Jaurlaritzaren 90. urteurrena, egungo legebiltzarkideen begietan

1936tik 2026ra ametsezko soka bat botata, bi garaietako Eusko Jaurlaritzen testuingurua aztertu dute gaur oraingo legebiltzarkideek, eta azken urteetako bilakaeraz hitz egin dute, baita etorkizunaz ere.

Eztabaidan parte hartu duten legebiltzarkideak. Ezkerretik eskuinera: Adrian Fernandez (PSE-EE), Arkaitz Rodriguez (EH Bildu), Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Laura Garrido (PP) eta Jon Hernandez (Sumar). MAIALEN ANDRES / FOKU
Eztabaidan parte hartu duten legebiltzarkideak. Ezkerretik eskuinera: Adrian Fernandez (PSE-EE), Arkaitz Rodriguez (EH Bildu), Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Laura Garrido (PP) eta Jon Hernandez (Sumar). MAIALEN ANDRES / FOKU
inaut matauko rada
DONOSTIA
2026ko uztailaren 14a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer pentsatuko lukete 1936ko Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egungo autogobernuaren egoeraz? Galdera mardul horrekin ekin dio Javier Vizcainok eztabaida gidatzeari. Aurrean, EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko, PPko eta Sumarreko legebiltzarkideak izan ditu, lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenari buruzko EHUren Udako Ikastaroan, Donostiako Miramar jauregian. Legebiltzarrean ezin erantzi aritzen diren traje eta jantzi dotoreak alde batera utzi, zapatilak eta galtza bakeroak armairutik atera, eta egoera hipotetiko horretan jarri dute euren burua. Gazteleraz egin dute denek une oro, eztabaidak iraun duen 90 minutuetan.

Erdi hutsik zegoen areto batean, Vizcainok ordezkariei gogorarazi die aurrez bidalitako bost galderaren inguruan gidatuko duela eztabaida, baina ziurrenik ez zutela dena jorratzeko tarterik izango; hala ere, barre artean, moderatzaileak politikarien bertute bat goratu du: zehatzak izaten dakitela, eskatutakora mugatzea ikasia dutela.

«Poztasunez ikusiko lukete herri honen aitortza instituzional bat dagoela, eskubideetan aurrerapausoak izan direla»

JOSEBA DIEZ ANTXUSTEGI EAJko legebiltzarkidea

Sumar taldeko legebiltzarkide Jon Hernandez hasi da. Lehenik, gogorarazi du 1936ko Jaurlaritza plurala zela, eta, besteak beste, ordezkari komunistak zeudela orduan. Nabarmendu du ezinezkoa dela jakitea orduko ordezkariek gaur egun zer pentsatuko luketen, eta eztabaida osoan defendatu du autogobernuak ez duela «bere horretan helburu bat» izan behar, baizik eta herritarren eskubideak eta ongizatea bermatzeko tresna bat izan behar duela.

Denek nabarmendu dute 1936ko jokalekua eta 2026koa zeharo ezberdinak direla, baina antzekotasunak ere badirela nabarmendu du Joseba Diez Antxustegik, EAJko eledunak, uste baitu orduan eta orain etorkizunarekiko ezjakintasuna handia dela, eta Eusko Jaurlaritza babesleku izan zela orduan, eta orain ere badela. Horrez gain, orduan bezala, Diez Antxustegik esan du bizirik jarraitzen duen herri bat ikusiko luketela lehen Jaurlaritzako ordezkariek gaur egun biziko balira: «Poztasunez ikusiko lukete herri honen aitortza instituzional bat dagoela, eskubideetan aurrerapausoak izan direla, mundu osoan zehar ordezkaritzak dituen Eusko Jaurlaritza bat dagoela, erreferente diren instituzioak dituela».

«Parlamentu propio bat dugu, Polizia propio bat, kontzertu ekonomiko bat, fiskalitatea... eta batez ere, denon artean lortua»

ADRIAN FERNANDEZ PSE-EEko legebiltzarkidea

Laura Garridok, PPko ordezkariak eta saioan parte hartu duen emakume bakarrak, harro egoteko gauzak ikusiko lituzketela uste du, baina azkar atera du ETAren mamua; izan ere, uste du ez liratekeela harro egongo ETArekin, baina bai ordea haren kontra izandako «altxamendu zibilarekin». Arkaitz Rodriguezek hitz egin du ostean, eta onartu du aurrerapenak izan direla azken hamarkadetan, eta hori begi onekin ikusiko luketela. «Hala ere, lastima sentituko lukete ikusita autogobernua azken 50 urteetan sistematikoki urratua izan dela; ikustea besterik ez dago oraindik badaudela eskumen batzuk transferitzeko», azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak, gogoraraziz orduan Eusko Jaurlaritzak txanpon propioa jaulkitzen zuela, eta armada propioa zuela.

«[1936ko Jaurlaritzako ordezkariek] Lastima sentituko lukete ikusita autogobernua azken 50 urteetan sistematikoki urratua izan dela»

ARKAITZ RODRIGUEZ EH Bilduko legebiltzarkidea

Adrian Fernandezek, PSE-EEko hautetsiak, azaldu du 1936ko Eusko Jaurlaritzak «egiteko beste gauza» batzuk zituela; errefuxiatuak artatzea, adibidez. Baina uste du pozik egongo liratekeela: «Parlamentu propio bat dugu, Polizia propio bat, kontzertu ekonomiko bat, fiskalitatea... eta, batez ere, denon artean lortua», esan du, eta, eztabaidaren punturik zabalena aurreratuz, gogorarazi du autogobernuak jendearen babesa duela ongizatea bermatzen duelako: «1936. urtean ere hori zen helburua».

Autogobernua eta ongizatea

Autogobernuaren funtzioaz luze mintzatu dira bost hizlariak, eta, gauza askotan bat datozen arren —esaterako, kudeaketa onak inpaktu positiboak dituela herritarrengan—, bi ikuspegi nagusitu dira: alde batetik, uste dutenak autogobernuaren bertutea soilik herritarren ongizatea bermatzeko ahalmena dela, Espainiako hiru alderdiek defendatua; eta, bestetik, aurrekoaz gain nazio bat ere ordezkatzen duela. Azken horretan sartzen dira Diez Antxustegi eta Rodriguez. EAJko legebiltzarkideak hala laburtu du: «Autogobernua nahi dugu hobeto bizitzeko? Bai, baina baita gure identitatea zaintzeko ere, hemen herri bat dagoelako, eskubide nazional bat duelako».

«Beste batzuk hobeto ari dira erabiltzen beren ahalmena, nahiz eta gurea baino urriagoa izan; Madril, adibidez. Inbertsio eta talentu asko erakartzen ari dira»

LAURA GARRIDO PPko legebiltzarkidea

Rodriguezek argudiatu du autogobernuak edo «subiranotasunak» ez duela zertan ongizatea ekarri: «Espainiak autogobernu eta subiranotasun handiagoa du, baina, PP eta Vox gobernuan baleude, izugarrizko atzerakada izango litzateke». Hala ere, garbi du erabakitzeko ahalmenik gabe Euskal Herria «mugatuago» egongo litzatekeela eta ezingo lukeela horrenbesteko ongizaterik eskaini. Hala ere, egiteko asko dagoela gogorarazi du: «Gaur egun, euskal herritarrek ezin dute lanbide arteko gutxieneko soldata bat adostu; ezin ditugu pentsio propioak ezarri, tituluak homologatu...».

Rodriguezen hari beretik jo du Hernandezek, baina uste du borroka sozialari ere garrantzi handia eman behar zaiola: «Komunistok autodeterminazio eskubidea defendatu izan dugu, baina beti esan dugu txanpon baten bi aurpegi direla, bereizezinak: nazio ikuspegia eta borroka soziala. Eskumenak izatea ondo dago, baina ez da nahikoa». Fernandezek ere bat egin du azken ideia horrekin, uste baitu eskumenak lortzea garaikur bat erakustea baino gehiago dela: «Eskumen guztiek ongizatea ekarri behar dute, ezin dira trofeo hutsa izan».

«Komunistok autodeterminazio eskubidea defendatu izan dugu, baina beti esan dugu txanpon baten bi aurpegi direla, bereizezinak: nazio ikuspegia eta borroka soziala»

JON HERNANDEZ Sumar taldeko legebiltzarkidea

Azkenik, Garrido kritikoagoa izan da egungo egoerarekin, eta uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia jada ez dela hain indartsua Espainiako autonomia erkidego batzuekin alderatuta. Are, Madrilgo presidente Isabel Diaz Ayusoren eredu neoliberala goratu du: «Beste batzuk hobeto ari dira erabiltzen beren ahalmena, nahiz eta gurea baino urriagoa izan; Madril, adibidez. Inbertsio eta talentu asko erakartzen ari dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA