Oiongo alkategaia (EH Bildu)

Jose Manuel Villanueva: «Jeltzaleen kudeaketa kaskarra izan da; alderdia lehenetsi dute»

BERRIA.
Edurne Begiristain.
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

Garaipen historikoa lortu du EH Bilduk Oionen, bost zinegotzi erdietsi ditu, gehiengo osotik eserleku batera. EAJk hiru zinegotzi lortu ditu; PPk, bi, eta PSEk, bakarra. EAJri alkatetza kentzea eskura du Jose Manuel Villanueva zerrendaburuak (1966, Cadiz, Espainia). «Amets» bat beteko duela esan du: «Oiongo lehen alkate euskalduna izango naiz».

Ikusi gehiago: Arabako Errioxan, uzta berria

Inoizko emaitzarik onenak erdietsi dituzue. Lehen indarra, bost zinegotzi. Pozik?

Oraindik hegan egiten ari gara, hodeien gainean hegan, izugarria izan baita garaipena. Herriak argi eta garbi hitz egin du.

504 boto lortu dituzue. Espero zenituzten?

Ez. Aitortu behar dut ez genuela horrelakorik inondik inora espero. Duela hiru egun porra bat egin genuen, eta nik apustu egin nuen 505 boto aterako genituela. Akaso, nahia edo beharra genuen, amets egin nahi genuen... ez dakit. Eta begira! Oso pozik gaude.

Duela lau urte bi zinegotzi lortu zenituzten, eta orain bost. Botoen %22,13 eskuratu zenituzten orduan, eta igandeko bozetan, %34,78. Zer dago igoera handi horren atzean?

Hamabi urte daramatzat oposizioan, eta beti ongi jantzita joan naiz osoko bilkuretara. Eta ez naiz arropaz ari: gai guztiak ongi prestatuta eraman ditut, gaiak ikasita, seriotasunarekin jardun dut. Eta uste dut herritarrek hori aintzat hartu dutela. Eta, gainera, EAJren kudeaketa oso kaskarra izan da, Oso gaizki aritu da. Jeltzaleek lanaren erdia egin digute.

EAJ egon da orain arte gobernuan. Zer egin dute gaizki, zure ustez?

Gure ustez, auzokideek udal politikaren erdian egon behar dute, horrela ulertzen dugulako udal politika. Alderdiaren siglak alde batera utzi eta herritarren interesen alde lan egin behar dela sinetsita gaude, baina EAJk ez du modu horretan jardun. Jeltzaleek alderdia jarri dute herritarren gainetik. EH Bilduk arlo sozialarekin lotutako mozio ugari aurkeztu ditu azken lau urteetan, baina EAJk horien aurkako botoa eman du beti. Zergatik? EH Bilduk aurkezten zituelako; hori izan da aurka egiteko arrazoi bakarra. Herritarrentzat onuragarria izanda ere, aurka egin du. Jarrera horrek ondorio kaltegarriak izan ditu jeltzaleentzat. EAJk porrotaren inguruko hausnarketa egin beharko du.

Logroñorekin (Espainia) mugakide da Oion, eta han PP izan da nagusi. Zortzi kilometro eskasean, zeharo ezberdinak diren bi joera politikok lortu dute garaipena. Zer balorazio egiten duzu horretaz?

Oion Euskal Herria da, eta Logroño, Espainia. Hor dago aldea.

EAJk, PSEk eta PPk sei zinegotzi dituzte guztira. Ziurtzat jotzen duzu ekainaren 17an aginte makila eskuratuko duzula?

Dena gerta daiteke politikan. Hala ere, ni EAJkoa, PPkoa edota PSE-EEkoa izango banintz eta tentazio hori izango banu, birritan pentsatuko nuke. Oiongo herriak hitz egin du, eta argi eta garbi esan du zer nahi duen datozen lau urteetarako. Zaila ikusten dut hiru alderdiek bat egitea EH Bilduri alkatetza kentzeko. Nekez ikusten dut PSE-EEk eta PPk bat egiten. Halakorik egiten badute, hala ere, kontuan izan beharko dute 11 zinegotzietatik EH Bilduren bostak kontra izango dituztela beti.

Alkate bazara, marra gorriren bat izango duzu akordioak lortzeko orduan?

Gure gobernantza eredua irekia izango da. Alderdi guztiak entzun nahi ditugu, eta guztiekin egin nahi ditugu akordioak. Horrela ulertzen dugu udal politika; ezin da bestela izan. Oposizioan egon garen hamabi urte hauetan, udal gobernuak baztertu egin gaitu, baina guk ez dugu gauza bera egin nahi. Ez dugu eredu hori nahi herri honentzat. EAJk, PSEk edo PPk herriarentzat onak diren proposamenak egiten badituzte, guk babestu egingo ditugu, arazorik gabe. Guk ez diogu inori babes hesirik jarriko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.