Jaurlaritzak aldaketak ezarri ditu gizarte larrialdietarako laguntzetan

Udalek urte hasieran egin ahalko dute ordainketa, diru gehiena orain jasoko baitute. Jende gehiagorengana zabalduko dituzte laguntzak aurrerantzean.

Zero Pobrezia plataformak Barakaldon egindako ekintza bat, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Zero Pobrezia plataformak Barakaldon egindako ekintza bat, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
aitor biain
2026ko otsailaren 24a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak gizarte larrialdietarako laguntzak arautzen dituen dekretu berria onartu du, eta moldatu egin du diru laguntzak emateko modua. Gizarte bazterkeria eta muturreko pobrezia saihestea dute helburu, eta udalek eman ohi dituzte. Dekretu berriarekin, orain arte udaberrian egiten zen ordainketa aurreratu ahal izango dute, eta, ondorioz, Jaurlaritzak orain emango die udalei diru horren parterik handiena.

Aurten, iaz bezala, 41 milioi euro pasatxo jarriko ditu Jaurlaritzak gizarte larrialdietako diru laguntzetan, eta horietatik 37 orain banatuko zaizkie udalei, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak jakinarazi duenez. Gainerakoa, ia bost milioi euro, orain arte diru gehien jarri duten udalen artean banatuko da. Hain zuzen ere, otsaila amaitu aurretik aurkeztu beharko dituzte udalek iazko ordainketen egiaztagiriak.

Moldatu egin dira, halaber, alokairurako gizarte larrialdiko laguntzak jasotzeko irizpideak. Dekretu berriak zehazten baitu etxebizitza bakoitzeko gehienez bi bizikidetza unitateri emango zaiela, betiere ez badute bigarren mailara arteko familia loturarik. Hala dutenen kasuan, aldiz, bizikidetza unitate bakarrari emango zaio.

Horrez gain, sailburuak iragarri du diru laguntzak jende gehiagorengana zabalduko dituztela, adibidez, Trapezistak eta antzeko programetan parte hartzen ari direnengana. Sendirik ez duten gazteak gizarteratzea eta laneratzea erraztea da programa horren helburua. Alokairua ez ezik, argindarra, hipoteka edota oinarrizko beste behar batzuk ordaintzeko eska daiteke laguntza hori. 2011koa da orain indarrean dagoena, eta hori berrituko du dekretu berriak. Eudelekin eta udaletako gizarte zerbitzuekin elkarlanean landu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.