2025eko azaroan Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Marie-Therese Gomisen aurka emandako kanporatze agindua berretsi egin du Paueko Administrazio Auzitegiak, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. «Integrazio eta errotze falta» leporatu izan diote senegaldar jatorriko emakumeari, baina haren abokatuak argudiatu izan du ikasketen eta lanaren bidez bizimodu egonkorra daramala Euskal Herrian.
Gomisek berak iazko udan BERRIAri azaldu zionez, duela ia hamar urte iritsi zen Senegaldik Frantziara; Estrasburgora heldu zen lehenik, ondoren Parisen eta Rodezen (Okzitania) bizi izan zen, eta, azkenik, 2023an Euskal Herrira mugitu zen, Baionara. Unibertsitate ikasketak eta lana uztartu izan ditu, baina tartean, batez ere pandemia garaian, arazoak izan zituen egonaldi baimenarekin. Horren harira iritsi zitzaion lehen kanporatze agindua.
Elkartasun mugimendua
Agiriotan egotzi izan diote ez dagoela errotuta, baina hori hala izatea ukatu izan du haren abokatuak. Baionako Talis Business School ikastetxean Ondare Ingeniaritzako Masterra bukatzen ari zenean iritsi zitzaion kanporatze aginduetako bat, eta egun, agindu hori berretsi dutenean, eremu horretako enpresa batean ari da, zuzendaritza taldean. «Gomis osoki integratua da gizartean: etxebizitza du, lagunak baditu, eta, gainera, paradoxikoki, ez du diru laguntzarik jasotzen Frantziako Estatutik», adierazi zuen haren abokatuak iaz.
Gomisen aurkako kanporatze aginduak elkartasun mugimendu bat abiarazi zuen Baionan. Hainbat diputatuk Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetari galdegin zioten haren kasua berriz aztertzea, eta prozedura atzeratu zuen hark. Orain, ordea, Paueko Auzitegiak ez du kontuan hartu aginduaren aurkako helegitea.