Erran ohi da bortizkeriak gora eta gora egiten duela etengabean; bada, ikerketek adierazi dute jendea geroz eta erosoago ibiltzen dela bortizkeriaren ideiari begira. Acat Frantziako torturaren abolizioaren aldeko kristauen elkarteak Ifop institutuari manatu zion inkestaren arabera, Frantziako herritarren %38ri onargarria iruditzen zaie tortura baliatu ahal izatea salbuespen kasuetan; 2000. urtean %25 ziren. Beraz, 25 urtean %52koa izan da igoera. Maila pertsonalean, herritarren %18k erran du prest litzatekeela salbuespen kasuetan tortura baliatzeko.
Inkesta 18 urtetik gorako jendea galdekatuz egin dute, 2025eko azaroaren 26tik abenduaren lehenera bitarte. Denera, 1.502 pertsonaren erantzunak bildu dituzte.
Inkestak agertzen duenez, herritarren %49k uste du Frantziako Poliziak tortura jadanik baliatu izan duela; datu horren osatzeko azpimarratu behar da hemezortzigarren lekuan jarria dutela Frantzia torturak praktikatzen dituzten herrien artean. Haren aitzinean dira, adibidez, Iran, Errusia, Palestinako herrialde okupatuak, Kolonbia... Hots, jendearen gehiengoak Europatik kanpo kokatzen ditu tortura baliatzen duten herriak. Hori baino gehiago, batzuek pentsatzen dute tortura kasurik ez dela gertatzen Frantzian.
Orokorki harturik, jendeari biziki urruna zaio torturaren praktika, baita arriskua ere. Gehienek uste dute munduko 20-50 herrialdetan baizik ez dela tortura kasurik gertatzen, eta, Frantziari dagokionez, jendeen %66 babestua sentitzen da torturetatik. Badu horrek azalpenik: denek ez dituzte ber egintzak sartzen torturatzat jotzen diren egintzen zerrendan. Hain zuzen ere, galdekatutako jendeen %93 ados daude errateko itoaldi simulazioak tortura direla; haatik, jendeen %40k baizik ez dute torturatzat presoner baten bakartzea.
Bada hor galdekatzeko gaia: jendeari tortura ez zaio hurbila, baina herritarren herenak baino gehiagok (%38k) onargarritzat du salbuespen kasuetan, baita Frantzian gertatuko balitz ere.
Nork du torturatzen?
Tortura zer motatako pertsonei egiten zaien galdetu dute gero: erantzun dutenen %49k uste dute gutxiengo etniko eta erlijiosoen kontra baliatzen dela gehienbat; %44k, aurkari politikoen kontra; eta %41ek, emazteen kontra.
Baina tortura horiek nork egiten ditu? Honako hau da, galdekatuen ustez, tortura gehien erabiltzen dutenen zerrenda, ordenan: erakunde kriminaletako kideak (%58), estatuari loturik ez diren talde armatuak (%23), militarrak eta informazio agenteak (%6), poliziak (%4) eta presondegietako zaindariak (%3).
Eta tortura gertatzen denean, norena da ardura? Inkestan parte hartu dutenen %73k uste dute torturatzailearena dela torturen ardura; %49ren ustez, presondegiko arduradunena; %33ren ustez, Defentsa Ministerioarena, eta %32ren ustez, informazio zerbitzuen nagusiarena.