Jaurlaritzak etxebizitza gastua handituko du gehien 2026ko aurrekontuan

Asteartean onartuko du aurreproiektua, baina lehendakariak kontrolerako saioan egin du iragarpena, Eusko Legebiltzarrean. Oposizioak neurri gehiago eskatu dizkio larrialdiari aurre egiteko.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur, politika orokorrari buruzko eztabaidan. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2025eko urriaren 24a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Segurtasun gaiez gain, etxebizitza izan da kontrolerako osoko bilkuraren beste gai nagusietako bat. Gobernuaren eta oposizioaren arteko desadostasunak agerian geratu dira gai horretan ere. EH Bilduk eraman du gaia Eusko Legebiltzarrera. Pello Otxandianok, datuak eskuan, gazteen emantzipaziorako adina atzeratzen ari dela ohartarazi du, besteak beste soldataren gero eta ehuneko handiago bat bideratu behar izaten dutelako hipoteka edo alokairua ordaintzera. Bada, «larrialdi egoerari» aurre egiteko, neurri gehiago eskatu dizkio oposizioburuak Eusko Jaurlaritzari: «Orain da politika publikoen unea».

Otxandianok Jaurlaritzari kritikatu dio, hala ere, gero eta zailagoa dela gobernuari gai horren inguruan oposizioa egitea, hura sostengatzen duten bi alderdiek jarrera «antagonikoak» dituztelako. Halere, aurrekontuak babesteko eskaintza berretsi die jeltzaleei eta sozialistei. EH Bilduk asteon egin dien proposamena ekarri du gogora, hamar urteren buruan «etxebizitza larrialdiari egiturazko irtenbide bat» emateko. Koalizioak eskaintza egin zien Jaurlaritzaren eta hiru foru aldundien aurrekontuak babesteko, baldin eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak aintzat hartzen badituzte.

Lehendakariak erantzun dio, ordea, Jaurlaritzak oraindik ez duela proposamen hori ofizialki jaso. Kritikatu dio sare sozialetan eta hedabideen bidez zabaldu zutela, eta gogorarazi orain arte ez dietela egin etxebizitzari buruzko proposamenik uztailaz geroztik aurrekontuei buruz hitz egiteko egindako bileretan. Bada, Pradalesek Otxandianori leporatu dio etekin politikoa lortu nahi izatea, bi alderdien arteko ezberdintasunetan azpimarra eginda.

Edonola ere, lehendakariak adierazi du 2026ko aurrekontuek «gizartearen oinarrizko eskariei» erantzungo diela, eta, beraz, etxebizitza «lehentasun» izango dutela, inkesten arabera hori baita orain herritarren kezka nagusia. Ez du daturik eman, baina iragarri du etxebizitzarena izango dela gehien haziko den saila, hots, Denis Itxasok zuzentzen duen sailarena. Datorren asteartean onartuko du Jaurlaritzak bere aurrekontu proposamena, eta Eusko Legebiltzarrera igorriko du gero.

Hain justu, Itxasok ere saioa baliatu nahi izan du berak zuzentzen duen sailaren jardunari buruz hitz egiteko. PSE-EEren galdera bati erantzunez, etxe babestuen eraikinetan solairu gehiago eraikitzeko neurriaz jardun du sailburuak; joan den martxoan iragarri zuen neurri hori. Iragarri du gobernuak sei proiektu pilotu jarri dituela martxan: horietako bi Gasteizen daude; beste bi, Bilbon; eta, gainerakoak, Leioan (Bizkaia), Mutrikun eta Arrasaten (Gipuzkoa). 

Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 2.000 etxe egiteko aukera emango du neurri horrek. Denera 65 etxebizitza eraikin egokituko dituzte, eta, horri esker, «hirukoiztu» egingo da gazteei zuzendutako etxebizitza publikoen kopurua. Eraikuntza modu jasangarriak erabiliko ditu gobernuak horretarako, zurezko moduluak erabilita. Urte amaierarako aurreproiektuak eginda izango dituztela esan du sailburuak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.