Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiak etenik ez duela salatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon, Gasteizen eta Donostian deitutako elkarretaratzeetan. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, oldarraldi «politiko, mediatiko eta judizialak» hezkuntza ipini du jopuntuan daborduko, eta horrek «euskararen desofizializazio prozesua» sakontzea ekarri du. «Unibertsitatera sartzeko proben auzian gertatutakoak ondorio larri eta nabarmenak ditu euskararen ofizialtasunari dagokionez», nabarmendu du Eskisabelek Bilboko Ingeniaritza Eskolaren kanpoaldean. Jendetza batu da hiru hiriburuetan, Euskara guztiontzat, justizia euskararentzat lelopean.
Izan ere, kate beraren beste begi bat da azken egunotan jazotakoa. Kontseiluaren ustez, zenbait ikaslek Euskara eta Literatura II ikasgaian izandako emaitza txarrak euskararen aurka egiteko baliatu dituzte, eta ikasle horien arrangura «politikoki eta mediatikoki» erabili dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemak euskararen normalizazioan duen eginkizunaren kontra. Edozelan ere, Kontseiluak «larritasun bereziz» ikusi du botere judizialaren erabakia, EHU behartu baitu bide judizialetik jo duten 25 ikasleei Euskara azterketako emaitzak aintzat ez hartzera. «Berriro ere, gaia ebazteko ezagutza eta zilegitasuna duten erakundeen gainetik jarri da botere judiziala: EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren gainetik».
«Aspalditik jakina eta frogatua da A eta B ereduek ez dutela balio hezkuntza curriculumak berak ezarritako helburuak betetzeko»
IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Hala, esku hartze judizialak «saritu eta pribilegiatu» egingo ditu euskarari «uko» egin dioten ikasleak, Eskisabelek nabarmendu duenez; eta, kontrara, «gutxietsi» egingo ditu «euskarari gainerako ikasgaien pareko garrantzia eman diotenak, hezkuntza curriculumean aitortzen zaion lekua aintzat hartu dutenak, ikasteko ahalegina egin dutenak».

Era berean, Kontseiluari ez zaio egokia iruditu EHUk eta Eusko Jaurlaritzak aferari behin-behineko konponbidea emateko adostu duten bidea: auzitara jo duten ikasle horiei tokia egiteko ikaspostuak gehitzeak «ez du kaltea konpontzen», Eskisabelek adierazi duenez. «Hala balitz, logika bera erabili beharko litzateke Matematikan edo Gaztelanian emaitza txarrak izan dituzten eta haiekin konforme ez dauden ikasleekin».
Irakasleak, «seinalatuta»
Bide beretik, «kezka» adierazi dute Eusko Jaurlaritzak hartu duen jarreraren inguruan, uste baitute ez diola egiazko arazoari heldu: Eskisabelek salatu du Hezkuntza Saila ez dela arduratu hainbat ikasle curriculumean jasotzen den gutxieneko euskara mailara iritsi ez izanaz, eta horren ordez azterketak zuzendu dituzten irakasleak «seinalatu» dituela, «haien ezagutza, doitasuna eta sen ona zalantzan jarriz». Irakasleoi babesa adierazi die Eskisabelek, eta bertaratutakoek txalo zaparrada batekin hartu dute keinua.
«Justiziak berriz erakutsi du ikasle batzuek, itunpeko ikastetxeetakoek, euskara albo batera utz dezaketela, baina beste ikasleok selektibitate normal bat egin behar dugula»
EDER GORBEA IAS Ikasle Antolakunde Sozialistako kidea
Horrek guztiak ondorio garbiak ditu euskal hiztunentzat, Kontseiluaren ustetan. «Agerian uzten du zenbateraino garen bigarren mailako eta meneko euskaraz ardazten garen herritarrak; zenbateraino den bigarren mailako eta meneko euskara». Eta, era berean, gizarteak mezu argia jaso du. «Euskarak ez du gaztelerak bezainbeste balio».
Baina, Kontseiluaren arabera, Euskara probetan erakutsitako maila apala ez da azterketak zuzendu dituztenen ardura, baizik eta ereduen sistemarena. «Aspalditik jakina eta frogatua da A eta B ereduek ez dutela balio hezkuntza curriculumak berak ezarritako helburuak betetzeko». Kontrara, ereduak «trabatu» egiten du euskararen normalizazioaren alde urratsak egitea, eta «urratu» egiten du, orobat, ikasle mordo batek euskara ezagutzeko duen eskubidea. Alde horretatik, Kontseiluak aspaldiko eskakizun bat berretsi du gaurko elkarretaratzeetan: egungo eredu sistema bertan behera utzi eta euskarazko ikaseredua orokortu behar dela nabarmendu du, zentro, herri eta auzo bakoitzeko errealitatera egokitutakoa, baina ikasleak euskalduntzea izango duena helburu, betiere.
«Selektibitatean segregazioa dago, gure hizkuntza eta historia bera ez dira aitortzen eredu horretan... Eta azken egunetako gertakariek are egoera zapalduagoan jartzen gaituzte euskaldunok»
BEÑAT CRISTOBAL ORUE Ikamako kidea
«Euskararen etorkizuna jokoan den honetan», Kontseiluak bide horren alde egin du normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiteko, baita justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzeko ere, hori baita gaur-gaurkoz gizarteak dauzkan «korapilo nagusietako bat». Erakundearen ustez, Hezkuntza Legearen azken eztabaidan pauso hori emateko aukera galdu zen, baina, euskararen kontrako oldarraldia hezkuntzara hedatzearen ondorioz, beste aukera bat zabaldu da hori erdiesteko; hala, Eskisabelek euskarazko ikasereduaren alde egitera deitu ditu euskalgintzako eta hezkuntzako eragileak, euskararen etorkizunean sinesten duten indar politiko eta sindikalak, baita euskaltzale oro eta «euskararen, justizia sozialaren eta berdintasunaren alde dauden herritar guztiak» ere.
Legeari «intsumisioa»
Hain justu, eragile horietako batzuek bat egin dute gaurko elkarretaratzearekin. IAS Ikasle Antolakunde Sozialistako kide Eder Gorbearen arabera, Euskara azterketekin gertatutakoak zera berretsi du: selektibitatea «proba baztertzaile bat» dela, indibidualismoan oinarriturikoa, eta ikasleen arteko desberdintasunean sakontzen duena. «Hau bada euskararen aurkako eraso bat, baina baita ikasleon aurkako eraso bat ere». Haren ustez, PP, Vox eta PSE-EE alderdiak, baita sindikatu «espainolista» batzuk ere —CCOO, esaterako—, kasua erabiltzen ari dira haiek abiatutako «euskararen kontrako kanpaina» indartzeko.
«Arazoa ez da ikasleena, baizik eta legearena. Legeak bermeak eman beharko lituzke halako esku hartze juridikorik izan ez dadin»
IGOR EIZAGIRRE ELA sindikatuko kidea
Baina, horrez gain, aferak klase pribilegioa ere agerian uzten duela iruditzen zaio Gorbeari. «Justiziak berriz erakutsi du ikasle batzuek, itunpeko ikastetxeetakoek, euskara albo batera utz dezaketela, baina beste ikasleok selektibitate normal bat egin behar dugula. Azken finean, ikasle horiek abokatu hobeak ordaintzeko ahalmena izaten dute, eta alderdi instituzional horien babesa ere izaten dute. Ez da izan ikasleon antolakuntzari esker lortutako zeozer, baizik eta interes jakin batzuk dituen jendearen mugimendu bat».

Ikamako Beñat Cristobal Oruek ere uste du ez dela izan «ausazko» gertakari bat, baizik eta epaile «espainolista» batzuen eta komunikabide, hedabide eta hainbat alderdi politikoren «jokaldi erabat antolatu bat», euskaldunen kontrako zapalkuntza indartzea duena ardatz. Ikamako kideei ez zaie kasualitatea iruditzen zero saldoa Euskaran pilatu izana, eta Cristobal Oruek uste du emaitza horiek ikasle euskaldunen kontra egiten dutela. «Euskaldunok gure ama hizkuntza ez den batean zailtasunak izan ditzakegu beharbada —gaztelanian, adibidez—, baina hori ez da kontuan hartzen». Aurtengo egoerak are gehiago korapilatu du berez «konplexua» den sarbide proba. «Segregazioa dago, gure hizkuntza eta historia bera ez dira aitortzen eredu horretan... Eta azken egunetako gertakariek are egoera zapalduagoan jartzen gaituzte euskaldunok».
«Eusko Jaurlaritza pasabidea ematen ari zaio ikastetxe itundu pribatu elitista batzuetako familiak bultzatzen ari direnari. Zuzenketek badute berme prozedura bat, eta orain arte ez da arazorik egon»
IRATI TOBAR LAB sindikatuko kidea
Deialdiarekin bat egin duten sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren jarreran ipini dute arreta. ELAko Luken Etxabek eta Igor Eizagirrek hizpidera ekarri dituzte Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren hitzak, A ereduko ikasleei entzun egin behar zaiela esan baitzuen; bada, ELAko kideen ustez, sailburua «intsumisioa» egiten ari da EAJk eta PSE-EEk eurek bultzatutako Hezkuntza Legeari. «Arazoa ez da ikasleena, baizik eta legearena», azpimarratu du Eizagirrek. «Euskal Enplegu Publikoaren Legea izan da azken kasua: legeak bermeak eman beharko lituzke halako esku hartze juridikorik izan ez dadin». Aldiz, indartu egiten ditu, sindikatuko kidearen ustez.
A eta B ereduak, kanpora
Hori ikusirik, argi dute bai ELAk eta bai LABek eta Steilasek: arazoa hizkuntza ereduetan dago. «Prozesuak agerian utzi du A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen, eta desagertu egin behar direla», Eizagirreren berbetan. Bide beretik, D eredua orokortu beharra dagoela nabarmendu du LAB sindikatuko Irati Tobarrek. Legeak ezartzen duenez, A eta B ereduko ikasleek B2 titulua jasotzen dute DBH bukatzean, baina bistan da ereduok ez dutela maila hori ziurtatzen, Tobarren esanetan. Hark ere deitoratu egin du Jaurlaritzak emandako erantzuna, batik bat Hezkuntza Sailak eta Unibertsitate Sailak emandakoa. Uste du instituzioak ez dituela bere beharginak babestu, ezta euskara ere. «Pasabidea ematen ari zaio ikastetxe itundu pribatu elitista batzuetako familiak bultzatzen ari direnari. Zuzenketek badute berme prozedura bat, eta orain arte ez da arazorik egon».
«Apustu argia eta sendoa egin beharko genuke aukera berdintasun horiek bermatuko dituen hezkuntza sistema oso baten eta euskal eskola publiko baten alde»
HAIZEA ARBIDE AZA Steilas sindikatuko bozeramailea
Steilas sindikatuko bozeramaile Haizea Arbide Azaren aburuz, neurri judizialak «esfortzua zigortzen du» gainditu ez dutenen mesedetan, eta euskararen eta hezkuntza sistemaren «ahultzea» dakar. Hezkuntza sisteman bertan dauden desberdintasunei erreparatu die. «Beti aldarrikatzen dugun moduan, apustu argia eta sendoa egin beharko genuke aukera berdintasun horiek bermatuko dituen hezkuntza sistema oso baten eta euskal eskola publiko baten alde». Izan ere, A eta B ereduak bermatzen dituzten ikastetxe pribatuak dira, «diru publikoz hornitutako» horiek, euskarari «batere mesederik» egiten ez diotenak, oldarraldiaren parte dira eta, Arbide Azaren irudiko.