Jaso ikastola zaharra eraitsiz gero han bizi diren etxegabeei laguntza emateko «prestatzen» ari da Iruñeko Udala

Ekintza Sozialeko zinegotziak azaldu du «ebazpen judizial baten zain» dagoela udala, eraikina husteko. Agindu hori helduko balitz, «ahalik eta pertsona gehien» artatzeko prest egonen lirateke gizarte zerbitzuak, «baliabideen arabera, betiere».

Jaso ikastolaren eraikin zaharra, Etxabakoitz auzoan. BERRIA
Jaso ikastolaren eraikin zaharra, Etxabakoitz auzoan. BERRIA
Ion Orzaiz.
2026ko urtarrilaren 26a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Udalak ez daki noiz eraitsiko duten Jaso ikastolaren eraikin zaharra, baina hasia da prestatzen, unea iristen denerako. Hori esan du Ekintza Sozialeko zinegotzi Txema Mauleonek, gaur, kazetarien galderei erantzunez: «Ebazpen judizial baten zain gaude oraindik [eraikin abandonatua botatzeko], baina prestatzen hasiak gara, etorkizunean eraikina hustu beharko balitz ahalik eta pertsona gehienei gizarte laguntza emateko, eskura ditugun baliabideen arabera».

Areago, Mauleonek esan du Ekintza Sozialeko alorra eta Iruñeko Udalaren gainerako zerbitzuak lanean direla une oro etxerik gabe direnen egoera konpontzeko: «Udal programa batean ala bestean tokia egin ahala, harrera egiten diegu Jason, Aranzadin edo horien gisako beste toki batzuetan lo egin izan duten etxerik gabeko pertsonei». Zinegotziaren esanetan, etxegabeei arreta ematea «lan jarraitua» da, etenik ez duena: «Beste kontu bat da garai batean ala bestean tokia izatea ala ez». Zehaztu duenez, lo egiteko 155 toki ditu Iruñeko Udalak urte osoan, eta hotz handieneko egunetan, berriz, berrehunetik gora.

Jaso ikastola zaharraren egoerari buruz, esan du behin baino gehiagotan batzartu direla Etxabakoitz auzoko bizilagunekin: «Hartu-emana joria eta jarraitua da, eta Ekintza Sozialeko alorra aspalditik ari da lanean pertsona horiei laguntza ematen dieten gizarte elkarteekin. Etxabakoizko auzo unitatea bera ere elkarlanean ari da gizarte entitate horiekin, gizarteratze programen alorrean». Mauleonek onartu du, hala ere, ez dutela data zehatzik auzoko eragileekin berriz biltzeko: «Bilerak oso ohikoak izan dira orain arte, eta eskatu diguten bakoitzean batzartu gara haiekin. Duela gutxi egin genuen azkena, auzoan bertan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.