«Jauzia» egiten ikasteko esperientziak

Hizkuntza gutxituak izaten ari diren beheraldiarekin kezkatuta, beste hainbat hiztun komunitate ere ari dira galerari aurre egiteko neurriak hartzen; Galesko, Kataluniako eta Galiziako esperientziak eredu izan ditu, adibidez, Kontseiluak.

Kontseiluko ordezkariak Galizia, Gales, eta Kataluniako ordezkariekin. JON URBE / FOKU
Kontseiluko ordezkariak Galizia, Gales, eta Kataluniako ordezkariekin. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
Andoain
2026ko maiatzaren 28a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behin «jauziaren» inguruan ardaztutako lan dinamika hartuta, gogoetatu egin behar da: «Nora salto egingo dugun». Urrats hori behar bezala egiten ez bada «amildegian» jausteko arriskua dagoela gogora ekarri du gaurko aurkezpenean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek. Bide horretan, mahai gainean dituzten helburuak zehazteko, tentuz aztertu dituzte inguruetako beste hizkuntza gutxitu batzuk biziberritzeko abiarazi dituzten lan ildoak. «Besteen esperientzietatik edan dugu». Eta esperientzia horietako batzuk ezagutzeko bidea eman dute gaurko saioan.

Elin Haf Gruffydd Jones soziolinguista Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen sare ELENeko lehendakaria da, eta galesaren biziberritzean murgilduta dago. Galesko Gobernuak berak 2017an onartutako plan baten bidez —Cymraeg 2050— egin nahi dute han jauzia, eta horra helburua: 2050erako milioi bat hiztun izatea, eta galesez hitz egiteko gai diren herritarrak %10etik %20ra igotzea. Beste bi helburu ere baditu planak: «Eguneroko erabilera orain halako bi izatea, %10etik %20ra pasatzea, eta gizarte azpiegitura bat eratzea horretan lagunduko duena».

Galizian dituzten helburuak Galiziera Normalizatzeko Mahaiko Marcos Maceirak azaldu ditu. «Hizkuntza larrialdian» daudela esana dute han ere hizkuntzaren biziberritzean ari diren eragileek, eta gogora ekarri ditu atzeraldia erakusten duten hainbat datu. Horra, adibidez, adingabeen artean zer ari den gertatzen: 2008an galegoz gutxi edo batere ez zekiten 5-14 urte arteko haur eta gaztetxoak %16 ziren; 2023an, berriz, %32. «Dramatikoa da. Aurrez inoiz ikusi gabeko datuak dira», nabarmendu du Maceirak. Galiziako Xuntak hizkuntzaren biziberritzeari jartzen dizkion trabak nabarmendu ditu eta, era berean, galegoaren alde batzen ari diren gizarte mugimenduen indarra: Queremos Galego plataforman ehunka eragile batu dira. Eta oinarri bat badute aldaketa hori sustatzeko: Lingua vital deitu duten protokoloa. 

600.000 katalan hiztun berri

Kataluniako egoeraz Hizkuntzaren Aldeko Plataformako zuzendaritzako kide Francesc Marco Palauk eta Omnium Culturaleko kide Ernest Montserratek hitz egin dute. Hizkuntza Biziberritzeko Itunaren inguruan ardaztu dute han aurrera egiteko estrategia: Kataluniako Generalitateak sustatutako akordio bat da, eta iazko martxoan sinatu zuten. Babes zabala du: itunaren alde egin zuten ERCk, PSCk, Comunek eta hainbat gizarte eragilek. Haiek ere helburu jakin bat jarri dute akordio horren bidez: 600.000 hiztun berri lortzea 2030erako. Orain arte akordio horren bidez aurrerabideak egin direla uste dute Omnium Culturalen, baina dudak ere badituzte: «Departamenduen arabera, bilakaera ez da iguala toki guztietan». Marco Palauk ere gogoratu du xedeek planaz haragokoak izan behar dutela: «Abiapuntua da, baina ez helmuga». 

Helmugak eta erronkak gogoan, Sebastian Castetek Ipar Euskal Herrirako euskalgintzak ipinita daukana azaldu du: 2050ean euskaldunak %30 izatea. 2023ko urrian bota zuten erronka. Azpimarratu duenez, hori lortu nahi bada, aurrerabide asko falta dira: «Gaur egungo euskalduntze ereduarekin, biziki urrun gara helburu horretatik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA