Euskararen eboluzioaren gaineko mezu baikorren distira uhertu egin da; ikerketa soziolinguistikoetan gero eta agerikoagoak dira «geldotze» zantzuak, eta, apurka, apaltze horri tentuz begiratu behar zaiola onartu du euskalgintzak oro har bere zabalean. Kontsentsua dago: «jauzi bat» behar du euskarak. Baina, nola egin jauzia? Hori da orain galdera. Gako batzuk emate aldera, hizkuntza politikak lehen lerroan jarri dituzte asteon, Telesforo Monzon laborategiak antolatutako udako eskoletan. Gaur, hain justu, Bergaran (Gipuzkoa) egin dute saio bat, eta han izan dira Euskaltzaindiak abiarazitako Euskararen Gogoetagunea prozesuko koordinatzaile Jon Sarasua, Euskalgintzaren kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel eta EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiria, lantzeko estrategia berrien inguruan mintzatzeko. Pentsamenduak lotu dituzte Hizkuntza politika berri baten oinarriak eta jauzi estrategikoa izeneko solasaldian, jauzia egiteko era egokiena zein izan daitekeen argitzeko ahaleginetan.
Jendea erruz hurbildu da saiora, parte hartzeko gogoz. Saioa Olaso dorrean egitekoak ziren aurrena, baina parte hartu nahi zuten guztientzat tokirik ez zen han, eta Miguel Altuna lanbide heziketako ikastetxean egin dute. Goiz osokoa izan da. Aurrena, euskararen egungo egoera eta etorkizuneko joerak aurkeztu dituzte Garikoitz Goikoetxeak eta Olatz Altunak. Haiek egindako erretratu soziolinguistiko doiaren gainean mintzatu dira gero Aztiria, Eskisabel eta Sarasua. Goikoetxeak Esnatu ala hil liburua argitaratu du asteon Iñaki Iurrebasorekin batera, eta liburuaren izenburu gordinak agerian utzi duen kezkaren itzala ere presente izan dute hiru solaskideek. Bat etorri dira: egiten direnak baino aurrerabide sendoagoak egin behar dira. Eskisabel: «Denok jabetuta gaude hau ez doala ondo». Denaren premia dela esan du Sarasuak. «Gauzak datozen moduan, honi ez diogu bueltarik emango. Egiten ari garena eginda ez diogu bueltarik emango», ohartarazi du, aurrez hainbatetan egin izan duen moduan.
Eragile gehienak diagnostikoan bat badatoz ere, Eskisabelek zailtasun batzuk ikusten ditu adostasunerako bidean. «Kosta egiten da diagnostikoan azaltzen diren gauza batzuei beren izenez deitzea». Esaterako, azaldu du erdalduntzea bera eta horren atzean dauden indarrak ezkutatzera egiten dela usu. «Baina gertatu egiten da; etengabe gertatzen da». Muineko beste auzi bati ere erreparatu nahi izan dio, erdarek oro har duten toki orohartzailea gogora ekarrita. «Esaterako, gaztelania da denok ezagutzen dugun hizkuntza, eta hori ez du inork problematizatzen».
Aurrera egite aldera indarrak ere neurtu behar direla nabarmendu du Sarasuak: «Gure artean zintzoak izan behar dugu, eta hitz egin behar dugu, baita ere, gure eragiletzaren diagnostikoaz». Horri dagokionez, urte askotako gatazka politikoaren ondorioak agerikoak direla uste du. Kritiko mintzatu da euskalgintzan «zilborkeria» ere badagoela iritzita, eta beste hitz bat ere erabili du kritika horiek egin dituenean: «Erakundekeria».
«Kosta egiten da diagnostikoan azaltzen diren gauza batzuei beren izenez deitzea»
IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Soziolinguistika mahai gainean jartzen ari den datuetan eta proiekzioetan oinarrituta, «hizkuntza politika berri bat» egin behar dela defendatu du Aztiriak. «Fokua politikan jarri behar dugu orain: egituretan». Bide horretan, hizkuntza politiketan «paradigma aldaketa bat» egin behar dela defendatu du Eskisabelek, eta Kontseiluaren helburu behinenetako bat hizpide izan du. «Paradigma aldaketaren funtsetako bat ezagutzaren unibertsalizazioa da». Usu jarri dute mahai gainean hori. «Neurri zentzuzko eta zehatzekin» hori nola lortu daitekeen zehaztea da orain egitekoa. EH Bilduk mahai gainean jarrita dituen lan ildoetan lehena horixe dela gogoratu du Aztiriak. Eta aurrera urratsak nahi dituzte, baita ere, euskaldunen trinkotzean eta euskararen aldeko atxikimenduaren sua bizirik edukitzeko proposamenetan. «Nagusitasun eremuak sortzeko aukera emango digun arkitektura juridiko bat sortu behar dugu».
Eremu guztietan
Urteotan, aldaketa demografikoekin eta, «inpaktu» handia datorrela gogoratu du Sarasuak. Gogora ekarri du zein diren etorkizuna irudikatze aldera Euskararen Gogoetaguneak mahai gainean jarritako ildo nagusiak. Lan eremuan, aisialdian, hezkuntzan, ikus-entzunezkoetan, arnasguneetan, administrazio publikoan, migratzaileei begirako neurrietan, teknologiaren arloan: guztietan eragitea ezinbestekoa da. Talde politikoekin-eta hartu-emanetan ari direla esan du. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek berak esana du euskarak «jauzia» egin behar duela; egitasmo bat ere aurkeztua du horretarako, eta uste du adostasunerako bideak egon daitezkeela. «Horrelako aukera politiko bat ez dugu izan 40 urtean». Alderdi abertzaleen arteko adostasuna lortzeaz gain, garrantzitsua da PSE-EErengana «hurbiltzea». Bide horretan fin ibiltze aldera, hizketakideen «sinesgarritasuna» garrantzitsua dela esan du, mesfidantzek eta gaizki ulertuek prozesuak ez «lokazteko».
«Nagusitasun eremuak sortzeko aukera emango digun arkitektura juridiko bat sortu behar dugu»
EH Bilduko legebiltzarkidea
JOSU AZTIRIA
Zerumugan jartzen diren asmo handiez aparte, helburu txikiagoei ere erreparatu behar zaie: lorgarriagoak diren horiei. Horietako bat nabarmendu du Aztiriak. Euskara maila egiaztatzeko hizkuntza eskakizunen kontrako epai asko metatu dira azken urteotan; «murru bat» jarri behar zaio oldarraldi judizial horri, eta aurrerabideak eman behar dira. EH Bilduk egina du Eusko Legebiltzarrean bere erreforma proposamena: funtzio publikoko sarbiderako, eskakizun orokor gisara, euskara eskatzea da proposamen horren helburua, egungo eskakizunez haragoko sistema bat ehuntzea. Hor aurrerabidea egiteak berebiziko garrantzia izan dezakeela uste du Aztiriak. «Euskalgintzari seinale indartsu bat egiteko aukera dugu, eta euskararen inposizioaren inguruko diskurtsoei aurre egiteko ere balio dezake». Adostasuna lortze aldera, EAJrekin eta PSE-EErekin harremanetan direla esan du. EAJk ere aurkeztua du erreformarako bere proposamena: ez du euskararen ezagutza orokortzea proposatu, egungo eskakizunei jartzen zaien derrigortasun indizea kentzea baizik, horrek aurkako epaiak saihestuko dituelakoan.
Egitura berriak
Abiarazita duten egitasmo legegile horretan aparteko ahalegina egingo dute EH Bilduko legebiltzarkideek. Baina badituzte egitasmo gehiago ere, esaterako, euskalduntze-alfabetatzerako aukerak herritar guztiei eskaintzeko, eta euskararentzat espazio berriak irabazteko: aisialdian, ikus-entzunezkoetan, arnasguneei begira, eta abar. EH Bildun uste dute aurrerapausoak egin behar direla arlo guztietan, eta aurrerapauso horiek baliagarriak izan daitezkeela etorkizunean urrats sendoagoak egiteko. Eta argi dute: erakundeen antolaketan bertan toki handiagoa behar du euskarak. «Sail bat izan behar luke Hizkuntza Politikak, Generalitatean den bezala. Sail izaera ematea hizkuntza politikari bere garrantzia ematea litzateke», azaldu du Aztiriak. Eta egitura berriak behar dira. 80ko hamarraldian ETB, HABE eta beste hainbat egitura publiko sendo sortu ziren euskararen normalizaziorako. «Orain pentsatu behar dugu XXI. mendean nolako egiturak behar ditugun. Esaterako, zergatik ez lan mundua euskalduntzeko egitura bat? Bestela ez da gertatuko», ohartarazi du. Antzera adimen artifizialaren eremuan, hedabideenean eta beste hainbatetan ere: euskararen normalizazioa aintzat hartuta eratutako egiturak behar dira. Berandu baino lehen.
«Euskaldun izateko gogoa elikatu egin behar da, atzera ari delako gizartea, hein batean, horri dagokionez»
Euskararen Gogoetaguneko koordinatzailea
JON SARASUA
Helburu behinenen artean, «komunitate estrategia» lantzea aipatu du Sarasuak. «Euskaldun izateko gogoa elikatu egin behar da, atzera ari delako gizartea, hein batean, horri dagokionez». Euskararen eta herritartasunaren inguruan ardaztutako mugimendu sozial trinko bat du helburu, gizarteak euskararen inguruan eraikitako utopiari indarra emango dion egitura bat. Hor hutsunea ikusten du: «Ez gaude antolatuta». Bestetik, uste du askotarikoen arteko elkarrizketak izatean «sukalde lanak» nola egingo diren erabakitzeko bideak landu behar direla. «Rolak banatu behar ditugu, bakoitzaren mugak jakinda».
Eskisabelek euskalgintzak bere jardunean duen «eskuzabaltasuna» aintzat hartu behar dela gogoratu du, eta hor «metatutako ezagutza» ezinbestekoa dela. Nabarmendu du «eraldaketa soziala» helburu duten foro ahaltsuak dituztela martxan, alor sektorial askotan egindako proposamenak ere jarri dituztela mahai gainean, eta horien bidez «sinergien» bila ari direla Euskal Herriko eragile askorekin. Hor da, esaterako, Batuz Aldatu egitasmoa: askotariko 113 eragile batuta ari dira. «Elkarlanerako eta batasunerako bokazioa daukan egitasmoa da».
Zalantzak zalantza, jauzia egiteko «zuntzak» egon daitezkeela aurreratu du Sarasuak. «Zintzo jarri behar dugu mahai gainean, eta xake taula osorik ikusi». Zer dagoen ikusteko, eta jauzia egiteko estrategiarik onena zein den erabakitzeko.