Ikasle gehiagok PISAko probak euskaraz egin izanari egotzi dio Jaurlaritzak emaitzak kaskartzea

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, PISAko eta ebaluazio diagnostikoko emaitzez aritzeko. ISEIko zuzendari Eduardo Ubietak lotu ditu euskara eta emaitza kaskarrak.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak, gaur goizean, Hezkuntza Batzordean. RAUL BOGAJO / FOKU
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak, gaur goizean, Hezkuntza Batzordean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko urriaren 5a
15:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

«PISAko emaitzak txarrak izan dira, eta horren ardura hartzen dugu, baina ikastetxeekin buru-belarri lanean ari gara aurreko ikasturtetik [emaitzak hobetzeko]». Horixe Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin duen agerraldiaren laburpena. Hezkuntza Saileko ordezkariek PISAko eta ebaluazio diagnostikoko emaitzak izan dituzte hizpide, eta Pedrosak onartu, onartu du emaitzak ez direla nahi eta espero zituztenak; alta, bata bestearen atzetik zerrendatu ditu horiei aurre egiteko hartutako neurriak.

Baina zer dago emaitzak okertu izanaren atzean? Euskara aipatu du ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen zuzendari Eduardo Ubietak —Eusko Jaurlaritzaren parte da ISEI—. Haren esanetan, frogatuta dago ikasle batek bere etxeko hizkuntzan hobeto erakusten duela zein jakintza dituen, eta, hain zuzen ere, horrexek eragin duela emaitzetan. Hots, azaldu du Eusko Jaurlaritzak ikastetxeei iradokitzen diela PISAko azterketak ikasleek beraien etxeko hizkuntzan egin ditzatela, baina, haren esanetan, eskolek ez dute jarraibide hori «oso ondo ulertu» izan, eskolak euskaraz eman baina kanpoko azterketa horiek gazteleraz pasatzeko eskatzeak ikasleei «okerreko mezua» ematen zitzaielakoan. Jaurlaritzaren jarraibideak jarraibide, aurten ikasle gehiagok pasatu dituzte etsaminak euskaraz, nahiz eta beraien etxeko hizkuntza ez izan hori: 2022an, %22 izan ziren; 2025ean, %45. Eta, hain zuzen, horri egotzi dio emaitzak okertzea: ziurtatu du emaitzak orain jaitsi direnaren erdia jaitsiko ziratekeela ikasleek azterketak etxeko hizkuntzan egin izan balituzte. Adibide bat jarri du: Matematikan hogei puntu jaitsi badira —kopuru hauek ez dira zuzenak, adibide bat baino ez da— , hamar jaitsiko ziratekeen ikasleek azterketak beraien etxeko hizkuntzan egin izan balituzte.

Pedrosak ez du halakorik aipatu. Kontrara: ez du murgiltze eredua egin emaitzen erantzule, eta nabarmendu du hura «indartu» beharra dagoela: «Guk mahai gainean jarri dugu murgiltze eredua sakondu behar dela: tresna berriak behar ditugu, laguntzeko eta erabakiak hartzeko". Esan du, besteak beste, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin beharko duela, eta horiek lagunduko dutela emaitzak hobetzen.

«Guk mahai gainean jarri dugu murgiltze eredua sakondu behar dela»

BEGOÑA PEDROSA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

Nola egin aurrera

Euskaraz harago, beste zenbait aldagai ere izan dituzte hizpide. Lehenengo, zera zehaztu du Pedrosak: «Datuek hezkuntza sistema hobetzeko tresna izan behar dute, ez errealitate konplexu bat sinplifikatzeko». Hortik abiatuta aletu ditu Hezkuntza Sailak orain arte egindakoa eta hemendik aurrera dituen proposamenak, baina beti gogoan izanda ezin dela azalpen sinplistarik eman eta aldagai asko hartu behar direla kontuan.

Irakurketa; horixe izan da kezka iturri nagusietako bat, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasleek 2022an baino 47 puntu gutxiago atera baitituzte. Hori horrela, sailburuak esan du irakurketa «lehentasuna» izan behar dela irakasgai guztietan, eta, horrenbestez, irakasgai guztietan astean 30-55 minutu bideratu beharko dituzte irakasgai horrekin lotutako jakintzen inguruan irakurtzera. Halaber, Ikastetxe guztiek identifikazio goiztiarreko tresnak aplikatu beharko dituzte, eta «erantzun pedagogiko espezifikoak" martxan jarri beharko dituzte irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleentzat. Eta neurriak martxan jarri ez ezik, ebaluatu ere egingo dituzte: eskola guztiek gaitasun hori beren-beregi ebaluatuko dute LH2n, LH5en eta DBH1en.

Eta pantailen gehiegizko erabilera; horixe izan da zenbaitentzat emaitza txarren erantzule nagusia. «Ikastetxe guztietan pantailen erabilera aztertuko dugu, jarraibide zehatzak emateko», agindu du sailburuak. Eta gehitu du: «2026-2027ko ikasturtean, pantailen erabilera orekatu, kontziente eta egokiari buruzko lanean murgildu gara, ikastetxeekin eta familiekin batera, ebidentziatik abiatuta».

Oposizioa, autokritika eske

Oposizioko alderdiek ere hartu dute hitza Hezkuntza Batzordean. EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek autokritika galdegin dio sailburuari: «Autokritika eta autoexijentzia eskatzen dugu, eta hori ere ez dugu ikusi gaurko agerraldian». Hezkuntza Sailari laguntzeko prest agertu da, baina horretarako abaguneak galdegin ditu. Halaber, nabarmendu du euskara ez dagoela emaitzen erantzule egiterik. «Euskararen kontrako oldarraldiak hezkuntza sistemara salto egin du».

Onberagoa izan da PSE-EEko Estibaliz Canto. Ziurtatu du PISAren emaitzek «irakurketa zorrotza» eskatzen dutela eta begiratu behar dela azterketa egiteko erabilitako hizkuntzak zenbateraino eragiten duen; alabaina, adierazi du, esaterako, sailburuak digitalizazioaz esandakoak «lasaitu» egiten duela.

Sumarrek, berriz, eskola publikoa indartzeko eskatu du, eta PPk murgiltze eredua zalantzan jarri du behin eta berriz.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA