Hondarribiko Udalaren (Gipuzkoa) atzoko osoko bilkuran EAJk eta PSE-EEk berdintasun planaren kontrako botoa eman izana «oso larria» da, Jaizkibelen ustez. Lehen aldiz, alardearen inguruko gatazka txertatu du udal gobernuak planean, eta horregatik egin dute aurka jeltzaleek eta sozialistek. Hala, konpainia parekideak «paradoxikotzat» jo du bi alderdi horiek herrian eta Eusko Legebiltzarrean jokabide diferenteak izatea: «Parlamentuan Berdintasun Legearen alde bozkatu zuten, eta hartan argi esaten da jaietan gertatzen diren diskriminazioei aurre egin behar zaiela, baina Hondarribian, emakumeen parte hartzea ukatzen duten horien alboan jartzen dira».
EAJko eta PSE-EEko zinegotzien aurkako botoa izan arren, berdintasun plana aurrera atera zen atzo osoko bilkuran, Abotsanitzen eta EH Bilduren babesarekin. 124 jarduera jasotzen ditu planak, eta horietatik bi dira alardeari buruzkoak: batetik, gatazka konpontzeko bidean aurrera egitea, «berdintasunari lotutako auzi gisa ulertuta»; eta bestetik, alarde parekidearen alde eta emakumeen eskubideen defentsan aritutakoek pairatutako indarkeria aitortzeko moduak aztertzea.
«2026an ez litzateke albiste izan behar berdintasun plan batek Hondarribiko alardean izandako parekidetasunik ezari aurre egiteko neurriak jasotzea. Albistea, hain zuzen, 2026. urtera arte itxaron izana da»
JAIZKIBEL KONPAINIA
Jaizkibeleko kideak pozik agertu dira planarekin, baina nabarmendu dute berandu iritsi dela: «2026an ez litzateke albiste izan behar berdintasun plan batek Hondarribiko alardean izandako parekidetasunik ezari aurre egiteko neurriak jasotzea. Albistea, hain zuzen, 2026. urtera arte itxaron izana da». Izan ere, aurten 30 urte beteko dira emakumeak Irungo (Gipuzkoa) eta Hondarribiko desfileetan sartzen saiatu zirenetik, eta Hondarribiko Udala azken urteetan baino ez da saiatu gatazka kudeatzen, Abotsanitzek eta EH Bilduk udal gobernua hartu zutenetik. «Agerikoa da duela hiru urtera arte gure herria gobernatu dutenek ez dutela berdintasuna landu nahi izan, horrek, ezinbestean, herrian dauden gatazka nagusietako bati aterabidea jartzera behartuko lituzke eta», oroitu du Jaizkibelek.
Plana egiteko prozesuan Hondarribiko Emakumeak taldea «baztertu» dutela argudiatu zuten atzo EAJk eta PSE-EEk, egitasmoaren aurka bozkatu izana zuritzeko. «Bazterketa Jaizkibel konpainiakoek eta alarde herritar bat sustatu duten horiek jasan dugu urtez urte», erantzun du Jaizkibelek. Dena den, aurrera begiratzera deitu dute, eta berdintasun plana baliatzera, «egunero-egunero Hondarribi bizigarriagoa eta parekidea eraikitzeko, batzuek eraiki nahi duten gorrotoaren eta bazterketaren gainean».