GEBehatokiak Emakumeak Diskriminatzeko Modu Guztiak Deuseztatzeko NBEren Batzordera eraman du Sorzabalen torturen kasua

GEBehatokiaren xedea da CEDAWek Espainiari eskatzea tortura delituen preskripzioa ezabatzeko eta tortura kasuak ikertzeko. Torturak ikertzeko orduan genero ikuspegia aplikatu beharra dagoela nabarmendu du.

Sorzabalen aldeko mobilizazio bat, Irunen. JON URBE / FOKU
Sorzabalen aldeko mobilizazio bat, Irunen. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko otsailaren 13a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokia eman beharreko pauso guztiak emateko prest da Iratxe Sorzabal euskal presoak «bizitako sufrimenduaren» inguruko egia azaleratu eta justizia egiteko. Horrek nazioartera jotzea dakar, Espainiako justiziaren «erantzun falta» ikusirik, eta lehen urratsa CEDAW Emakumeak Diskriminatzeko Modu Guztiak Deuseztatzeko Nazio Batuen Erakundeko Batzordera jotzea izan da, hark Espainiako Estatuari eginbeharrak ezar diezazkion, hala nola tortura delituen preskripzioa ezabatzea eta tortura kasuak argitzeko ikerketak abiatzea.

CEDAWri aurkeztutako txostenean, GEBehatokiak argi uzten ditu xedeak. Batetik, «Espainiako Estatuan oraindik ezarri ez diren neurriak agerian jartzea». Bestetik, Euskal Herriko emakumeek jasandako torturak aitortzea: «Oraintsu arte erabilia izan den tortura eta tortura sexuala». Hala, erakunde hari zuzendutako eskaerek Espainiako Estatuak neurriak hartzera bultzatu nahi dute. Neurriak hartzea torturen gaineko ikerketak martxan jartzeko, «bereziki sexu indarkeriaren biktima diren emakume atxilotuei dagokienez», baina baita torturaren biktimak aitortzeko eta inkomunikazioan atxilotua torturatzeko modua ematen duen legedia indargabetzeko —Prozedura Kriminaleko Legearen 509. artikulua—.

Era berean, GEBehatokiak adierazi du torturen ondorioz lortutako frogetan oinarritutako kartzela zigorrak —tartean, Sorzabalena— berrikusi beharko liratekeela, eta torturen preskribaezintasuna ezarri. «Nazioarteko betebehar eta konpromiso gisa berariaz jaso dadila, estatuarentzat hura betetzea saihetsezina izan dadin».

Torturak pairatutako euskal emakume baten kasua CEDAWn aurkezten den lehen aldia da, baina GEBehatokiak argudiatu du badirela urrats hori egiteko nahikoa argudio, atxilotu ugarik— tartean, Sorzabalek— emakume izateagatik jasandako «tratu iraingarriak» kontuan izanda.

Azaldu dute euskal gatazkaren testuinguruan emakumezkoak atxilotzean «nonahi» izan direla «sistema patriarkalaren eta misoginiaren» eraginak. Olatz Dañobeitiaren doktore tesia eta beste zenbait adituren eta erakunderen txostenak oinarri hartuta, indar egiten dute «emakumeen aurkako diskriminazio historikoak eta indarkeria matxistak» tortura kasuetan izan duten islan, eta horien espezifikotasunean. Adibide bat: «Emakumeek, gizonekin alderatuta, bultzada eta ile-tiratze gehiago izan zituzten, postura jakin batean ere denbora luzez egotera behartu zituzten, poltsarekin itotze saiakera gehiago eta sexu indarkeria mota gehiago jasan zituzten, baita atxilotze baldintza okerragoak izan ere».

Hain zuzen, horren adibide gisa jarri dute Sorzabalek berak emandako testigantza ere. «Guardia Zibil guztiak gizonezkoak ziren. Ni haientzat ez nintzen ez pertsona, ez militante, ni haientzat emagaldu zikin bat nintzen, eta kito. Autoan kaputxa eta elektrodoak jartzen zizkidaten bitartean, denen artean ukitzen ninduten. Eta Madrilen biluztu egin ninduten», aitortu zuen euskal presoak.

