Astea betea da egun urriaren 17ko mobilizazio egunetik. CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek gaur manifestatzeko galdea aurkeztu zioten Baionako prokuradoreari, eta azkenean hura onarturik herriko etxetik abiatu ordez, geltokitik abiatu dira bortz mila inguru manifestari 14:30ean. Joan den astean bezainbat manifestari ibili da Baionako karriketan bizitzaren garestitzearen kontra eta justizia sozialaren alde antolatu mobilizazioan. Desfilea suprefeturaren eta herriko etxearen heinera arribatzean, herritarrei oldartu zaie Frantziako Polizia, negar gasa eta, pilotak erabiliz. Zazpi zauritu izan dira orotara.Â
Bigarren asteburuz segidan, karrikara atera dira Jaka Horiak, sindikalistak, mugimendu politikoetako militanteak, ikasleak, eta orotariko herritarrak. Joan den urriaren 17ko mobilizazioetatik Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sindikatuei baizik ez die baimendu manifestatzea asteburu honetan. Hain zuzen ere, horren karietara CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek manifestatzeko galdea aurkezturik herritarrak karrikara atera ahal izan dira Baionan
Geltokiko plazak jendez gainezka egin du 14:00etan, eta hiru sindikatuek deklaratu ibilbidea hasi dute hainbat eragilek. Sindikatu eta kolektibo anitzen banderolak eta aldarrikapenak ikus daitezke manifestaldian barna: BIZI, PCF, LFI, LAB, IEHKS, Lutte Ouvriere, eta bertze hainbat gizarte eragilek parte hartu dute gaurko mobilizazioan.
Grand Basque etorbidera heltzean, manifestaldiak bitan zatitu da. Joan den ebiakoitzean blokeatu zuten autobideari buruz abiatu dira batzuk eta bertze batzuk berriz Baiona zentrora buruz joan dira. Polizia gehiago iragartzeaz gain, joan den asteburuko blokeatze guneetara ez joateko agindu zuten agintariek, eta espero bezala Polizia lerro trinko bat prest egon da autobidearen sarreran. Manifestariak agenteengana hurbildu dira baina ez da istilurik sortu.Â
Ondoko biribilgunean dago Noema klarionarekin honakoa idazten: Autoritarismoari ez!. Espresio demokratiko «oro» blokeatuak direlako batu da urriaren 17ko mugimendura. «Manifestaldiak, hauteskundeak, petizioak, eta aldarrikapenak eramateko bide guziak iraungitu dira. Eta horren aitzinean zer gelditzen zaigu?». Gainera, neurri «egokiak» iragarri ordez, Frantziako Estatuak errepresio poliziala indartu duela deitoratu du. «Errepresioa leku guzietara zabaldu dute, manifestazioak debekatu artio, demokrazia bateko oinarrizko eskubidea zangopilatuz».Â
Hori idatzi orduko, manifestari talde gotorra autobide sarreratik mugitzen hasi da. Hiri zentrora buruz joan da desfile osoa, eta Saint Leon birbilgunetik pasatu ondoan suprefeturaren heinean elkartu da aitzinetik zatitu zen bertze manifestariekin. Hor ere Polizia lerrokada handi batek suprefetura babestuko neurriak hartu ditu eta manifestari tropa hurbiltzen hasi zaielarik gas negargarria botatzen hasi dira.Â
Â
Â