioen eta hiriburuaren arteko lotura. Mahai horretan hamabost lagun daude, Pirinioetako ibarretako eta udalerrietako ordezkariak, eta Ana Sagardoi Zaraitzuko batzordekidea da lehendakaria. Erakundeen arteko koordinazioa «estua» dela aitortu du, nahiz eta baden zer hobetu.
Lantaldeetan sortutako proiektuak Pirinioetako Mahaira igarotzen dira, eta organo hori arduratzen da Nafarroako Gobernuarekin eta Parlamentuarekin batera erabakiak hartu eta aurrekontuak zehazteaz, hiru erakundeak biltzen dituen batzordean.
Planak esku hartzeko lau alor nagusi bereizi ditu: turismoa, merkataritza jasangarria eta zerbitzuak biltzen ditu lehenak, eta, besteak beste, Pirinioen marka errotzeko helburua izanen du. Bigarrenak, abeltzaintza, nekazaritza eta basoetako zerbitzuak, belaunaldi aldaketaren erronka handia izanen duena. Hirugarrena etxebizitzarena, garraioarena eta azpiegiturena da, eta hasi da erabiltzen ez diren etxebizitza eta eraikin publikoen memoria egiten. Laugarren hanka industriarena, lanarena eta garapen jasangarriarena da; multzo horretan daude Aribeko coworking gunea eta Pirinioetako lan poltsa.
Aurrekontuaren parte handi bat Interneterako konexioa hobetzeko izanen da: bi milioi euro inguru inbertituko dute banda zabala paratzeko. Enpresa pribatuek ez dutenez egiten, Gobernua arduratuko da. Honi beste hainbat inbertsio gehituko zaizkio.
Goñik argi esan du: ez da proiektu handien afera. Pirinioetako Plana proiektu txiki askoz osatua izanen da, hala baizik ezin dutelako lortu despopulazioari aurre egitea: «Egitasmo guztiek ekarpen txikiak egingo dituzte, baina denbora pasatuta eragin handikoak izatea espero dugu». Batzuk nabarmendu ditu: adibidez, etxebizitzari lotutakoa. Dagoeneko 56 etxebizitza identifikatu dituzte: «Helburua da ahalik eta azkarren alokairurako etxebizitzak eskaintzea».
Hiru ardatz nagusi nabarmendu ditu Goñik herri bat biziberritzeko: zerbitzuak, etxebizitza eta lana. Baina ez da aski, hala ere: «Badaude beste kontu batzuk ere: eskaintza kulturala bizirik egotea, kohesioa ematea... Bizitza sozialarekin eta gai sozialekin, euskararekin, berdintasunarekin... osatu behar da plana».
Pirinioetan begi onez ikusi dute plana martxan jartzea, eta eskualdean «ilusioa» eta «itxaropena» piztu duela nabarmendu dute, esaterako, Ana Sagardoi Pirinioetako Mahaiko lehendakariak eta Karlos Bueno Aezkoako Batzarreko lehendakariak. «Behingoz, Pirinioak agendan daude», esan du bigarrenak. Baina ez du kezka ezkutatu Buenok: «Egoera hau larri bizi dugu. Azken 20 urteetan biztanle asko galdu ditugu, baina lehenagotik ginen aldapan behera».
Pirinioak, agendan
Sagardoik uste du azken bi legegintzaldietan erakundeek lurralde kohesioari garrantzia ematen hasi direla. Mahaian «lan handia» egiten ari direla nabarmendu du: «Batzuetan lan hori guzia ez da agertzen, oraindik emaitzak ez direlako ikusten. Denak bere denbora behar du, eta kostatu da dena martxan jartzea. Azkarxeago joan nahiko genuke».
Biek azaldu dutenez, Pirinioetan aurretik egindako lanari esker ailegatu dira oraingo egoerara. «UPNk Nafarroako Lurralde Estrategia onartu zuenean, Pirinioak batu ziren horri aurre egiteko. Hori izan zen ernamuina. Azken hamar urteetako lanak ekarri du prozesu hau martxan jartzea», kontatu du Buenok: «Azpimarratuko nuke talde sozialak hasi zirela elkarlanean; denak batera jarri gara martxan, eta, ezberdintasunen gainetik, adostasunak jarri ditugu mahai gainean».
Sagardoik gogora ekarri du Bost Minutu Pirinioen Alde mugimendua: «Parlamentariei eskatzen zitzaien legeak egitean bost minutuz pentsa zezaten Pirinioetan». Eta joan ziren parlamentura, Pirinioetako komisioetara. «Guretzat hasiera izan zen: zer nahi genuen esan genuen; arloz arlo diagnostikoa egiten genuen, baina baita egoera hobetzeko proposamen batzuk ere». Horregatik, argi ikusten du plana Pirinioetan sortu dela, herri mugimenduak bultzatuta.
Itxaropentsu daude, baina zuhur. «Aurtengoa gakoa da, lehenbiziko urtea delako inbertsio bereziak izanen ditugula aurretik landutako proiektuak garatzeko», esan du Buenok. Argi dituzte lehentasunak: etxebizitza eta lana. «Etxebizitzak behar ditugu gazteak independizatu daitezen. Etxe hutsak ditugu, baina ez dugu ahalmen ekonomikorik berritzeko», azaldu du Buenok. Horri lotuta, beste eskari bat du: «Galdu ditugun zerbitzuak berreskuratu, eta inoiz izan ez ditugunak eskuratu». Sagardoik beste afera bat gehitu dio: «Pirinioetako marka ari gara lantzen, gure identitateari lotuta, eta ongi dago guri balioa eman eta gure autoestimua pixka bat hobetzeko».
Itxaropen izpi bat Pirinioetan
Nafarroako Gobernuak lau milioi euro inbertituko ditu Pirinioetako Planean, despopulazioari aurre egiteko eta ingurua biziberritzeko, eragileekin elkarlanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu