Justizia Anderrentzat plataformak salatu du oraindik badaudela «erantzule diren polizia eta arduradun politikoak»

Santurtziko udaltzainburuaren dimisioa txalotu dute plataformako kideek, eta adierazi mobilizatzen jarraituko dutela erantzule guztiak «justiziaren aurrera eraman arte».

Justizia Anderrentzat herri plataformak uztailaren 17an egin zuen mobilizazioa, Santurtzin. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Justizia Anderrentzat herri plataformak uztailaren 17an egin zuen mobilizazioa, Santurtzin. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko abuztuaren 7a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Justizia Anderrentzat herri plataformako kideek gustura hartu dute Santurtziko udaltzainburuaren (Bizkaia) dimisioa. Herenegun jakinarazi zuen Ibon Iturraspek kargua utziko zuela, herria astindu duten bi gertakari direla eta; tartean, 30 urteko gizon baten heriotza. Jazoera hori salatu eta «polizia inpunitatearen aurka borrokatzeko» sortu zuten plataforma; nolanahi ere, argi utzi dute beren egitekoan jarraituko dutela. Izan ere, haien esanetan, «erantzule diren polizia eta arduradun politiko batzuk» jardunean ari dira oraindik: «Ez dugu gure jarduna etengo Anderren heriotzaren erantzule diren polizia eta arduradun politiko guztiak kargutik kanporatu eta justiziaren aurrera eraman arte».

Instagram sare sozialaren bidez egin dute publiko oharra. Bertan, zalantzan jarri dute udaltzainburuaren dimisioa «arrazoi pertsonalengatik» izatea. Are gehiago, adierazi dute heriotzaren osteko egunetan Santurtzin protestarik egin ez balitz «ezinezkoa» izango zela Iturraspek kargua uztea. Nabarmendu dutenez, udalak eta udaltzaingoak «estaltzen» saiatu ziren egun haietan, eta zenbait hedabidek «Ander kriminalizatzeko kanpaina bat» abiatu zuten.

Ekainaren 24an hil zen 30 urteko gizonezkoa, Gurutzetako ospitalean (Bizkaia). Bi egun lehenago, Santurtziko Udaltzaingoak tiro egin zion taser pistola batekin, eta «polizia indarkeria horren ondorioz» hil zela argudiatzen dute senide eta lagunek: «Santurtziko Udaltzaingoak bortizki jazarri eta jipoitu ostean hil zen Ander, krisi psikotiko bat pairatzen ari zela». Hori salatzeko sortu zuten Justizia Anderrentzat herri plataforma, uztailaren 10ean.

Mobilizazio gehiago

Azken hilabetean hainbat mobilizazio antolatu dituzte, herriko ekintzaileekin batera. Uztailaren 17an, esaterako, ehunka lagun bildu ziren Santurtziko kaleetan barrena egin zuten mobilizazioan.  Bertan, besteak beste, heriotza horren inguruko «egia mahai gainean jartzeko» eta «erantzukizun polizialak, politikoak eta mediatikoak argitzeko» eskatu zuten.

Mobilizazioetan aurrera jarraituko dutela adierazi du herri plataformak. Urriaren 3rako mobilizazio bat antolatu dutela jakinarazi dute gaur kaleratutako oharrean: 12:00etan abiatuko da, Santurtziko udaletxetik. Ekintzaren helburua «argia» dela esan dute: «Beste inor ez dadila izan polizia indarkeriaren biktima, ez Santurtzin eta ez beste inon».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA