Itxaso: «Bentaberriko bizilagunek euren etxeetan segituko dute, egungo baldintzetan»

Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuaren laguntzarekin, 510 etxebizitza erosiko dizkio Blackstone funtsari, ehun milioi euroren truke. 2028an babesa galtzekoak ziren etxe horiek izendapen iraunkorra izango dute aurrerantzean.

Jaurlaritzak Bentaberrin erosi dituen etxeetako batzuk, gaur. JUAN HERRERO / EFE
Jaurlaritzak Bentaberrin erosi dituen etxeetako batzuk, gaur. JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko urriaren 21a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu da, behingoz, Donostiako Bentaberri auzoko bizilagunen borroka. Hainbat hilabete iraun duten «negoziazio gogorren» ostean, Eusko Jaurlaritzak akordio bat lortu du etxeen jabearekin, Blackstone inbertsio funtsaren Testa Residencial sozietatearekin: erosi egingo dizkio Bentaberriko babes publikoko 510 etxebizitzak, hemendik aurrera ere babes publikokoak izan daitezen. Izatez, etxe horiek 2028ko azaroan ziren babesa galtzekoak, baina itunari esker babes ofizialeko izendapen iraunkorra izango dute, eta maizterrek bertan segitu ahalko dute.

Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak gaur eman ditu xehetasunak. Esan du «akordio historikoa» dela, eta baieztatu du Jaurlaritzak ehun milioi euro ordainduko dizkiola funtsari —munduko etxejabe handiena da—, etxebizitzen azalera eskubidea eskuratzearen truke —Testak 2069. urtera arte zuen eremu horren jabetza—. Lurra, lehendik ere, Jaurlaritzarena zen, eta orain bat egingo du bien titulartasunak. Ehun milioi horietatik 31 Espainiako Gobernuak jarriko ditu, asteon tentsio handiko eremuak dituzten autonomia erkidegoak babesteko onartu dituen laguntzen bidez —Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako diru guztia erosketa horretarako erabiliko da—.

«Klase ertaineko pertsonek euren etxeetan jarraitzea nahi dugu, eta horretarako beharrezkoak diren aldaketak egiten ari gara»

DENIS ITXASOEusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua

Operazioak ez du aurrekaririk; izan ere, orain arte Euskal Herriko erakunde publiko bakar batek ere ez zuen erosi halako etxebizitza sortarik. Atzo, hainbat hedabidek zabaldu zuten etxe bakoitzagatik 196.000 euro ordainduko dituela Jaurlaritzak, baina sailburuak azaldu du ez dela zehazki hala: etxe bakoitzak aparkaleku bat eta trasteleku bat ere badu, eta berrogei aparkaleku eta trasteleku gehigarri ere erosi dituzte. «Azpimarratu nahi dut etxeak babes ofizialeko etxeen prezioan erosi ditugula. Eraikiko bagenitu, kostuak antzekoak lirateke Eusko Jaurlaritzarentzat», argudiatu du sailburuak. Salerosketa urtea amaitu aurretik sinatzea aurreikusi dute.

Maizterrek zortziehun eta mila euro arteko errentak ordaindu dituzte orain arte, eta Itxasok ez du zehaztu aurrerantzean zer baldintza izango dituzten. Halere, aurreratu du datorren asteazkenean eta ostegunean elkartuko dela haiekin, eta «erabateko lasaitasuna» helarazi nahi izan die.

Kazetarien galderei erantzunez, sailburuak ez du baztertu aurrerago maizter horien diru sarrerak gainbegiratzeko aukera, «babes ofizialeko etxeetan arrunki egiten den moduan», baina gehitu du, printzipioz, asmoa dela familia guztiek euren etxeetan segitzea.

Denis Itxaso gaur egin duen agerraldian, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Denis Itxaso gaur egin duen agerraldian, Donostian. JUAN HERRERO / EFE

«Klase ertaineko pertsonek euren etxeetan jarraitzea nahi dugu, eta horretarako beharrezkoak diren aldaketak egiten ari gara», esan du, eta, besteak beste, aipatu du Etxebideren dekretua moldatzen ari direla «klase ertainak ez daitezen kanpoan geratu sistematikoki». Gaur egun, Etxebideren alokairuko etxebizitza tasatu bat eskuratzeko, gehienez ere urtean 59.568 euroko irabaziak izan ditzake eskatzaileak; 77.800 euro bikoteen kasuan.

«Etxebizitzaren arazoak zaurgarrienei eragiten die, baina baita klase ertainei ere. Eta Donostia puntu beltz bat da, ez baitago alternatibarik. Hori zen 510 etxe horietako drama; ez etxe garestiagoetara joan beharko zutela, baizik eta ez dagoela etxerik 510 familia jasotzeko, ez Donostian, ezta eskualde osoan ere», amaitu du Itxasok.

Funtsak, atzera

Benta Berriko 510 etxe horiek 1994. urtean Eusko Jaurlaritzak sustatu zuen promozio batean dute jatorria. Haren bidez, Jaurlaritzak Metrovacesa eta Vallehermoso eraikuntza enpresei esleitu zien azalera horiek erabiltzeko eskubidea 75 urtez, 2069ra arte. Lehen maizterrak 1998. urtean hasi ziren han bizitzen, alokairu babestuan, 30 urterako, eta ordutik 1.500 eta 2.000 lagun artean bizi izan dira etxe horietan.

2016an, eraikuntza enpresa horiek Merlin sozietateari saldu zizkioten etxeak, eta jarraian Testa Residencialek erosi zuen Merlin, higiezinetan inbertitzeko sozietate anonimo kotizatu batek. 2018an, Blackstone bilakatu zen Testaren inbertsiogile nagusia. Salerosketa horien prezioak ez dira publikoak.

Ziurrenik, azken hilabeteetako testuinguru sozioekonomikoak erraztu du operazioa. Inbertsio funts nagusiak desinbertsio handiak egiten ari dira etxebizitzaren arloan; sektorearen errentagarritasuna apaltzen ari da, eta inbertsiogileak beldur dira protestek eta lege geroz eta zorrotzagoek ezegonkortasuna eragingo ote duten. Blackstonek, esaterako, Testaren bidez kontrolatzen zituen 8.300 etxe saldu ditu aurten Espainian. 

Sindikatuak, pozik

Bentaberriko bizilagunek, Alokairu bizilagunen elkartean antolatuta, sei urte baino gehiago eman dituzte egoera salatzen. Hasieratik izan dute, besteak beste, Kaleratzeak Stopen laguntza, eta gaur, «albiste bikaina» jasotakoan, zoriondu egin ditu talde horrek: «Amaitu da Alokairurekin batera egin dugun borroka, mobilizazio eta antolakuntza aro luze bat, bizilagunei egonkortasuna eta haien etxeetan jarraitzea bermatzeko». Kaleratzeak Stopen iritziz, Bentaberrikoak erakusten du «gizarte mugimenduak eta bizilagunen batasunak» fruituak ematen dituztela.

LAB sindikatuarentzat ere «berri ona» da Jaurlaritzak iragarritakoa, eta hark ere maizterren borroka nabarmendu du: «Borrokak eta antolakuntza kolektiboak emaitzak ematen dituela berretsi da, eta Bentaberriko maizterrak zoriondu nahi ditugu». 

INSAUSTI: «GUZTIOK BAT EGIN DUGU KONPONBIDE BAT EXIJITZEKO»

Jon Insausti Donostiako alkatearen iritziz, «oso albiste ona» da Eusko Jaurlaritzak Bentaberriko etxeak erosi izana. Bizilagunek erakundeekin izan duten pazientzia eta konfiantza eskertu ditu, baita udala osatzen duten alderdiek gai horretan erakutsi duten batasuna ere: «Guztiok bat egin dugu Eusko Jaurlaritzari konponbide bat exijitzeko».

«Donostiarrok bat egiten dugunean gauza handiak egiten ditugu», esan du, aliantzen alde lanean jarraitzeko deia egin du, eta, amaitzeko, argi utzi nahi izan du ez dela «funts putreekin» lanean aritzearen aldekoa.

Dena den, sindikatuak azpimarratu du akordioaren letra txikia ezagutzea falta dela, jakiteko «erosketaren baldintzak zein diren, etxe horiek nola integratuko diren parke publikoan, eta, bereziki, maizterren baldintzak zein izango diren». LABek gogorarazi du Jaurlaritzak «bi aldiz» ordaindu dituela etxe horiek, eta «ehun milioi eurorekin gizendu duela Testa putre funtsa». 

Horregatik, sindikatuak uste du putre funtsen esku geratutako etxebizitzak desjabetu egin beharko lituzkeela Eusko Jaurlaritzak, eta etxe horien titulartasuna eta kudeaketa bere gain hartu beharko lituzkeela, kontratuak eta prezioak «egungo errealitate ekonomikora» egokituta. Horri buruz hitz egiteko, LABek asanblada ireki bat egingo du maizterrekin gaur, 18:30ean, Jose Maria Sert plazan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA