Jose Maria Quesadaren aitortza eta erreparaziorako urratsak eskatu ditu GEBehatokiak

Quesada 1968an hil zen, Polizia frankistaren partetik jasandako torturen ondorioz. Espainiako Gobernuari aitortza instituzional bat eskatu diote, eta Donostiako Udalari, hura babestu eta Meliton Manzanas torturatzaileak jasotako ohore oro ezabatzeko.

Jose Maria Quesada, artxiboko irudi batean. BERRIA
Jose Maria Quesada, artxiboko irudi batean. BERRIA
Iosu Alberdi.
2026ko azaroaren 5a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Maria Quesada Lasarte donostiarra 1968ko urtarrilean hil zen, sei urte lehenago Polizia frankistak egindako torturen ondorioz. Beste hainbat kasutan bezala, Quesadarenean ere «isiltasuna» atzean utzi eta «lapurtutako justizia berreskuratzeko» unea dela defendatu du Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, eta Espainiako Gobernura eta Donostiako Udalera jo du horretarako. Lehenari eskatu dio Quesada diktaduraren biktima bezala aitortzeko; bigarrenari, prozesu hori aurrera ateratzeko bidean laguntzeko.

Quesada ETAko lehen kideetako bat izan zen: 28 urte zituen 1962an atxilotu eta torturatu zutenean, eta 33 horren ondorioz hil zenean. Zehazki, 1962ko abuztuan atxilotu zuten, Donostian Francoren kontra prestatutako atentatu baten osteko errepresio operazio betean. Primitivo Lizarrondoren, Eduardo Ferranen eta Quesadaren familiaren oroitzapenak dira hark jasandakoaren testigantzak, eta azaldutakoaren arabera, polizia etxean «bortizki jo zuten, konortea galdu arte».

Buruan kolpe andana eman zizkioten borrekin eta beste objektu batzuekin, eta handik Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko ziegetara eraman zuten, Madrilgo Puerta del Sol plazara, eta gero Carabanchelgo espetxera. «Oso egoera larrian heldu zen, burua oso kolpatuta, belaunetan zauriak zituen, eta horrek oinez ibiltzea eragozten zion, eta prakak hanketara itsatsita zituen», gogoratu du GEBehatokiak, lekukotzetan oinarrituta.

Hain zuzen, garezurrean eragindako lesio larriek narriadura neurologiko progresibo bat eragin zioten, eta operatu egin behar izan zuten. Lesio horien ondorioz hil zen, 1968ko urtarrilean.

Horrez gain, Quesadak jazarpen judiziala ere pairatu zuten. 1963ko martxoaren 2an epaitu zuten, Madrilen, gerra kontseilu batean, eta bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten matxinada militarragatik. Espainiako «ordena juridiko sozialaren» kontra aritzea eta «Euzkadi deritzon lurraldearen independentzia» xede duen talde bateko kide izatea egotzi zioten. Gainera, garaiko espedienteen arabera, zaintza politikoa, atxiloketak eta zigor arloko prozesamendua eta espetxeratzea jasan zituen diktaduraren partetik, erregimen frankistaren kontrako jardueratan aritzeagatik. Hala nola, 1958 eta 1962 artean sei aldiz atxilotu zuten.

Jazoera horiek kontuan izanda, GEBehatokiak Espainiako Memoria Demokratikorako Legea betetzeko eskatu du, erakunde memorialistak berak sustatutako beste zenbait kasutan egin den bezala. Orain arte, GEBehatokiaren eta familien eskaeren bitartez, besteak beste, Alfredo Espinosari, Josu Mujikari, Josu Zabalari eta Aquiles Cuadrari biktima izaera aitortu die Madrilek.

Gehitu dute EAEko Memoria Historiko eta Demokratikorako Legeak ere norabide bera markatzen duela. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren estatuaren biktimen aitortzarako balorazio batzordeak 2024an aitortu zuen Quesada biktima bezala. Beraz, haren kasuak zein gainerakoek agerian uzten dute «erregimen frankistak erabilitako tortura eta errepresioaren zigorgabetasuna», nabarmendu dutenez.

Duintasuna

Hala, Quesadaren aitortza bultzatzeko asmoz, GEBehatokiak eskaera sorta bat egin dio Donostiako Udalari ere. Batetik, Madrili egindako eskaera babesteko eskatu dio, eta, bide horretan eragiteko, Quesadari «erreparazioa emateko eta duintasuna berreskuratzeko» ekimen bat ere garatzeko ere galdegin dio.

Horrez gain, Meliton Manzanas torturatzaile frankistari —Quesadak jasandako torturetan parte hartu zuen— emandako kondekorazio, domina eta ohore ofizial guztiak kentzeko mozio bat onartzeko ere eskatu dio Donostiako Udalari. Hala egin zuen Irungo Udalak maiatzean, PSE-EEren, EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren aldeko botoekin.

«Ez errepikatzeko oinarriak ezartzeko, garrantzitsua da horrelako kasuak sozializatzea eta belaunaldi berrien artean ere ezagunak izatea», nabarmendu du GEBehatokiak. Izan ere, gogoratu dute frankismoaren biktimek eta horien familiek «isiltasunean» bizi izan dutela euren mina, «beldurrak inposatutako ostrazismotik». Horren aurrean, «duintasuna berreskuratzeko» garaia dela defendatu du GEBehatokiak, eta horretarako erakundeek ere lagundu behar dutela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA