Jaurlaritzak epaileen agindua bete du, eta arduraz jokatzeko eskatu

Selektibitateko euskara proben auziak «zalaparta handia» sortu duela dio Pedrosak, eta eskatu du afera hori ez dezatela erabili «euskara, hezkuntza eta hizkuntza eredua auzitan jartzeko».

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, artxiboko irudi batean. GAIZKA UCEDA / IREKIA
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, artxiboko irudi batean. GAIZKA UCEDA / IREKIA
2026ko uztailaren 2a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Selektibitateko euskara azterketaren bueltan sortutako polemikari erantzunez, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi du auzitegien erabakiak «inongo zalantzarik gabe bete» behar direla. Alabaina, gehitu du agindu horiek ezin direla erabili «euskara auzitan jartzeko», ezta «hezkuntza eta hizkuntza eredua kolokan jartzeko» ere. 

Zalantzak eta susmoak gailendu diren honetan, Pedrosak, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean, azpimarratu du zuhurtziaz jardun beharra dagoela. «Izututa» gelditu da azken egunetan entzundako iruzkin eta adierazpen batzuk direla eta: batez ere, polemika euskararen kontra ekiteko baliatu duten ahotsenak. Euskara «zaindu» egin behar dela azpimarratu du sailburuak.

«Jaurlaritza eta EHU elkarlanean ari dira datorren ikasturteko sarbide probarako berme guztiak ziurtatzeko, neurriak hartzeko aurten gertatu dena ez dadin berriro gertatu»

BEGOÑA PEDROSA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

Hala, nabarmendu du ikasle guztiak babestuko dituzten proposamenak behar direla. Helburu horixe du, Pedrosaren arabera, asteartean gobernuak eginiko proposamenak, eta EHUk begi onez ikusi du. Sailburuak adierazi duenez, proposamen horrek modua emango du datorren ikasturtean ikaspostu gehiago egoteko eta, hala, «ezohiko egoera gorabehera ikasleen berdintasun printzipioa babesteko eta ikasle guztien aukerak blindatzeko», baita aipatutako autoaren kalteak eragozteko ere. Horretarako, Jaurlaritzak eta EHUk elkarlanean dihardute, eta, sailburuaren hitzetan, horrela segituko dute datorren astean. Lankidetza horrek, «ezohiko egoerari» aterabidea emateaz gaindi, datorren ikasturteko sarbide probarako «berme guztiak ziurtatu» behar ditu, aurten gertatutakoa «berriro gerta ez dadin».

«Zalaparta handia», baina aurrera begira

Hezkuntza sailburuak, sarbide probako emaitzen datu zehatzik ez duen arren, adierazi du aurtengo euskara azterketako batez besteko nota 0,5 jaitsi dela aurreko ikasturteko batezbestekoarekin alderatuta. Hala ere, gainontzeko datuen faltan, Pedrosak ez daki beherakada «esanguratsua den ala ez». Adierazi du sarbide probako noten jaitsiera, oro har, estatu mailakoa izan dela, baita azterketaren bueltan sortutako zarata ere. Azaldu duenez, Errioxan, Katalunian eta Kantabrian ere «zalaparta handia» sortu da.

Alde horretatik, sailburuak «hausnartzeko» gonbita egin dio gizarte osoari: bereziki euskararen inguruan azken egunetan entzundako guztiaz pentsatzera animatu ditu ikasleak eta hezkuntzako profesionalak. Horrez gain, profesionalei konfiantza adierazi dien arren, esan du administrazio publikoak jendarteari entzun behar diola eta horren arabera jokatu behar duela. «Gauza batek ez du bestea kentzen». Sailburuaren esanetan, «zalaparta» gorabehera, erakunde publikoek entzun egin behar dute «gizarteak zer esaten duen». Hala, entzuteko eta arduraz jokatzeko beharra azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA