Erantzun zabala izan du Arabako zahar etxe pribatuetako grebak, ELAren arabera

ELAk eta LABek lan hitzarmen propioaren alde antolatutako hiru greba egunetatik lehena izan da gaurkoa. ELAk patronalei egotzi die hala langileei nola diputazioari «presioa eta xantaiak» egitea.

Arabako zahar etxe pribatuetako langileen protesta Arabako Foru Aldundiaren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arabako zahar etxe pribatuetako langileen protesta Arabako Foru Aldundiaren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2025eko urriaren 22a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA eta LAB sindikatuek deituta, lan hitzarmen propio baten aldeko greba egiten ari dira gaur Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak. ELAk jakinarazi du lanuzteak erantzun zabala izan duela, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak ezarri diren. Bi sindikatuek hiru greba egun antolatu dituzte Arabako erresidentzia pribatuetan, eta gaur izan da horietako lehena; akordioa lortzeko pausorik eman ezean, azaroaren 4an eta 5ean ere grebara joko dute.

ELA sindikatuak ohar batean azaldu duenez, grebaren erantzun zabalak erakusten du langileek ez diotela amore emango patronalaren jarrera «immobilistari». Salatu du Arabako Foru Aldundiak eta zahar etxe pribatuak kudeatzen dituzten patronalek ez dutela borondaterik akordio bat lortzeko eta haren bidez langileen lan baldintzak eta soldatak hobetzeko. Are, sindikatuaren ustetan, patronalek ez dute beren gain hartzen lan baldintzak «prekarioak» izatearen erantzukizuna, eta  «presioa» eta «xantaia taktikak» erabiltzen dituzte bai langileekin eta bai diputazioarekin.

Zehar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginek elkarretaratzea egin dute goizean Arabako aldundiaren parean, eta, arratsalderako, berriz, manifestazio bat antolatu dute. Protestokin zera ari dira eskatzen: soldatak hobetzeko, lan karga apaltzeko eta lan baldintza egonkorren aldeko aurrerapausoak emateko. Zahar etxeetako langileak 2019tik ari dira borrokan eskaera horiek onartzearen alde, eta, ordutik, 50 greba egun baino gehiago egin dituzte.

ELAk uste du gatazka desblokeatzeko garaia dela, eta orain patronalei eta erakundeei dagokiela urratsak egitea: «Sektoreko langileek sobera erakutsi dute engaiatuta daudela egoiliarren zaintzan eta arretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.