Jaiotze tasaren apaltzea ondorio argiak izaten ari da, besteak beste, hezkuntza arloan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman toki handia dute itunpeko ikastetxeek, eta propio horiei begirako neurri bat jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzak: Hezkuntza Sailak 25,3 milioi euro jarriko ditu itunpeko eskolei jaiotze tasaren jaitsieraren ondorioekin laguntzeko. Gobernu kontseiluaren ondorenean eman dute erabakiaren berri; nabarmendu dute lehendik ere tankerako laguntzak eman dituztela eta horiek berritzera datorrela ebatzitakoa.
Esan dute laguntzaren bidez «enpleguari» eusteko eta sareko langileen artean «belaunaldi aldaketa» egiteko erabakiak hartu ahal izango dituztela itunpeko zentroek. Besteak beste, ikasgelak murriztearen ondorioz lanpostua galdu duten irakasleak beste lanpostu batean jartzen laguntzeko modua emango dute laguntzek. «Halakoetan, Hezkuntza Departamentuak beste lanpostu batean jarritako irakasleen antzinatasunari lotutako kostuak finantzatuko ditu, edo, hori ezinezkoa denean, dagozkien kalte ordainak eman», zehaztu dute.
Jaiotze tasa nola dagoen ikusita, tankerako neurriak ezinbestekoak direla nabarmendu dute. «Neurri horren bidez, eboluzio demografikoaren lan eragina minimizatu nahi da, eta irakasle taldeen egonkortasunari eusten lagundu; izan ere, hori funtsezkoa da ikastetxeen funtzionamendu egokirako eta ikasleei kalitatezko hezkuntza arreta hurbila emateko».
Errelebo kontratuen bidez erretiroak hartzeko bideak ere erraztu nahi dituzte laguntza hauen bidez. «Zehazki, Hezkuntza Sailak kontratu horietatik eratorritako Gizarte Segurantzako gainkostuak finantzatuko ditu», jakinarazi dute. «Neurri horren bidez, ikastetxeetan belaunaldi aldaketa bultzatu nahi da, irakasle gazteagoak sartzea erraztuz eta hezkuntza eraldaketaren erronkei aurre egiteko prestatutako irakasle taldeak mantentzen lagunduz».