GEBehatokiaren esanetan, hori guztia Emakumeak Diskriminatzeko Modu Guztiak Deuseztatzeko Itunaren aurka doa, baina Espainiako Estatuak, hura sinatu bazuen ere, ez du neurririk hartzen torturatuen eskubideak babesteko. «Onartu behar du tratu txarrak eman dituela, eta emakumeek jasan behar izan dituzten tratu txar espezifikoak ere aitortu behar ditu». Eta prozesu horretan genero ikuspegia kontuan hartzea nahi du GEBehatokiak. 

«Inpunitatea bermatzen»

Urrats hau ez da ezerezetik iritsi. GEBehatokiak azaldu duenez, Espainiako justiziak Sorzabalen auziarekiko erakutsi duen prestasun falta du oinarri: «Epailetzak torturatzaileen inpunitatea bermatzen jarraitzen du, ostrukarena egiten, ebidentzia eta nazioarteko erakundeen zartada horiek eurekin zerikusirik ez balute bezala».

Izan ere, iazko maiatzean absolbitu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Sorzabal, Egiari Zor-ek eta GEBehatokiak «historikotzat» jo zuten epai batekin. Hark frogatutzat jo zuen euskal presoak «tratu gizagabea» pairatu zuela inkomunikazio aldian, 2001eko martxoan; zehazki, elektrodoekin eragindako lesioak aipatu zituen. Hala, ondorioztatu zuen torturapean egindako deklarazioa ez zela legezkoa, eta ezin zela haren aurka erabili, atxilotuaren «oinarrizko eskubideen urraketa» baten ondorio zelako.

GEBehatokiak eta Egiari Zor-ek egindako agerraldia, atzean Sorzabalen irudi batekin. AITOR KARASATORRE / FOKU
GEBehatokiak eta Egiari Zor-ek egindako agerraldia, atzean Sorzabalen irudi batekin. AITOR KARASATORRE / FOKU

Behin ebazpen hura emanda, GEBehatokiak epe bat utzi zuen Espainiako justiziak ofizioz ekin ziezaion, baina ez zen inolako mugimendurik iritsi. Beraz, azaroan, Auzitegi Nazionalean auzia berriz irekitzeko eskaera bat jarri zuten, Sorzabalen defentsarekin batera; aurrez, 2001ean ere ireki zen torturen inguruko auzi bat, baina ia ekinbiderik gabe artxibatu zuten. Oraingoan, euskal presoaren galdeketetan parte hartu zuten guardia zibilen kontrako auzibide bat martxan jartzeko eskatu dute, torturengatik. Oraindik ez da ebatzi, ordea.

Halere, Sorzabalen auzitik haratago doa salaketa. Nazioarteko erakundeen ebazpenei eta gomendioei entzungor jokatzea egozten dio GEBehatokiak Espainiako justiziari. Hala nola azken hilabeteetan ezagutarazitako zenbait ebazpen aipatu ditu: Raul Fuentes euskal presoaren auziaz Torturaren aurkako NBEren Batzordeak argitaratutakoa, eta Giza Eskubideen Batzordeak egindako gomendioak. Batak zein besteak adierazten dute tortura kasuak preskribaezinak direla. Hala, Fuentesek ere eskatu du haren torturak ikertzeko, baita Pello Alcantarillak ere.

Sorzabalen kontrako auzibideak

Iratxe Sorzabalen kasua «babesgabetasunaren eta diskriminazioaren kasu paradigmatikoa» da, GEBehatokiaren arabera. Sorzabal 2001eko martxoan atxilotu, inkomunikatu eta torturatu zuten; ezagunak dira elektrodoek utzitako marken irudiak, besteak beste. Halere, torturapean egindako deklarazioan eta ustez han adierazitakoak kontatuz ETAri bidalitako gutun batean oinarrituta, hiru aldiz epaitu dute. Lehen epaiketan, 24 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, torturak ukatuz eta ustez hark idatzitako gutunari sinesgarritasuna emanez; auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren esku dago. Bigarren epaiketan, berriz, absolbitu egin zuten, froga faltagatik, ez baitzen onartu gutuna, baina torturei ez zitzaien erreparatu. Azken epaiketan bai, absoluzioarekin, torturatua izan zela baieztatu zen: «Argi dago, edozein zalantza alde batera utzita, Iratxe Sorzabal atxilotu zutenean, hura zaintzen zuten funtzionarioek elektrodoak aplikatu zizkiotela, hura deklaratzera behartzeko helburuarekin».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA