Santurtzin (Bizkaian) Karmengo jaiak ospatzen dabiltzan arren, Ander S.T. gaztearen heriotza ez dute alde batera utzi nahi izan haren senide eta lagunek. 30 urteko gizonezkoa ekainaren 24an hil zen, bi egun lehenago Udaltzaingoak taser pistolak eta borrak erabiliz hura koman utzi ostean. Besteak beste, heriotza horren inguruko «egia mahai gainean jartzeko» eta «erantzukizun polizialak, politikoak eta mediatikoak argitzeko» sortu dute Justizia Anderrentzat plataforma. Bide horretan, ehunka pertsona batu dira ostiral honetan egindako manifestaziora.
Justizia Anderrentzat lelopean, ehunka lagunek manifestazioa egin dute gaur arratsaldean, Santurtzin. Joan den astean sortutako plataformako kideek nabarmendu dutenez, «herritarren inplikazioa, presioa eta mobilizazioa oso garrantzitsuak» izaten ari dira —ekainaren 27an ere manifestazioa egin zuten— gaztearen heriotza salatzeko eta ekainaren 22 hartan zer gertatu zen azaltzeko. Azaldu dutenez, egun horretan, gaztea Santurtziko Udaltzaingoaren komisariara joan zen «laguntza eskatzera», aurretik egin izan zuen bezala, «agerraldi psikotiko» bat izaten ari zelako. Baina laguntza jaso ordez, «bortizki jazarri zioten eta indarrez atxiki zuten, taserrak eta borrak erabiliz».
Hurrengo deialdiaren berri eman dute: urriaren 3an ere manifestazioa egingo dute, Santurtzin bertan
«Lekuko batzuek adierazi dute lurrean bi ordu inguru izan zutela, jipoitu egin zutela eta ez ziotela osasun laguntzarik eman», nabarmendu dutenez. Beraz, herritarrei dei egin diete «frogak eta testigantzak» aurkezten jarraitzeko eta, batez ere, «kalera ateratzeko, Anderrentzat justizia egin dadin». Horrekin lotuta, hurrengo deialdiaren berri eman dute: urriaren 3an ere manifestazioa egingo dute, Santurtzin bertan.
«Erantzule zuzenak»
Plataformako kideen ustez, gaztearen heriotzak «erantzule eta konplize zuzenak» ditu: «Esku hartze hori egin zuten udaltzainak dira errudunak». Are, Santurtziko gobernu taldearen «konplizitatea» agerian utzi nahi izan dute. Salatu dutenez, «Poliziaren bertsioa zalantzan jarri beharrean, udaltzainei baldintzarik gabeko babesa eman zien, gertakariak zuritu eta Ander kriminalizatzeko helburuz».
Komunikabideak ere kritikatu dituzte, «udaltzainak inposatzen saiatu diren narratiba faltsuarekin bat egin baitute», plataformakoen ustez. «Ander ez zen pertsona gatazkatsua, ezta bortitza ere. Ezagutzen genuenok argi utzi nahi dugu pertsona hurbila, maitagarria, dibertigarria eta atsegina zela», nabarmendu dute.
«Justizia eskatzeko eta polizia inpunitatearen aurka borrokatzeko» eratu dute taldea, argi baitute gaztea «poliziaren esku hartze bortitz baten ondorioz» hil zela. Beraz, plataformaren helburu nagusia zera da: gaztearen heriotzaren inguruko «egia mahai gainean jartzea» eta «erantzukizun polizialak, politikoak eta mediatikoak argitzea».
Gogorarazi dutenez, poliziaren esku hartze bakoitzaren atzean «zaindu beharreko bizitza bat» dago
Baina, horrez gain, hildako gaztea «polizia indarkeriaren biktima gisa» aitortzea ere nahi dute. Halakorik beste inori gertatuko ez zaiola bermatzeko, berriz, bi neurri hartzea eskatu dute: hilgarriak izan daitezkeen polizia baliabideak debekatzea, hala nola taserrak; eta gaztearen heriotzan inplikatutako polizien jarduna behin-behinean etetea.
Santurtziko Udalak, berriz, barne ikerketa abiatu du, eta gertaeren berri eman dio Poliziaren Kontrol Batzordeari. Gaztearen senideek, ordea, auzitara jotzea erabaki dute; eta, bide horretan, plataformako kideak lagun izango dituzte.
«Estigmaz beteriko tabua»
Amaitzeko, hausnarketa txiki bat egin nahi izan dute osasun mentalari buruz, «estigmaz beteriko tabua» dela uste baitute. Batetik, zera azpimarratu dute: krisi psikologiko bat bizi dutenak «pertsonak» direla berdin-berdin, eta norbaitek entzutea, ulertzea eta babestea behar dutela. «Halako egoeretan sortzen den beldurra edo nahasmena ez da konpontzen beldur gehiago sortuz; gizatasunaren, prestakuntzaren eta baliabideen bidez baizik», azpimarratu dute.
Gogorarazi dutenez, poliziaren esku hartze bakoitzaren atzean «zaindu beharreko bizitza bat» dago. «Beharrezkoa da segurtasun kidegoen, osasun zerbitzuen eta osasun mentaleko profesionalen arteko koordinazioa hobetzea, pertsonaren babesean oinarritutako protokoloak garatzea, eta enpatiaz eta segurtasunez erantzutea ahalbidetuko duen prestakuntza espezifikoa ematea», azaldu dute.
Izan ere, nabarmendu dutenez, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak «ez dira mehatxu bat»: «Pertsonak dira. Eta pertsona gisa, eskubidea dute errespetuz, duintasunez eta edozein gizakik merezi duen zaintzaz tratatuak izateko».