Asteazken gauean aurkikuntza berezia egin zuten Josu Urrutikoetxearen alabak eta bikotekide ohiak. Angelun (Lapurdi) duten etxebizitzaren atarian eskumuturreko bat zegoen, atearen gainean eskegita. Espainiako Guardia Zibilaren leloa zeraman agerian, Espainiako banderaren koloreekin idatzita: El honor es mi divisa (Ohorea da nire enblema).

Gaur egun Urrutikoetxea ez da bertan bizi, baina argi du haren kontrako mehatxua dela gertatutakoa. Komisarian jakinarazpena egin du, jasota gelditu dadin.Â
2020ko uztailetik baldintzapean aske bizi da Urrutikoetxea, Frantzian haren kontra dituzten prozedura judizialak bukatu bitartean. Hasieran Parisen egon bazen ere, Ipar Euskal Herrira itzuli zen duela denbora bat. Parisen zegoela, haren helbidea publiko egin zuen Espainiako prentsak, eta etxebizitzaz aldatzera behartua izan zen.Â
Urrutikoetxea klandestinitatean egon zen urteetan, behin baino gehiagotan egin zizkioten jarraipenak haren bikotekide ohiari. Autoan jarritako GPS gailuak ere aurkitu izan zituen. Aldi honetan, beste gisa bateko seinalamendua jaso dute.Â
Bi auzi Parisen
Ondoko asteetan bi zita izanen ditu Urrutikoetxeak Parisko Dei Auzitegian. Lehena otsailaren 25ean izanen da, udazken honetan Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Frantziari helarazitako euroagindu eskaera aztertuko baitute. Zehazki, herriko tabernen auziarekin lotuta lehenago egindako agindua zabaltzeko eskatu zuen.Â
Heldu den apirilaren 9rako eta 10erako ere deitua da Parisera, 2002tik 2005era ETAko kide izan zelakoan, «helburu terroristak» dituen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta epaitu behar baitute. Prozedura arazoengatik behin eta berriz atzeratu ondotik, urri hasieran egitekoa zuten. Baina beste behin atzeratzea erabaki zuen epaileak, Urrutikoetxearen osasun egoera dela eta.Â