Javier Esparza ez da UPNko presidente izango aurrerantzean

Zortzi urtez egon da karguan, eta uste du alderdiak «lidergo berriak» behar dituela. Apirilaren 28an egingo dute presidentea aukeratzeko kongresua.

Javier Esparza UPNren urteroko batzarrean
Javier Esparza UPNren afiliatuen urteroko batzarrean, iragan abenduan. JESUS DIGES/EFE
aitor biain
2024ko urtarrilaren 26a
21:55
Entzun

Jose Javier Esparza ez da UPNko presidente izango aurrerantzean. Hala iragarri du gaur, alderdiaren Kontseilu Politikoan. Zortzi urte baino gehiago daramatza alderdiaren buruzagitzan, eta, ziklo aldaketa beharrezkoa dela iritzita, alderdiaren buruzagitza utziko du apirilaren 28an egingo duten kongresuaren ondoren. «Uste dut lidergo berri bat dela onena UPNrentzat; Nafarroako lehen alderdia zuzentzeko ardura hartuko duen talde berri bat», azpimarratu du. Hark ez ezik, egungo zuzendaritzako kideek ere ez dute oraingo karguan segituko. 

Esparzak adierazi du «ongi hausnartutako» erabakia dela, alderdiari «on» egingo diona. «Zortzi urte egingo nituela esan nuen; ez da erraza beti koherente izatea, baina oraingoan izango naiz», azpimarratu du. «UPN da lehentasuna». Izan ere, aitortu du garai «oso konplexuan» dagoela Nafarroako politika, bereziki UPNrentzat, Iruñeko Udaleko zentsura mozioaren ondoren. Adierazi du, dena den, alderdiak «erronka handiak» dituela aurrean, eta «lanean jarraitzeko» garaia dela. «UPNk pazientzia izaten ikasi behar du; ez du presarik edo premiarik izan behar. Zorionez, ezer ez da betiko, eta sozialismoa ere ez». 

Eta bide horretan lan egingo duela aurreratu du, ez baitu politika utziko. Parlamentari izaten jarraituko duela iragarri du. «Ez dut ihes egingo; politikan modu aktiboan jarraituko dut lanean», esan du Esparzak. «Ezerk ez nau zoriontsuago egingo UPN berriz Nafarroako Gobernuak ikusteak baino».

Haren ordezkoa nor izango den da orain galdera. Iruñeko alkatetza galdu ondoren, indarra hartzen hasi da Cristina Ibarrolaren izena, esaterako. Ildo horretan, Esparzak adierazi du ez dagokiola alderdiaren kontsentsua duen hautagaia topatzea; aitzitik, gogorarazi du afiliatuena dela ardura. «Nik ez dut inor aukeratuko. UPN afiliatuena da, eta nik, beste edonork bezala, pentsatzen dudana esango dut», azpimarratu du. Batasuna eta leialtasuna aldarrikatu ditu Esparzak, nolanahi ere.

Aginterik ez, eta bi krisi

Esparza 2015ean iritsi zen UPNren presidentetzara; Yolanda Barcina ordezkatu zuen orduan, eta, orduz gero, hiru alditan izan da Nafarroako Gobernuko presidentegai. Hauteskundeak hirutan irabazi arren, ez du agintera iristea lortu behin ere. Irailean jada iragarri zuen ez zela berriz UPNren zerrendaburu izango 2027ko bozetan, baina ez zuen ezertxo ere adierazi alderdiko karguari buruz.

Haren agintaldian une zailak izan ditu UPNk. Alderdian barne gatazka bat piztu zitzaion 2022an, Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuek alderdiaren esanei entzungor egin eta Espainiako lan erreforma onartzearen kontra bozkatu zutenean. Erabakiak krisia eragin zuen UPNren barnean, eta, azkenean, bi diputatuak alderditik kanporatu zituzten. Bigarren krisia iragan abenduan izan zuen, Joseba Asiron Iruñeko alkate egin zuen zentsura mozioaren ondoren. Bereziki mingarria izan zen hura UPNrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.