Argia sariek badituzte sarituak. Gaur banatu ditu hedabideak komunikazioan egindako lanak goratzeko sariak, 37. aldiz. Hauexek sarituak: Jakin aldizkaria, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi ale bereziagatik; Enarak dokumentala; Antxeta irratia; Inguma datu basea; Aroztegiko elkartasun komitea, eta Zenbat Gara elkartea.
Gaur arratsaldean egin dute sariak banatzeko ekitaldia, Usurbilgo Atxega jatetxea (Gipuzkoa) jendez lepo zela. Bata bestearen atzetik igo dira sarituak Alaia Gaztelumendik ondutako oroigarria jasotzera; hain zuzen, horixe izan da aurtengo nobedadeetako bat, Antton Mendizabalen ordez Gaztelumendik egin baititu garaikurrak.
Prentsa saria izan da eman duten lehena. Jakin aldizkariarentzat izan da, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbaki bereziagatik. Argiak goraipatu du Azurmendirenganako «zubi lana» egin dutela, ia ehun kulturgileren gogoetak jaso dituztela eta irakurlea «galderen munduan» murgildu dutela.
Ikus-entzunezko saria, berriz, Enarak dokumentalarentzat izan da. Argia-ko lantaldeak goretsi du «intrahistoria ezezagun bat» erreskatatu dutela: «Protagonistek apaltasun harrigarriz hitz egiten dute gazte garaietan bizi izan zuten horri buruz, normala balitz bezala. Baina normala al zen, Francoren diktadurapean, seminarista talde batek rock psikodelikoa egitea? Zer eta euskaraz?». Halaber, nabarmendu dute euskal musikaren historiaren zati bat «txikitasunetik transmititzeko gaitasuna» izan dutela, gaia modu «originalean eta ausartean» aurkeztu dutela eta dokumentazio lan «aberatsa» egin dutela.
Antxeta irratiaren lana aitortu dute Entzunezko saria emanez. Argia-ko langileek bata bestearen atzetik eman dituzte horretarako arrazoiak. Azaldu dutenez, behar-beharrezkoa da eskuin muturrak hauspotutako diskurtsoei aurre egiten dien kazetaritza, eta, Argia-ren irudiko, horretan dihardu Antxeta irratiak. Bereziki aipatu dituzte Irungo auzokide patruila deitutakoen inguruan egindako ikerketa erreportajeak: «Segurtasunaren izenean kaleak patruilatzea helburu omen zuen herritar taldearen benetako izaera azaleratu du gaurko gure sarituak: taldearen barrunbeetan sartu da, eta agerian utzi du delituak prebenitzearen aitzakian, islamofobia, xenofobia eta gorrotorako bazka ezkutatzen direla bertan». Gainera, goretsi dute, oro har, kultur aniztasunari eta arrazakeriaren aurkako ahotsei lekua ematen dietela.
Interneteko saria UEU Udako Euskal Unibertsitatearen Inguma datu baseak eskuratu du. 25 urtean euskarazko ekoizpen zientifikoa biltzen ari da: 14.000tik gora egileren 48.000tik gora dokumenturen eta 220 erakunderen erreferentziak ditu. Argia-k zera saritu du: euskaraz egindako zientzia eta jakintza «zaintzea eta herritar guztien eskura jartzea» eta eduki akademikoa euskaraz sortzearen balioa aldarrikatzea eta bultzatzea.
Argia-k kanpaina bat ere goretsi ohi du urtero: Aroztegiko elkartasun komitearena goraipatu dute aurten, «elkartasuna eta salaketa mimoz, eraginkortasunez eta kemenez antolatzeagatik». Hain zuzen, Aroztegiaren aurkako epaiketaren harira, herritarrek elkartasuna eta sostengua eman zieten auzipetuei: «Boterearen eta diruaren babesa izan du Aroztegiko proiektu suntsitzaileak. Beste muturrean, karpa xume baina indartsu baten fereka norainokoa izan daitekeen ondo dakite auzian epaituak izan ziren zazpi lagunek».
Azkenik, Merezimenduzko saria Zenbat Gara elkartearentzat izan da. Hiru hamarkada bete berri ditu, «euskara bultzatzeko eta biziberritzeko lan nekaezinean»: «Euskarari eta euskal kulturari emandako bultzadak hiriko euskalgintzaren zentro bilakatu du gaurko saritua: urtean 2.000 euskara ikasle pasatzen dira bertatik, eta bertako kultur programazioak asetzen ditu euskaltzaleen gogoak; zer esanik ez euskara hutsean aritzen den hiriko komunikabide bakarraz, elkarte mitiko horren ganbaratik emititzen duen irratiaz».
'Argia', jauzia egiteko prest
Argia-k, sariak eman ez ezik, bere mezua ere zabaldu du. Azaldu dutenez, 2026an «jauzia» egin asmo dute, eta aletu dituzte proiektu berriak: Argia-ren hemeroteka berrituko dute, 100.000 argazki baino gehiago jarriko dituzte nornahiren eskura, Euskal Herriko zuhaitzei buruzko lan mardul bat eta turismoaz gogoetatzeko liburu bat argitaratuko dituzte...