Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak berretsi dute Rosa Zarra biktima gisa aintzatesten dutela

Zarrari biktima izendapena kentzeko eskatu zuen Esan sindikatuak, eta, horren harira, Ubarretxenak eta Insaustik erantzun dute onartzen dituztela Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordeak dituen irizpideak biktimak izendatzeko.

insausti
Jon Insausti Donostiako alkatea Xabier Irazusta Rosa Zarraren alarguna agurtzen iragan larunbatean, plaka jartzeko egin zuten ekitaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko azaroaren 11
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bai Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak bai Jon Insausti Donostiako alkateak berretsi egin dute Rosa Zarra motibazio politikoko biktima izan zela eta izendapen hori eman behar zaiola. Halaxe erantzun diote Zarra biktima gisa ez aitortzeko Esan sindikatuak egindako eskaerari. Zarra 1995ean hil zen, ertzainen pilotakada batek eragindako zaurien ondorioz, eta Eusko Jaurlaritzak aitortu duen Ertzaintzaren lehen biktima da bera.

Gobernu bileraren osteko agerraldian, honako hau azaldu du Ubarretxenak kazetarien galderei erantzunez: 12/2016 legean, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoan, jasota dago balorazio batzorde bat osatu behar dela biktima horiek aitortzeko. Balorazio batzorde horrek aurtengo ekainean eman zion biktima izendapena Zarrari, eta Eusko Jaurlaritzak balorazio batzorde horren irizpideak onartzen ditu, Ubarretxenaren esanetan.

Insaustik ere ildo beretik jo du, Donostiako udal gobernuaren bilera amaitu ostean kazetarien aurrean egindako agerraldian: «Donostiak ez dio Rosa Zarraren memoriari uko egingo, ez dio plaka horri uko egingo, eta jarraituko du justizia, egia eta erreparazioaren bidean». Esan du Donostiako Udalak Jaurlaritzaren balorazio batzordearen erabakia errespetatu baino ez duela egin, «eta, batez ere, familiarekin lana egin du».

Insaustik gogora ekarri du Zarraren kasuan gainerakoetan erabilitako metodologia berari segitu diotela. Dagoeneko 36 plaka jarri dituztela esan du: ETAren biktimenen omenez, 29; Komando Autonomo Antikapitalistei lotuta, hiru; polizien biktimen omenez, bi; Batallon Vasco Españolari lotutako bat, eta DRILen omenezko beste bat. Insaustik gehitu du Zarra polizien biktima izan zela, ez du zehaztu ertzainen biktima izan zenik.

Esanek egindako eskaerak bizikidetza zailtzen duela gaineratu du. Donostiako Udalean ordezkaritza duten talde guztiek ekitaldi bateratu bat egin zuten atzo, Memoriaren Egunaren harira, eta Insaustik uste du hori dela bidea. 

«Onartezina»

Estatuen indarkeria jasan duten biktimen alde lan egiten duen Egiari Zor elkartearen irudiko, «onartezina» da Esanen eskaera. Haien ustez, Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuen artean Esan bigarren indarra izateak gogoeta eginarazi beharko lioke gizarte osoari. Izan ere, sindikatuak argudiatu du Rosa Zarraren kasuan ez zela epai judizialik egon, eta hori adierazi izana txarretsi dio Egiari Zor-ek: «Jarrera negazionista, autokritikarik eza eta erantzukizunik eza» agerian uzten ditu argudio horrek, elkartearen irudiko.

Zarraren kasuan epai judizialik ez egon izana justizia faltari egotzi dio, eta uste du gauza bera gertatu dela Iñigo Cabacas, Xuban Nafarrete, Xuhar Pazos eta Amaya Zabarteren kasuetan.

«Motibazio politikoko hainbat biktimari egia ukatu izanaren proba da lege bat abiatu behar izatea, balorazio batzorde batekin, ordura arte aitortu gabeko hainbat eta hainbat biktimak egia ofiziala jaso ahal izateko. Eskubide horrek lotura estua du ikerketa eraginkorrarekin eta informazio egokia eskuratzearekin. Eta hori, zalantzarik gabe, funtsezko elementua da ulertzeko zergatik aritzen garen lanean oraindik giza eskubideen urraketa askori eta poliziaren esku hartzeek eragindako heriotzei buruzko egia ezartzeko, besteak beste Ertzaintzak eragindakoei buruzkoa».

Hargatik, Ertzaintzaren arduradun politikoei eskatu diete «beharrezko neurriak har ditzatela pedagogia etikoa eta giza eskubideen aldeko hezkuntza sar daitezen polizia autonomikoaren akademietan eta polizia etxeetan».

zarraren sendiak jarritako plaka, belztua

Rosa Zarraren omenez haren sendiak jarritako plaka belztua agertu da gaur goizean, Sare Antifaxistak jakinarazi duenez. «Batzuek inpunitatea babestu eta estaltzen dute, eta beste batzuk ekintzara pasatzen dira», salatu du Sare Antifaxistak. Esan sindikatuak txarretsi egin du plaka horren kontra egin izana: «Onartezina da; jokabide horrek ez du Ertzaintza ordezkatzen, eta zintzotasunez hura defendatzen dugunok ere ez gaitu ordezkatzen». Esanek, halere, berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordearen kontrako kritika, hain zuzen, ez zelako epairik egon Zarra biktima gisa aitortzeko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.