Euskal Herrian eklipseei buruz gehien dakitenetako bat da Javier Armentia astrofisikari eta zientzia dibulgatzailea (Gasteiz, 1962). Eguzki eklipseari buruz gehien hitz egin dutenetako bat bai, behintzat: 30-40 hitzaldi eman ditu hari buruz. Lerinen (Nafarroa) ikusi, bizi eta sentitu zuen eguzki eklipsea. Ikusle ez ezik, behaketaren antolatzaileetako bat ere izan zen. Herenegungoa ez zuen lehen eguzki eklipsea, baina fenomenoak utzitako emozioa nabari zaio oraindik ahotsean eta mezuan.
Idatzi zenuen halako eklipse batek gizarte baten heldutasuna probatzen duela. Proba gainditu da?
Bai. Ni, berez, ezkorra naiz, eta pentsatzen nuen izugarria izango zela: auto ilarak izango zirela, beste arazo batzuk sortuko zirela, batzuek arduragabekeriaz jokatuko zutela, suteren bat ere piztuko zela... Baina ez da halakorik gertatu.
Astrofisikariok eta zientzia dibulgatzaileok zehatz-mehatz azaldu zenuten zer gertatu behar zuen, eta jende gehienak bazekien. Azalpen teknikoen gainetik, ordea, emozioak nagusitu dira.
Eguzki eklipse bat astronomia baino zerbait gehiago baita: emozio kolektiboak sorrarazten ditu. Jendeak sentitu egin du eklipsea, bere baitan eta taldean. Testuinguru zientifikoa eta historikoa azaldu ditugu, momentu horretako emozioak ordenatzeko eta ulertzeko. Momentuko bizipenek azalpen guztiak gainditzen dituzte. Neronek hilabeteak daramatzat eklipseari buruzko azalpenak ematen, baina hitzik gabe geratu nintzen.
Gizakiaren txikitasunaz eta hauskortasunaz jabetzeko abagunea izan da? Gizateria bere esku ez dauden lege fisikoen mende bizi dela jabetzekoa?
Hala izango ahal da! Uste dut neurri batean jendea txiki sentitu dela halako fenomeno baten harira. Ni neu oso txikia sentitzen naiz zerura begiratzen dudan bakoitzean.
Jende askok bat egin du naturarekin eta unibertsoarekin. Fenomeno laburra izan da, baina esan izan da jendearengan arrastoa utziko duela. Benetan?
Gure biografia pertsonalean markatuko gaitu, ez dugu ahaztuko, baina ez gaitu hobeak egingo. Hala diote ikerketek. Jakina da eklipse osoa ikusten duzun bitartean horrek hobea egiten zaituela: jendeak, ni erabili beharrean, gu erabiltzen du. 2017ko AEBetako eklipsean milioika herritarrek X sare sozialean [orduan Twitter zen] argitaratutako mezuak aztertu zituzten, eta ikusi zuten lehen 24 orduetan jendea talde bateko kide sentitzen zela eta lotura bat sumatzen zuela fenomenoa berekin batera bizi izan zutenekin. 24 orduren buruan, polarizazioa eta egozentrismoa agertu ziren berriro mezuetan.
«Pentsatzen nuen izugarria izango zela: auto ilarak izango zirela, batzuek arduragabekeriaz jokatuko zutela, suteren bat ere piztuko zela... Baina ez da halakorik gertatu»
Eklipseak zer utziko du jendearengan?
Uste dut jendearengan zerbait geratuko dela eta geratu behar duela. Gertaera historikoa izan da, eta hori bizi ahal izatea positiboa da.
Astronomiari buruzko interesa pizteko balioko du?
Pentsatu nahi dut baietz. Lortu da bat-batean jendeak kolektiboki interesa izatea eklipse batean. Oso arraroa da, ematen baitu pantailetatik iristen zaizkigun gauzak eta futbola bakarrik interesatzen zaizkigula. Lerinek 1.700 biztanle ditu, eta atzo [herenegun] 5.000 lagun joan ziren eklipsea ikustera. Herriko festak baino gertaera handiagoa izan zen. Bat-batean, fenomeno sozial bihurtu ,zen eta gaur goizean jendea euforiko zegoen oraindik.
Astronomia taldeek diote gazteak falta dituztela, gazterik ez zaiela hurbiltzen.
Jarduerak egiten dituzunean konturatzen zara hori alda daitekeela. Astronomia taldeek antolatutako jardueretara joaten dira gazteak eta baita familiak ere, haurrekin. Horietako batzuek jarraitu egiten dute gero. Egia da geldialdi bat izaten dela nerabezaroaren eta unibertsitateko ikasketen artean, baina jende gazteak badu interesa zientzian.
Guztiari argazkiak ateratzen dizkion eta guztia bideoan grabatzen duen gizarte honetan, irudiren batean gordetzeko premiarik gabe behatu dute askok eklipsea.
Argi eta garbi esan genuen ez zuela merezi denbora galtzea argazkiak ateratzen, eklipsea ikusi eta sentitu egin behar zela. Oroitzapen bat gordetzen tematuz gero, momentua huts egiten duzu. Askok eskertu zuten argazkiena esatea, eta jendea gozatzen saiatu zen.
«Uste dut jendearengan zerbait geratuko dela eta geratu behar duela. Gertaera historikoa izan da, eta hori bizi ahal izatea positiboa da»
Eguzki eklipseari buruzko informazio asko eman da. Informazio ona izan da?
Oro har, bai. Kostatu da, eta berandu hasi da lan hori. Gu duela hiru urte hasi ginen erakunde guztietako ateak jotzen, azaltzeko zer zetorren eta zein aukera ona zen zientziari buruz hitz egiteko. Hasieran ez ziguten kasu handirik egin; aurten, aldiz, bai. Eklipsearen inguruko ikusmina handituz joan da, batez ere azken hilabetean, eta horrek eragin du informazio asko ematea.
Gehiegi?
Batzuetan, informazio esajeratua izan da. Azken asteotan oftalmologiaz asko dakien baina eklipseei buruz oso gutxi dakien jendea entzun dut esaten ez zirela inolaz ere betaurrekoak kendu behar... Bat-batean ohar asko pilatu dira, esajeratuak.
Hala ere, herenegungoa salbuespena izan zen: herritar gehienek zerura begiratzea fenomeno astronomiko bat ikusteko. Espazioa ez al dago ahaztuta? Jende askok ez daki Elon Musk eta Jeff Bezos, besteak beste, espazioa satelitez betetzen ari direla.
Astakeria bat da. Jende askok esaten du ona dela sateliteak jartzea, baina ez. 1957an, satelite artifizial bakarra zegoen. Urte gutxiren buruan, berriz, zazpiehun. Gaur egun, gainditu egin dituzte zentzuzko kopuruak. Erokeria bat da, eta jendea ez da konturatzen. Zerbait egin beharko dugu.
Espazioa okupatzen eta pribatizatzen ari dira.
Sekulako arduragabekeriaz jokatzen ari dira. Haien eredu ekonomikoa guztiz harrapakaria da. Gainera, sateliteek akatsak dituzte, haien hondakinak erori egiten dira...