Jaurlaritzak hogei hilabetera arteko aseguru estaldura eskainiko die alokairua ordaintzen ez dieten etxejabeei

Alokaplus aseguru programa jarriko du martxan. Doakoa eta publikoa izango da, baina jabeen eta maizterren oniritzia beharko da. Soilik tentsio handiko eremuetan aplikatu ahal izango da.

Alokairu eskaintza bat, Donostian. JON URBE / FOKU
Alokairu eskaintza bat, Donostian. JON URBE / FOKU
aitor biain
2026ko urriaren 13a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxejabe partikularrek eta etxe agentziek adierazi izan dute etxebizitzak alokairuan ez jartzearen oztopo nagusietako bat maizterrek errenta ez ordaintzea dela; beldur dira maizterrek alokairua ordaintzeari utziko ote dioten eta etxebizitzan kalterik eragingo ote duten. Bada, kezka horri erantzun asmoz, Eusko Jaurlaritzak aseguru programa bat jarriko du martxan: Alokaplus. Doakoa eta publikoa izango da, eta hogei hilabetera arteko estaldura eskainiko du. Azaroan jarriko dute indarrean, aldizkari ofizialean argitaratu ondotik.

Jaurlaritzak gaurko gobernu bileran onartu du tresna berria, eta helburua da tentsio handiko eremuetan etxebizitzak alokatzen dituzten jabe txikiei bermeak eskaintzea, gisa horretan hutsik dauden etxebizitzak alokairuaren merkatura ateratzeko eta eskaintza areagotzeko. Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak adierazi duenez, eskari handiko eremuetan hutsik dauden 25.000 etxebizitzetako asko «desblokeatu» nahi dituzte; ez du zehaztu, ordea, zenbat diren zehazki.

Aseguru programaren garrantzia azpimarratu du sailburuak, hala ere: «Aseguru honekin jabeei berme bat eskaini nahi diegu. Errenta ez ordaintzearen edo kalteak izatearen arazoa bere gain hartu ordez, gobernuak esku hartuko du». Horrez gain, sailburuak azaldu du litekeena dela erreferentziazko prezio indizearen gainetik dauden alokairu kontratuak «prezio eskuragarriagoetan» jartzen laguntzea, programaz baliatzeko ezinbestekoa baita alokairuaren zenbatekoa erreferentziazko mugetara egokitzea.

Kontratu guztiei zabaldua

Kontratu berriei ez ezik, jada indarrean direnei ere aplikatu ahalko zaie. Nolanahi ere, baldintza batzuk bete beharko dira horretarako. Batetik, soilik tentsio handiko eremuetan dauden etxebizitzek izango dute estaldura hori izateko aukera, eta jabeen eta maizterren oniritzia beharko da —konpromiso agiri bat sinatu beharko dute, eta fidantzen erregistroan aurkeztu—. Bestetik, gehienez bost etxebizitzaren jabe diren pertsona fisikoek izango dute programan parte hartzeko aukera, eta ohiko etxebizitza gisa alokatuta izan beharko dituzte.

Modu horretan, Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu ordaindu gabeko errentak, baita jabeak ordaindu behar izan dituen horniduren eta konponketen zenbatekoa ere. Oro har, administrazioak hamalau hilabetez hartuko ditu bere gain gastu horiek, baina hogei hilabeteraino ere luzatzeko aukera dago, errentariak 35 urte edo gutxiago edo 65 baino gehiago baditu, guraso bakarreko familia unitate bateko kide bada, edota bizikidetza unitateko kide bat adingabea bada edo desgaitasunen bat badu.

«Jabeen babesa, bermea, segurtasuna eta lasaitasuna areagotu nahi ditugu, funtsezko baldintzak baitira etxebizitza gehiago merkatura atera ahal izateko»

DENIS ITXASO Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua

Aseguruak hilabete bakoitzeko estaltzen duen zenbatekoak ezingo du kontratuan hitzartutako errenta gainditu, ezta alokairuaren Espainiako erreferentzia sistemaren arabera aplikatu beharreko muga ere. Erreferentzia horiek aplikatzea ezinezkoa denean, udalerriari dagokion hileko batez besteko errentaren %95 hartuko da erreferentziatzat. Hori bai, estaldura ez da berehalakoa izango: salaketa jarri eta epaileak tramiterako onartu ondoren jarriko da martxan, etxebizitza berreskuratzeko prozesua hasi edo amaitu ondoren.

Orduan administrazioak erreklamatuko dio dirua maizterrari. Hala zama arinduko diote etxearen jabeari maizterraren betebeharra alboratu gabe. Sailburuak nabarmendu duen gisan, Jaurlaritzak partikular batek baino baliabide gehiago ditu halako erreklamazioak egin ahal izateko: «Jabeen babesa, bermea, segurtasuna eta lasaitasuna areagotu nahi ditugu, funtsezko baldintzak baitira etxebizitza gehiago merkatura atera ahal izateko».

Hasieran Jaurlaritzak 250.000 euroko diru sail bat gordeko du aseguru programa martxan jartzeko, baina heldu den urtetik aurrera bi milioi euroko aurrekontua izango du urtero. Itxasok gogora ekarri du diru hori ez dela gastu bat, administrazioak aurreratzen duen diru hori berreskuratu egingo duelako gero.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA