Jaurlaritzak dio «errespetatu» egingo duela arlo publikoan aritzeko enpresei jarritako hizkuntza irizpideen aurkako epaia

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Jaurlaritzak ezin dizkiela funtzionarioen «baldintza linguistiko berberak» eskatu azpikontrataturiko enpresei. LABen esanetan, euskara betiko mendeko izan dadila nahi dute.

Maria Ubarretxena
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen agerraldia, gaur goizean, Gasteizen. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2026ko uztailaren 14a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia: Eusko Jaurlaritzak ezin dizkie funtzionarioen «baldintza linguistiko berberak» eskatu azpikontrataturiko enpresei sektore publikoan aritzeko. Ebazpenak erreakzio erreskada eragin du, Jaurlaritzarena berarena, besteak beste: «Epaitegiaren erabakia errespetatuko dugu». Jaurlaritzak berak jarri zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurkako helegitea, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez dio arrazoirik eman, eta, orain, ebazpena behin betikoa da.

Maria Ubarretxena bozeramailea mintzatu da Jaurlaritzaren izenean. Haren esanetan, euskarak «izugarrizko bizitasun kulturala eta soziala» du, eta Jaurlaritzak horren gainean eman nahi du «hurrengo pausoa». Zehaztu du, halaber, ez dutela nahi euskararen inguruko «polemikarik», ezta euskara prozesu judizialetan egoterik ere: «Euskarak adostasunak behar ditu, eta polemika gutxiago».

Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak sare sozialen bidez gaitzetsi du epaia: «Berriz ere euskararen eta gaztelaniaren arteko egiturazko desberdintasuna zuzentzea xede duen hizkuntza politika aktiboaren aurkako oldarraldia da». Eta nabarmendu du hizkuntza bat ofiziala izateak zera esan nahi duela: «Erabilera normaleko hizkuntza da, eta egiazko berdintasuna zera da, gehiago behar duenari gehiago ematea».

Ildo bertsutik jo du LAB sindikatuak ere. Salatu dutenez, gisako epaien bidez, euskara betiko mendeko izan dadila nahi dute, eta sindikatuak uste du agerian geratu dela euskarari «ziurtasun juridikoa» emateko beharra.

Hiru puntu bertan behera

CCOOren helegite batean du abiaburua auziak. Orain hiru urte onartu zituen Eusko Jaurlaritzak administrazio orokorrean eta «hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan» hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak, eta haren aurka egin zuen sindikatuak. EAEko Auzitegi Nagusiak ontzat jo zuen helegitea, eta, horrela, atzera bota zituen Jaurlaritzaren testuko hiru puntu, hain zuzen ere. Bat: 1.0.6 puntua. Jasota dago azpikontratatutako enpresek ere administrazio publikoan dauden «baldintza linguistikoak» bermatu behar dituztela; «lehen hitza» beti euskaraz egingo dutela langileek herritarrekin harremanetan daudenean; eta agiriak-eta herritarren hizkuntza hautua aintzat hartuta egin beharko dituztela. Bi: 2.2.3. Jartzen du C1 eta C2 euskara egiaztagiriak dituzten beharginek, euskaraz ikastaroak egiteko modua badago, hizkuntza horretan egingo dituztela. Eta: 2.2.5. Atal horretan jasota dago langileek euskara ezagutza egiaztatua badute euskarazko agiriak ez direla itzuliko gaztelaniara. Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri zion EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai horri, baina Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren ondorioz, horiek guztiak bertan behera geratu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA