Jaurlaritzak beroaren kontrako plana abiatu du ikastetxeetan: lehen neurri gisara, toldoak jarriko ditu lau eskolatan

Askotariko moldaketak egin asmo dituzte ikastetxe publikoetan: aireztatzea hobetzeko jarduerak egitea, itzalguneak sortzea, patioak birnaturalizatzea eta aterpe klimatikoak jartzea.

Indautxuko eskola publikoko protesta (Bilbo). ARITZ LOIOLA / FOKU
Indautxuko eskola publikoko protesta (Bilbo). ARITZ LOIOLA / FOKU
2026ko abuztuaren 21a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoak klimara egokitzeko ekinaldi bat abiatu du, ikasleen eta profesionalen ongizatea hobetzeko asmoz. Hala, Hezigiro aurkeztu du, «konfort termikorako» plana. Berehala hartzeko lau neurri ditu: toldoak jarriko dituzte lau eskolatan. Bizkaikoak dira laurak: Barakaldoko Bagatza HLHI, Bilboko Luis Briñas-Santutxu BHI eta Pagasarribide IPI, eta Mungiako Legarda HLHI. «Premiazko» beharrei erantzuteko jarriko dituzte toldo horiek.

Joan den ikasturtearen amaieran bero handia izan zela eta, ikastetxe eta guraso askok «berehalako neurriak» har zitzala exijitu zioten Eusko Jaurlaritzari, ikasgeletako baldintzak hobetze aldera. Bilboko ikastetxe batzuetan, adibidez, 35 gradu ere izan ziren ikasgela batzuetan; legearen arabera, ordea, tenperaturak 17 eta 27 gradu artekoa izan behar du.

Besteak beste, planean aurreikusten diren aldaketak hauek dira: aireztatze jarduerak egitea, itzalguneak sortzea, patioak birnaturalizatzea eta aterpe klimatikoak atontzea. 

Hezigiro plana Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako hezkuntza sare publiko osora zabalduko da. Alabaina, eraikin bakoitzaren beharrak aztertu ondoren definituko da zein diren zentro bakoitzean esku hartzeko neurririk egokienak, eta jarduerak «progresiboki eta ikastetxe bakoitzaren beharren arabera lehenetsiz» egingo dira.

Azpiegiturak «modernizatu»

Hezigiro plana Jaurlaritzaren Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren parte da, hezkuntza azpiegiturak «modernizatzeko» ekinbide zabala baita. Estrategia horren bitartez, Hezkuntza Sailak indartu egin nahi du «kalitate handiagoko» hezkuntza guneak izateko konpromisoa: ikaskuntza eta ongizatea bermatzeko ikastetxeetan, eta sare publikoa klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA