Jaurlaritzak dioenez, osasun itunean ezarritako ekinbideen erdiak baino gehiago abian dira jada

Itunean jasotako 332 ekinbideetatik, %44 hasita daude, eta %7, «oso aurreratuta». Apirilean egingo dute berriro osasun mahaiaren bilera, itunaren garapena zertan den azaltzeko.

Alberto Martinez sailburua, atzean Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia duela, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Alberto Martinez sailburua, atzean Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia duela, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko abenduaren 29a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainaren 27an onartu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistema publikoa eraberritzeko osasun ituna, eta orain, sei hilabete geroago, ituna abian jartzeko fasea zertan den azaltzeko agerraldia egin du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Estreinako aldiz, sailaren zuzendaritza osoa agertu da hedabideen aurrean, eta, Alberto Martinez sailburuarekin batera, arlo bakoitzeko arduradunek eman dituzte ituna gauzatzeko moduaren inguruko xehetasunak. 24 ildo estrategiko identifikatu zituzten prozesuan, eta itunean 332 ekinbide eta 705 neurri zehatz proposatu. Sailak emandako datuen arabera, ekinbide horietatik erdiak baino gehiago abian daude jada; zehazki, %44 erdibidean daude, eta %7, berriz, «oso aurreratuta».

Gainerako ekinbideei dagokienez, Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendari Ines Gallegok esan du 52 ekinbide, hots, ekinbide guztien %16 «planifikazioaren zain» daudela, eta beste 108 (%33) planifikatuta daudela baina oraindik ez dituztela abiarazi, zain daudelako bestelako aldagai batzuekin zer gertatuko. Hori da, adibidez, gaixotasun arraroen estrategiaren kasua; Osasun Sailak planifikaturik dauka, baina zain dago Espainiako Osasun Ministerioak berea noiz definituko, hura ezartzen hasi ahal izateko.

Orain arte garapenik handiena izan duten ildo estrategikoak honako hauek izan dira: onkologia, gaixotasun kardiobaskularrei buruzkoa, kronikotasuna, osasunaren digitalizazioa, pertsonen politika eta osasun azpiegiturak. Osasun Sailak espero du datorren urtearen amaierarako neurrien %44 guztiz ezarrita egongo direla.

Martinez sailburuaren esanetan, ituna onartzearekin batera «beste aro bat» ireki da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasungintza publikoan, eta horrek bi helburu ditu: «Osasun sistema indartu nahi dugu, baina, aldi berean, sistema bera eraldatu nahi dugu, paradigma aldaketa bat eraginda». Haren esanetan, ituna ez da «itxiera data duen dokumentu bat», ezpada beharren arabera egokituz joango den «akordio bizi bat».

Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok eman du ekainaren 27tik hona egindako urratsen berri. Esan duenez, ituna itxi eta berehala bilerak egin zituzten prozesuaren dinamizatzaileekin eta pazienteen elkarteekin, eta bestelako bilkurak ere egin dituzte profesionalekin, ituna ezartzeko bideak aztertzeko. Haren esanetan, garrantzi berezia izan zuen abenduaren 16an egindako bilerak, non osasungintza publikoko 600 profesionalek baino gehiagok parte hartu zuten.

2026an, prozesuak ez du etenik izango: «Urtarriletik aurrera osasun zentro guztietara iristea da gure asmoa, eta, horretarako, lantegiak antolatuko ditugu, profesional guztien parte hartzea ezinbestekoa izango baita», azaldu du Bilbaok.

Gainera, apirilean osasun mahaiaren bilera egingo dute berriro, eragileei azaltzeko zertan den ituna abian jartzeko lana. Prozesuan parte hartu zuten eragile guztiei egingo diete mahai horretara joateko gonbidapena, baina, Martinezek zehaztu duenez, deialdi «irekia» izango da, eta desadostasunen ondorioz prozesuan parte hartzeari utzi zioten eragileek ere izango dute, nahi izanez gero, hara joateko modua.

Egituretara eta antolatzeko moduetara ere iritsiko dira aldaketak, aro berriari ekin ahal izateko. Ituna sinatu eta berehala aldaketak egin zituzten sailburuordetzetan, eta Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusi izendatu zuten. Aurrerantzean ere aldaketa gehiago izango dira: Osakidetzak beste bi zuzendaritza izango ditu, bata osasun mentalarekin eta eremu soziosanitarioarekin lotuta, eta bestea proiektu estrategikoak eta komunikazioa landuko dituena. Garapen eta Prestakuntzako Zuzendaritzaordetzak izena aldatuko du, eta aurrerantzean Osakidetzako hizkuntza politika hartuko du bere gain.

Lankidetza publiko-pribatua

Lankidetza publiko-pribatuak, hau da, osasungintza publikoan elkarte pribatuek duten esku hartzeak tirabira handiak sortu zituen osasun ituna marrazteko eztabaida prozesuan, eta horren inguruko desadostasunek ekarri zuten zenbait eragilek ituna ez babestea. Aritz Uriarte Osasuneko Gobernantza eta Jasangarritasun sailburuordeak eman du alor horretan egindako urratsen berri. Esan duenez, batzorde bat lanean ari da Osakidetzak enpresa pribatuekin dituen kontratu guztiak aztertzeko, eta asmoa da, itunean ezarritako irizpideari jarraikiz, elkarte pribatuek duten parte hartzearen ehunekoa ez handitzea. Uriarteren esanetan, irizpide hori bete egingo da 2026an; eman dituen datuen arabera, gaur egun portzentaje hori %6,1ekoa da, eta espero dute datorren urtean %5,6 izatea.

Abian dauden edo laster batean abiaraziko dituzten beste zenbait neurri ere iragarri dituzte: EAEko Plan Onkologiko Integrala garatzea, Bihotz Gutxiegitasunaren Ibilbidea hedatzea, Whatsapp kanal bat irekitzea herritarrei informazioa emateko, lehen arretako aginte koadroa hedatzea, lehen arretako taldeetan psikologo sanitarioak sartzea, Errioxako ESIan (Araba) iktus ondorengo arreta indartzea, gaixotasun larriak edo terminalak dituzten adingabeei arreta emateko Haursare proiektua sustatzea eta abar.

Osakidetzaren segurtasun arduraduna kargugabetuta, unibertsitate ziurtagiria faltsutzeagatik

2023ko azaroan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu zenean, Osakidetzaren segurtasun arloko buru izendatu zuten J.J.Q.C. ertzaina. Kargu hori betetzeko, nahitaezkoa zen unibertsitate gradu bat izatea. Ertzain horrek EHUko Komunikazio eta Publizitate graduko ziurtagiri bat aurkeztu zuen, eta gerora faltsua zela egiaztatu dute. El Mundo egunkariak atzo argitaratutako informazioa berretsi du gaur Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak, hedabideen galderei erantzunda.Bilbaok azaldu duenez, Osasun Sailak egin ohi dituen berrikuspenetako batean ohartu ziren segurtasun buruak ez zuela unibertsitate ziurtagiririk. Aplikazio informatikoak antzemandako okerra egiaztatu nahian, Unibertsitateko Ziurtagirien Kontsultarako Zerbitzura (NISAE) jo zuten. Orduan berretsi zuten ertzainaren espedientean aipatzen zen ziurtagiri hori ez zela ageri datu basean. Agertzen zen agiria faltsua zen, nahiz eta Getxoko Udaleko funtzionario batek konpultsatu zuen. Salatutakoari galdetuta, aitortu zuen ez zuela unibertsitate gradurik eskuratu, eta abenduaren 11n kargugabetu zuten. Bilbaok adierazi duenez, kargutik kendu eta haren kontrako salaketa ere aurkeztu dute, dokumentazioa faltsutzeagatik.

Unibertsitate ziurtagiria ez ezik, salatutako ertzainak ez zuen kargu horri dagokion hizkuntza eskakizunik betetzen. Izan ere, zuzendaritza kargua izanik, C1 euskararen hizkuntza eskakizuna dagokio, baina Osasun Sailak ez zuen derrigortasun datarik ezarri. El Mundo egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, beste hautagairik ez zen aurkeztu, eta bera izendatu zuen Osakidetzako segurtasun buru. 61.000 euroko urteko soldata eta ibilgailu ofiziala izan zuen abenduaren 11n kargutik kendu zuten arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.