Etxebizitzak azkarrago eraikitzeko bideak errazten jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak. Azken hilabeteetan, Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, behin eta berriz esan du helburu dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.000 etxebizitza eraikitzea urtean, eta, gaur Bilbon, adierazi du produktibitatea hobetu eta epeak murriztu behar direla horretarako. Xede hori izango duen proiektu baten berri eman du: Eraiki Hub. Erakunde publikoak, eraikuntza enpresak, banketxeak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta trebakuntza zentroak bilduko dituen proiektu bat da, eraikuntza industrializatua garatzeko.
Sailburuaren arabera, etxea eskuratzeko modua izatea da gizarteak orain dituen erronka nagusietako bat; haren iritziz, eskaintza murritzegia da, «egiturazko defizita» dago, eta eskariak, berriz, gora egiten segitzen du. Azken urteetan eraikuntza erritmoa asko moteldu dela azpimarratu du: Jaurlaritzak esana du ezen, aurreikuspen demografikoen arabera, 100.000 etxebizitza eraiki beharko liratekeela datozen hamar urteetan, eta, egungo erritmoa ikusita —urtean 5.000 etxebizitza inguru eraikitzen dira—, pilatutako defizita handia dela.
«Eraikuntza enpresak estrategikoak dira etxebizitzaren erronkari aurre egiteko»
DENIS ITXASOÂ Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua
«Egiturazko presio» horretaz gain, Itxasok uste du lur eraikigarrien faltak eta «gehiegizko prozesu burokratikoek» eragin dutela eraikuntza erritmoa moteldu izana —hori malgutzeko, lege bat jarri zuen martxan Jaurlaritzak urtarrilean—, baita azken urteetan lehengaiak eta energia garestitu izanak, hornikuntza kateetan arazoak eduki izanak eta inflazioa eragin duten tentsioak piztu izanak.
Sailburuak azaldu du erakunde publikoek, testuinguru horretan, ezin diotela beren kabuz aurre egin arazoari, eta elkarlan publiko-pribatuan oinarrituta erantzun behar dela. «Etxebizitzaren arazoak badu konponbidea, baina elkarrekin egin behar dugu lan», esan du, banketxeei, zentro teknologikoei eta, bereziki, eraikuntza enpresei zuzenduta. Azken horiek «estrategikoak» direla nabarmendu du, «gakoak etxebizitzaren erronkari aurre egiteko».
Eraikuntzen industrializazioa
Horregatik, uste dut ezen, «eraikuntza sektore indartsu, berritzailea eta lehiakor bat izateko», beharrezkoa dela eredu bat izatea modua emango duena produktibitatea handitzeko, epeak murrizteko eta eraikuntzen kalitateko hobetzeko. Horren gakoa industrializazioa delakoan dago sailburua, horrek ahalbidetuko lukeelako eraikuntza prozesuen zati bat industria guneetan egitea, aurrez ekoitzitako osagaiak erabiltzea eta prozesuak estandarizatzea, besteak beste. Jaurlaritza Build:inn klusterrarekin eta Tecnalia zentro teknologikoaren elkarlanean ari da proiektua garatzen.
Eraiki Hub Madrilgo Rebuild azokan aurkeztuko dute, ostegunean. Ideia da, Itxasoren arabera, etxeak azkarrago, eraginkorrago eta jasangarriago eraikitzeko gaitasuna lortzea, «eraikuntza industrializatuarekin lotutako ekosistema guztia artikulatuta».
Lehenik eta behin, estandar tekniko bateratuak ezarriko dituen ziurtagiri bat garatuko dute, eta asmoa da trebakuntza ikasketa espezializatuak sortzea, tresna digitalak garatzea eta prozesu administratiboak egokitzea. «Funtsean, etxebizitzaren erronka garapen industrialerako palanka bihurtzeaz hitz egiten ari gara».