Kanboko Nahi Dugun Herria taldeko hautetsia

Argitxu Hiriart-Urruti: «Jujeek badute parada erakusteko gure borrokari zer oihartzun ematen dioten»

Nahi Dugun Herria Kanboko oposizio abertzaleak hastapenetik salatu du Marieneko eraikitze egitasmoa. Argitxu Hiriart-Urruti taldeko buruak proiektuko partaideak izan ditu aipagai: Kanboko auzapeza, Euskal Elkargoa, Bouygues.

ARGITXU HIRIART-URRUTI
Argitxu Hiriart-Urruti. JOANES ETXEBARRIA
Iñaki Etxeleku.
Kanbo
2024ko martxoaren 12a
17:00
Entzun

Bigarren kargualdia du Argitxu Hiriart-Urruti hautetsi abertzaleak (Armendaritze, Nafarroa Beherea, 1962) oposizioko taldearekin, Kanboko Herriko Etxean. Hastetik geldiarazi nahi dute Marieneko etxebizitza egitasmoa. Gaurko auzian lekukotasuna emanen du.

Kanboko Herriko Etxeak Bouyguesi eman lehen eraikitze baimenean bazen oker bat, eta behar izan dute aldatu kontrakoek auzitara jo ondoan. Zertan da afera?

Paueko administrazio auzitegiak erran zuen baimena ez zela egokia, eta beste bat behar zutela ezarri. Kanboko Herriko Etxeak kasik aste baten buruan onartu zuen baimen berria. Nahi dutelarik, biziki fite ari dira!

Auzitegiak zer erranen duen beha zaudete?

Beharbada bizpahiru hilabete irabazten ahal ditugu oraino. Baina, Paueko tribunalean onartzen bada, berehala hasten ahalko dira eraikitzen. Bordeleko dei auzitegiaren erantzunik ez badugu ere. Hori gertatu zen Arbonan. Lurzaindiak auzia [Etxetako afera] irabazi zuen, baina etxeak jadanik eraikiak zituzten.

Deveze auzapezak dio bizitegi galde anitz baduela eta ez duela hauturik, eraikitzea baizik.

Oroitarazi behar da baduela 30 urte Deveze jauna gehiengoko hautetsi dela: axuant nagusi gisa lehenik, eta auzapez gero. Etxebizitza sozialak nahi izan bazituzten egin —horren gibelean gordetzen baitira—, bazuten denbora egiteko, segurki. Orain dira axolatzen. Gainera, Marienean 3,5 hektarea laborantza lur dira, eta bakarrik 49 etxebizitza sozial egiteko erabili nahi dituzte. Kanbon, haatik, kasik seiehun etxebizitza sozial falta dira. Zertan ari izanak dira hainbeste urtez?

Frankotan errana duzue aterabideak badirela laborantza lurrak jan gabe.

Adibidez, etxe huts handi batzuk badira. Noblia txokolategia zen lekuan, 6.000 metro karratuko eremua bazuten, eta finka zezaketen etxebizitza egiteko. Anitz aldiz erran genien. Lurraren Tokiko Erakunde Publikoarekin eros zezaketen, eta proiektu polita egin hor. Baina ez. Egoitzak egin nahi izan dituzte adineko jende aberatsentzat. Zerbitzu guziak hartzen badituzu, hilabetea 3.800 euro kostako zaizu egoitza horietan. Nekez betetzen ari dira, eta zergen kenketa operazioak egiteko baliatzen dituzte; ez dira hemengo jende xaharrarentzat.

Erran duzuenez, erietxe gotor batzuk ere badira hutsik?

Lehengo Argia psikiatria etxea hutsa da aspalditik. Hor ere proposatu genuen eremua eraikigarri ezartzea etxebizitzen egiteko. Eta ezetz, nahi zutela hotel bat egin. Azkenean, aurten erabaki dute etxebizitzak egiteko ezartzea. Hamar urte galdu ditugu. Beraz, ez dezatela erran axolatuak direla jendeak ez duelako bizitegirik atzematen Kanbon. Gainerat, nahi dutelarik, badakite egiten: orain, Bouygues bera hirurogei etxebizitza egiten ari da Kanbo erdian. Erdiak, sozialak. Renauden fabrika zaharrean hamalau, BRS elkartasunezko alokairuekin. Badakite zer tresna badiren, baina ez dituzte baliatu nahi.

Beaulieu egoitza izandakoa ere bada.

Beaulieun badira lau hektarea eraikitzeko, eta lau eraikin. 2021ean erosi zuten, Lurraren Erakundearekin, baina ez da deus ateratzen. Beti pusatzen dute, eta ez dute erraten zer egin nahi duten. Ez dezatela erran etxebizitzak bakarrik Marienean egiten ahal dituztela. Marienean 49 etxebizitza egiteko, prest dira Kanboko laborantza lurrik ederrenak funditzeko.

Hastetik salatu duzue Marieneko gatuak baduela beste buztanik.

Arras ongi dakigu [Deveze] Salagoitiren lagun arras ona dela [Francis Salagoiti, Baionako auzi idazkaria eta Marieneko lurren parte baten jabea]. Elkarrekin egonak dira Aviron Bayonnaiseko buruzagi [Salagoiti errugbi talde profesionaleko lehendakari egona da, eta Deveze lehendakariorde, garai berean]. Auzapezak jabe horiei nahi die plazer egin. Gero, zer hitzartua duten beren artean, hori... Lur hori hiru milioi euroan da salgai. Jabeek dituzte berriz ere sakelak beteko.

Euskal Elkargoak Kanboko xede hori onartu du, alta?

Erraten ahal da badela adiskidantza hor ere hautetsien artean. Kanboko hirigintza plana elkargoan pasatu zelarik, Jean-Rene Etxegaraik berak erran zuen: ‘Ikusirik plan horretan laborantzarako 93 hektarea gehiago badirela, ez dut alde baizik bozkatzen ahal’. Bazekien arras ongi ez zela egia. Laborantzarako baliatu ezin izanen diren eremuak —oihanak, mendiguneak— paperean laborantzarako eremu gisa ezarri zituzten. Ganibet ukaldi bat izan zen bizkarrean. Aseak gara holako jokamoldeekin.

Alta, Etxegarai laborantza lurren defendatzearen alde mintzo da.

Erraten dituzte holako gauzak. SCOT lurralde eskema irakurtzen duzularik, iduri du gure programa dela. Baina zehazki ikusten duzularik herrietan zer egiten den, besterik da; ez da posible. Etxegarairena komunikazio hutsa da. Jakin behar da elkargoko abokatuen kontra ari garela auzitegian [Elkargoko abokatuek dute Kanboko Herriko Etxea defendatzen]. Abokatu horiek erran dute lur horietan ez dela ardirik, ez direla baliatzen. Harritzekoa da! Gezurrekin ari dira.

Nahi Dugun Herria taldekoei zer gelditzen zaizue? Denbora irabaztea 2026ko hauteskundeak egin arte, irabazteko itxaropenarekin?

Hori ere bai! Sinisten dugu, eta proiektu hori ezeztarazi nahi dugu.

Zer uste duzu aterako dela gaurko auzitik?

Jujeek badute parada erakusteko gure borrokari zer oihartzun ematen dioten. Zer mezu igortzen dieten hemengo herritarrei eta gazteei. Jendeek ez dituzte gehiago nahi diru logika horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.