Justizia Aranarentzat plataformak tiro egin zuen ertzainaren burua ez ikertzea salatu du

Gaur zen deklaratzekoa Iker Arana larri zauritu zuen ertzainaren kargu zegoen polizia, lekuko gisa. Plataformak orain arte izandako oztopoak ere salatu ditu; tartean, lekukoen deklarazioak atzeratu izana.

Iker Arana eta Justizia Aranarentzat plataformako kideak. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iker Arana eta Justizia Aranarentzat plataformako kideak. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Paula Marques
Bilbo
2026ko irailaren 30a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur deklaratzekoa zen Iker Arana foam bala batekin larriki zauritu zuen ertzainaren kargu zegoen agentea. Hori dela eta, Iker Arana bera eta Justizia Aranarentzat plataformako kideak Bilboko auzitegiaren aurrean bildu dira kasuaren inguruko zenbait gai argitzeko. Haien ustez, gaur deitu duten ertzainak ikertu moduan deklaratu beharko luke, eta ez lekuko moduan. Aranak azaldu duenez, kargudun nagusiak badu nolabaiteko erantzukizuna: «Hark agindu zuen eskopetak hartzeko eta tiro egiteko». Kontrara, kritikatu du hura ez ikertzeko erabakiak beste ertzain batzuk ikertzeko aukera oztopatzen duela.

Plataformak instrukzioko epaileari eskatu zion kargudun nagusia ikertzeko, baina eskaerari muzin egin zion. Hori dela eta, plataformak erantzukizun guztiak argitzeko eskatzen du, zeren, haien arabera, tiro egin zuen ertzainak ez ezik, dispositiboa antolatu eta egun hartan aginduak eman zituen agintari polizial eta politikoek ere bai baitute erantzukizuna auzian. 

«34 ertzain kamera eta guzti, bi drone gure gainean denbora guztian, helikoptero bat... eta frogarik batere ez»

IKER ARANA Ertzaintzak zauritua

Bilboko Etxarri II gaztetxea husteko operazioan, Aranak barrabil bat galdu zuen Ertzaintzak botatako foam jaurtigai baten ondorioz. Gaztearen arabera, ertzainaren defentsa «ulertezina» da. «Ekintza bortitzetan oinarritzen ari dira, eta ez zen halakorik gertatu ni nengoen lekuan. Esaten dute nik poliziari eraso egin nahi niola», kontatu du Aranak. Hain zuzen, akusazio hori ezeztatu ahal izan zuen sare sozialetan argitaratu zuten bideo batekin. Hura da une haren irudi argitaratu bakarretako bat; izan ere, oraindik ezin izan dituzte ikusi ertzainek soinean zeramatzaten kamerekin grabatutako irudiak. «34 ertzain kamera eta guzti, bi drone gure gainean denbora guztian, helikoptero bat... eta frogarik batere ez».

Aranak dioenez, Ertzaintzak adierazi du grabaketa horiek aztertu zituztela, baina ez da fio: «Haietaz fidatu behar duzu, ikusita zein gezurtiak diren». Instrukzioko epaileak ere ez zien baimenik eman bideo horiek ikusteko, eta, erabaki horren ondorioz, Aranak zalantzan jarri du kameren eginkizuna bera. «Ez dut ulertzen zertarako dauden: ez dago protokolorik haien erabilerari dagokionez, eta, gainera, gardentasunik ez dago», esplikatu du.

Aldi berean, gogorarazi du berak deitutako lekukoen erdiek-edo ez dutela deklaratu oraindik, urte eta erdi igaro den arren. Kritikatu du «oztopoak» izan dituztela deklarazio horiek egiteko: «Zenbaitetan atzeratu dira deklarazioak, zer-eta honelako arrazoiengatik: bidaian zihoala, bere abokatuak hegaldi bat hartu behar zuela… Gauza ulergaitzak». Laburbilduz, plataformak salatu du «frogak ezkutatu eta kasua isildu eta luzatu» dutela, eta Poliziaren zigorgabetasunaren testuinguruan kokatu dute hori.

«Azpimarratu nahi dugu Poliziaren zigorgabetasuna amaitu behar dela eta protesta eskubideari dagokionez aurrera egin behar dugula», nabarmendu du Asier Praderak, Justizia Aranarentzat plataformako kideak. Hark, gainera, azken hilabeteetako beste zenbait kasu ere gogoratu ditu. «Azken hilabete hauetan Poliziaren indarkeria kasuak ikusten ari gara bata bestearen atzetik, aktibisten eta jende arruntaren kontrakoak». Kidearen arabera, Poliziak biolentzia fisikoa sistematikoki erabiltzen du ondoriorik izan gabe. Hala, kritikatu du «inpunitate esparru bat» dutela, «botere judizialak eta Eusko Jaurlaritza bezalako instituzio politikoek babesten dutena, eta baimena ematen diena nahi duten moduan jarduteko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA