Jaurlaritzak laguntza eskatu die inbestitzaileei etxebizitzaren auzian: zortzi urtean alokairurako 10.000 etxe eraiki nahi ditu

Etxebizitzen Gizarte Funtsa aurkeztu du gobernuak: etxebizitzak eraiki nahi dituzte «erdiko klasearentzat neurrizko prezioan» alokagai jartzeko, «aliantza publiko-pribatuaren» bidez. Etxe babestuak izango dira, baina ez ditu Alokabidek kudeatuko.

D'Anjou, Pradales eta Itxaso gaur, funtsaren aurkezpen ekitaldian, Bilbon. IREKIA
D'Anjou, Pradales eta Itxaso gaur, funtsaren aurkezpen ekitaldian, Bilbon. IREKIA
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko irailaren 21a
15:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alokairuan «neurrizko prezioan» jartzeko 10.000 etxebizitza eraiki nahi ditu Eusko Jaurlaritzak zortzi urtean. Eta horretarako bi urtean 2.000 milioi euro bildu behar dituenez, laguntza eskatu die inbestitzaileei, egitasmoan inplika daitezen eta dirua jar dezaten, «luzera begirako errentagarritasun neurritsu» baten truke. Horretan datza Etxebizitzen Gizarte Funtsa, «aliantza publiko-pribatuan» oinarrituta 2027an martxan jarri nahi duten tresna berria: kapitalaren %30 Jaurlaritzak jarriko du, lurzorua eta etxebizitzak publikoak izango dira, baina «gobernantza pribatua» izango du, hau da, inbestitzaileek kontrolatuko dute, eta, besteak beste, alokairuak ez ditu Alokabidek kudeatuko.

Orain hilabete batzuk eman zuen gobernuak etxebizitza funtsa sortzeko asmoaren berri, baina gaur aurkeztu dute ofizialki, Bilboko Euskalduna jauregian, inbestitzaile izan daitezkeen eragileentzat prestatutako ekitaldi batean. Imanol Pradales lehendakariak, Noel d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak hartu dute hitza: hirurek nabarmendu dute etxebizitzarena «arazo sakona eta kezkagarria» dela, eta orain arteko politikak ez direla aski.

«Ezin diogu erronka honi aurre egin soilik baliabide publikoak erabiliz. Elkarlanean aritu beharra dago, besteak beste, herri honen garapenarekin konprometituta dauden finantza eragileekin»

NOEL D'ANJOU Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua

Hain zuzen, Pradalesek gogora ekarri ditu legegintzaldiaren lehen erdian etxebizitza politiketan emandako urratsak: «Asko egin dugu, baina ez da nahikoa. Irudimena erabili behar dugu, eta arriskatu: formula berritzaile bat ezarriko dugu». Itxaso: «110.000 etxe babestu eraiki ditugu 1983tik, baina eskaerak gainditu egin gaitu, eta betiko tresnekin ez gara iristen». D’Anjou: «Ezin diogu erronka honi aurre egin soilik baliabide publikoak erabiliz. Elkarlanean aritu beharra dago, besteak beste, herri honen garapenarekin konprometituta dauden finantza eragileekin».

Horixe da funts berriaren oinarria: Jaurlaritzak gutxiengoan (%30) eta batik bat inbestitzaile pribatuek jarritako diruarekin etxebizitzak eraikitzea, eta ondoren alokairuan jartzea «neurrizko prezioetan». Lurzorua gobernuak jarriko du, bertan eraikitzeko prest, «bestelako zama ekonomikorik gabe». Honela azaldu du Itxasok, BERRIAri egindako adierazpenetan: «Lurzoruak beti publikoak izango dira: azalera eskubideak 75 urterako emango dira, eta urte horiek pasatu ondoren, lurzorua eta gainean jarri diren etxebizitzak administraziora bueltatuko dira. Bitartean, etxebizitza horiek beti izango dira babestuak».

«Lurzoruak beti publikoak izango dira: azalera eskubideak 75 urterako emango dira, eta urte horiek pasatu ondoren, lurzorua eta gainean jarri diren etxebizitzak administraziora bueltatuko dira»

DENIS ITXASO Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua

Bizitoki horiei babes ofizialeko etxebizitzen araudia ezarriko zaie, baina ez ditu Alokabidek kudeatuko, baizik eta enpresa pribatuek, lehiaketa bidez ebatzita. Nola bermatuko dute alokairuaren prezioak neurrizko kopuruen barruan mantentzea? Jaurlaritzarekin proiektua landu duen AFI aholkularitzako ordezkari Enrique Martin Barraganek erantzun du: «Kudeaketa eta gobernantza pribatua izango da. Araudiak bermatuko du etxeek neurrizko prezioak mantenduko dituztela, eta arau esparrua gobernuak ezarriko du».

Abiatzeko prest dago funtsa, Itxasok nabarmendu duenez: abenduan hasiko dute lizitazio publikoa, eta datorren urtean jarriko dute martxan egitasmoa. Legegintzaldi bakoitzean 5.000 etxe eraiki nahi ditu gobernuak, eta dagoeneko identifikatuak dituzte lehen egitasmoak: bederatzi udalerritan 2.065 etxebizitza eraikitzea aurreikusi dute, 452 milioiko inbertsioa eginda.

«Erdiko klasearentzat»

Funtsaren bidez, helburua da bizitoki horiek «erdiko klaseari» alokatzea: urtean 25.000 eta 60.000 euro arteko diru sarrerak dituztenei. «Etxebizitza sozial bat lortzeko gehiegi irabazten dutenei, baina merkatu librean etxe bat alokatzeko gutxiegi», Itxasok zehaztu duenez. Izan ere, nabarmendu du etxebizitzaren arazoa jada ez dela «bazterrean daudenena» soilik: «Gure hiriek kanpora bidaltzen dituzte lana, prestakuntza eta soldata dituztenak ere». Soslai horrek, era berean, «segurtasuna» emango die inbestitzaileei, Martin Barraganen hitzetan: «Erdiko klase horiek errenta egonkorrak dituzte; ez dago ordainketetan atzeratzeko arriskurik».

 

2.065

Lehen fasean zenbat etxebizitza egingo dituzten. Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, bi mila bizitoki baino zertxobait gehiago eraikiko dituzte funtsaren lehen fasean. Bederatzi udalerritan egin asmo dituzte, tartean bi hiriburu: Gasteizen —Zabalgana auzoan—, 653 etxe; eta Bilbon —Zorrotzaurren, lau promoziotan—, 540. Horiez gain, Gipuzkoan hiru herritan eraiki nahi dituzte etxeak: Azkoitian, 111 etxe; Oiartzunen, 200; eta Errenterian, 45. Gainerako egitasmoak Bizkaian daude: Sestaon, 400 etxe; Portugaleten eta Santurtzin 32na; eta Bermeon, 52. AFI aholkularitzaren arabera, datorren urteko martxoan hasiko lirateke lehen etxeak eraikitzen, eta 2029ko udan amaituko; lehen faseko azken etxeak, berriz, 2036ko bukaeran amaituko lituzkete.

Inbestitzaileei begira, AFIko ordezkariak ohartarazi du ekarpenak egonkorrak izan behar direla: «Ulertu behar dute errentagarritasuna moderatua dela, eta epe luzerakoa». Ildo horretan, Itxasok esplikatu du funtsa ez dela «edozein» inbestitzailerentzat: «Higiezinen munduan etekin handiak espero dira, baina funts honek ez du halakorik emango: etekin mugatuak emango ditu, %6aren ingurukoak».

Ezaugarri horien barruan kokatu dituzte banku fundazioak —BBK, Kutxa eta Vital—, BGAE edo erretiro pentsio pribatuetarako funtsak, eta familia inbestitzaileak, esaterako. Horiei zuzenean mintzatu zaizkie Jaurlaritzako ordezkariak. D’Anjou: «Funts hau herri tresna bat da. Arrakasta zuen inplikazioaren araberakoa izango da, aukerak identifikatzeko zuen gaitasunaren araberakoa». Pradales: «Zuen bultzada behar dugu, parte hartzea, konpromisoa. Guztion indarra behar da herri erronka honi herri moduan erantzuteko».

NOLAKOAK IZANGO DIRA «neurrizko prezioak»?

Funtsaren etxeetan, alokairuaren zenbatekoak ezingo du diru sarreren %30 gainditu. AFI aholkularitzak hainbat kalkulu egin ditu, diru sarreren eta bizitokiaren tamainaren arabera. Hala, 27.000 euroko diru sarrerak dituztenek 467 euro ordainduko dute 50 metro koadroko etxe baten truke; 45.000 euro kobratzen dutenek, berriz, 680 euro, 70 metro koadroko etxe batean bizitzeko; eta 65.000 euro jasotzen dutenek, 822 euro, 90 metro koadroko bizitoki baten truke.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA