Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefeta Itsas Alpeetara lekualdatuko da

Ministroen kontseiluan izan da goizean, Parisen, eta Itsas Alpeetako prefet izendatu dute. Macronen hurbilekoa da, eta bi urte eskas egin ditu Pirinio Atlantikoetan.

Jean Marie Girier, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Jean Marie Girier, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko uztailaren 9a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bukatu zaio Pirinio Atlantikoetako aldia: Jean Marie Girier 64 departamenduko prefeta lekualdatu egingo dute, Itsas Alpeetako prefet izendaturik. Ministroen Kontseilua izan dute goizean, Parisen, eta orduan hartu dute erabakia; bi urte eskas egon da Pirinio Atlantikoetan.

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hurbileko gisa ezagutua da Girier. Azken asteetan haren lekualdatzeari buruzko zurrumurrua hedatu zen, eta gaur konfirmatu da berria.

Ministroen Kontseiluan Girierren ibilbidea txalotu dute, batez ere «trantsizio ekologikoan» egindako lana. Erraterako, uraren azpiegiturak berrantolatu zituen, eta departamendu mailako komite bat sortu zuen biomasaren inguruan jarduteko.

Beste zenbait elementuk markatu dute haren agintaldia; adibidez, Euskararen Erakunde Publikoa iraunarazteko diru laguntzak emendatzearen kontra agertu zen hasieratik. Ez hain aspaldi, Marie Therese Gomis ikasle senegaldarraren kontrako borroka administratiboan sartu zen, Frantziako lurraldetik kanporatzeko asmoz. Joan den hilabetean, berriz, kontsumitzaileen defentsarako elkarte izaera ukatu zion Alda mugimenduari.

Bestetik, iritsi denaz geroztik, kanpo komunikazioko eredu berri bat plantan ezartzen ahalegindu da, prentsari polizia operazioen ateak geroz eta gehiago irekitzeko. Narkotrafikoaren eta legez kanpoko immigrazioaren gorakadaz ohartarazi nahian, kazetariak behin eta berriz gomitatu ditu lekuetara, poliziekin batera operazioen segitzera zuzenean. Prefeturaren politika sustatzeko eta hedabideetan haren berri emateko komunikazio estrategia plantatu du azken bi urte hauetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA