Isiltasuna; grabatzera goaz. Jo! Hasi da zinema obra: poliziek hiria zeharkatu dute di-da, autobusen bideak harturik eta argi itzulikari urdinak pizturik; auzo lanjerosen itxura duten horietako batera sartu, eta halal harategi baten aitzinaldean harrapatu dituzte lehen gazteak, murruaren kontra ezarri, poltsak miatu; inguruko herritarrak baztertu dira beren haurrekin, gertatzen ari zenaren beldur. Film bat izan balitz, kamerak ikusteak lasaituko zituen, eta ulertuko zuten fikzioa baizik ez zela gertatzen ari. Baina atzo, zaila gertatu zen fikzioaren eta errealitatearen arteko muga ikustea.
Narkotrafikoaren inguruko prentsaurrekora deitu du Pirinio Atlantikoetako prefetak, Baionako komisarian. 15:20 dira. Oren bat berantago, kazetariak bilkura gelatik atera dira, estatuko administrazioaren mezuarekin: droga trafikoak gora egin du, eta, 2025ean, nehoizko bilketarik handiena egin zuten droga brigadek. Ados. Eta gero? «Terrenora» joateko tenorea iritsi da. Ezin dutela erran preseski non den gunea, baina Poliziaren autoetan sartu dituzte kazetariak. Baziren haiekin Baionako eta Donibane Lohizuneko poliziak, nazionala, judiziala, munizipala, baita aduanakoak ere, krimenen kontrako brigada, txakurrak, eta drone bat. Hirian aitzina, abiadura bizian —argi urdinen botereak ahalbidetuta—, kazetariek fite errekonozitu dute helmuga: nagusiki immigraziotik eratorritako langile klaseko herritarrak biltzen dituen Baiona iparraldeko ZUP auzora doaz.
Iritsi dira «operazioaren lekura». Prefeturako komunikazio arduradunek agindu diete: «Ez itzazue polizien bisaiak argazkitan hartu». Oharrik ez auzoko herritarren irudiaren babesaz, ordea. Eta hasi da operazioa, «prefetak bereziki agindutakoa», poliziaburuak minutu batzuk lehenago fierki zehaztu duenaz. Presa handiaren harrabotsaren artean, poliziak autoetatik atera dira fite-fite: harro-harro ibili dira interpelazioak egiten, eremua hesten, apartamentu batera bat-batean sartzen; «prokuradoreak bereziki eman duen miaketarako baimenari esker», honakoan. Emaitza: kontsumo pertsonalerako kanabis poltsatxo bat eta fusil bat.
Atzo, film bat atera zezakeen BERRIAk, baina gidoia Frantziako Estatuarena izanen zen: droga trafikoak eragiten dituen desmasiak —bere erantzukizunaz gabetu nahi dituen beste arazo guzien artean— auzo prekarizatu eta arrazializatuekin lotu nahi lituzkeen estatu batena, hain zuzen.
Atzo, polizia operazio oso bat muntatu zuen prefeturak, kazetariendako espresuki. Propaganda hutsa; bada hor kezkatzekoa, nahiz ez den berria zer gisara informazioaren kudeatzen ahalegintzen diren estatuaren aparatuak; Frantziako hedabide nagusien joera ikusirik, ez da gehiegi arriskatzea taktikak funtzionatzen duela erratea. Hori bera zen atzoko helburua ere: kazetariak gomitatu, narkotrafikoaren inguruko datuen gorakadaz ohartarazi, eta, erakutsi arazoari zer-nolako soldadu heroiko posturatik aurre egiten dioten «kartierretan», gero istorioa zabaldu zezaten hedabideetan.
Ez dadila delinkuentziaren irudi arrazista Frantziako hiri nagusietara mugatu, ez. Begira! Harrapatu dute gaztetxo bat Baionan, belar poltsa indibidual horietako bat moltsan. Biba. Eta informazio horrekin zer? Tokiko hedabideetako goiburuetaraino iritsi da, noski, prefeturak aurreikusi eta antolatu zuen bezalaxe: ZUP auzoan droga kurritzen da. «Segur zen», erranen zuten batzuek. Horra hor beste egia bat: 2024ko Frantziako legebiltzarrerako hauteskundeetan polizien %52k RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiaren alde bozkatu zuten, inkesta batek agerrarazi duenaz (Cevipof, Jean-Jaurs fundazioa, Montaigne institutua, Le Monde egunkaria, Ipsos). Ez da hain harrigarria, beraz, egitura horien komunikazio plan guzia eskuin muturreko diskurtsoaren elikatzera bideratzea.
Haatik, ez prentsaurrekoan ezta terrenoan ere, aipamenik ez zioten egin drogaren trafikoaren alde sozialari, auzo horietako prekaritatearen ulermenari; bestela klase ertainaren, burgesaren eta xuriaren barnean ere berdin-berdin existitzen den trafikoari. Drogarena arazo orokortua da, baina noski, ZUPera eraman dituzte kazetariak. Komeni zaionean, Poliziak prentsa erabiltzen du, edo horretan saiatzen da.