Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du abaletan lagunduko dietela lehenengo etxebizitza erosten dutenei. Izan ere, 144 milioi euro jarriko dituzte hipoteka bat eskatzen duten 18 eta 39 urte bitarteko herritarren abalean laguntzeko. Neurria uztailaren 8an onartuko dute, ezustekorik ezean.
Pradalesek Gasteizen eman du neurriaren berri, Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitza Legearen hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian. Nabarmendu duenez, etxebizitzaren arazoari erantzuna eman behar diote «gaur egungo erronka garrantzitsuenetariko bat» delako.
Abalek kutxei eta bankuei ziurtatzen diete mailegu eskatzaileak eskatutako dirua ordaindu ezean beste batek ardura hori hartuko duela; eta hor sartuko da Eusko Jaurlaritza. Hau da, eskatzaileak hipoteka eskatu eta ordaintzeari utziz gero, zati hori Jaurlaritzak ordainduko du. Hala ere, Jaurlaritzak ez du etxebizitza osoaren abala ziurtatuko; zati batena baizik: etxebizitzaren balioaren eta salerosketaren prezioaren aldea, hain zuzen. Alde horren %80 eta %100 bitartean estaliko du Gasteizko gobernuak.
Hau da, bankuek normalean estaltzen ez duten kopuruari heldu nahi dio Jaurlaritzak. Horren adibide bat eman du Pradalesek: «Mikelek 29 urte ditu, bere aurreneko kontratu mugagabea sinatu du, eta urtean 34.000 euro kobratzen ditu. Ezin izan du aurreztu bankuak estaliko ez dion prezioaren %20 hori. Hor sartuko da Jaurlaritza».
«Argi izan behar dugu denbora beharko dugula [etxebizitzaren krisia konpontzeko], eta egoera ezin duela soilik arlo publikoak konpondu»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Laguntza jasotzeko, bestalde, etxebizitzaren prezioak 340.000 eurokoa izan beharko du gehienez. Soldatak ere baldintzatuko du hipotekan laguntza hori jasotzea: pertsona bakar batek erosiko badu etxea, haren urteko soldata ezin da izan 50.400 eurotik gorakoa; eta, bi pertsonak elkarrekin erosiko badute, bi soldaten batuketa ezin da izan 86.400 euro baino gehiagokoa. Gainera, beharrezkoa izango da etxebizitzaren erosleak Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan eman izana laguntza eskatu aurreko bost urteetatik bi.
«Gizartearen eskakizun bati» erantzuna emateko modu bat dela esan du Pradalesek, eta proiektua erakunde publiko eta pribatuek elkarlanean aurrera eramatea goraipatu: «Etxebizitza alokairuan hartua duten hamar gaztetatik bederatzik iritzi diote behin-behineko egoera dela hori, eta etxebizitza bat erosi nahi dute». Entitate pribatuei egindako aipamena ez da zorizko erabaki bat izan, lehendakariak argi utzi baitu arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanean oinarritutako eredua dela etxebizitzaren krisiari aurre egiteko egokiena, haren ustez: «Gure esku dauden alderdi guztietan eragin behar dugu, betiere argi izanda denbora beharko dugula eta egoera ezin duela soilik arlo publikoak konpondu».
Beste neurri batzuk
Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren egungo egoerari aurre egiteko zehaztutako «gidalerroen» parte da abalen funtsa, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak adierazi duenez. Izan ere, Jaurlaritzak azken asteetan jakinarazi du zenbait neurri hartuko dituela arlo horretan: udalek emandako lurzoruarekin etxebizitza babestuak eraikitzeko erreserba bat osatzea, etxebizitza turistikoak mugatzeko neurriak ezartzea eta prozesu administratiboak laburtzea, besteak beste.
Itxasok alokairuen gaur egungo egoera gaitzetsi du, eta esan «ulertezina» dela energia eta halako sektoreak mugaturik egotea eta alokairua ez. Horren haritik, gaur jakinarazitako neurria ez da abalen inguruan Eusko Jaurlaritzak indarrean sartu nahi duen bakarra. Izan ere, adierazi izan du alokairuen abalak estaltzeko neurriak hartzeko nahia ere.