Nafarroako Gobernua. Murrizketa neurriak. Manuel Rapun. NUPeko Ekonomia errektoreordea

«Justu geunden, eta unibertsitatearen berezko lanean izango da orain eragina»

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Minduta hartu dute mozketei buruzko albistea NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Komunikabideen bitartez jakin dute ia hiru milioi euro kenduko dizkiela gobernuak aurrekontutik. Manuel Rapun Ekonomia errektoreordeak (Arguedas, Nafarroa, 1952) nabarmendu du lehen ere ari direla pairatzen murrizketak.

Iruñeko gobernuak beste behin dirua murriztuko dio unibertsitateari.

Guk komunikabideen bitartez jaso dugu informazioa. Nafarroako Gobernuak %5 jaitsiko dizkigu zuzeneko transferentziak.

Espero zenuten?

Gobernuak iragarri zuenean 132 milioiko mozketa egingo zuela, bagenekien diru sail guztiek jasan zezaketela eragina. Iazko esperientzia ere bai baitaukagu gurean: lau milioiko murrizketa jasan genuen. Ez genuen nahi beste mozketa bat, eta, noski, ez dator batere ondo. Gainera, hedabideen bitartez izan dugu horren berri.

Barcinak adierazi du hezkuntzan ez dela izango murrizketen eraginik.

Hori dio gobernuaren oharrak, baina ez da egia. Izatekotan ere, unibertsitatez kanpoko hezkuntzari ez dio eragingo, unibertsitate publikoari eragingo baitio. Gainera, gobernuak ez duenez aldatu langileen gastua, eta transferentzia horiek gastu hori finantzatzeko balio dutenez, eta uste badugu langileen gastua ez dela ukitu behar, unibertsitateak beste sailetan egin beharko du doiketa; eta atal horietan %14koa izango da mozketa, ez %5ekoa. Bi ideia horiek argi utzi nahi ditut errektore taldearen izenean: hezkuntza publikoan murrizketa jasango dugu guk, eta %5ekoa baino handiagoa izango da.

Nondik murrizteko aukera dago?

Komunikabideen bitartez jakin dugunez berria, orain aztertu beharko dugu egoera, eta ikusi non egin daitekeen zer. Ia hiru milioi euro dira. Azken urteetan milioi asko dira: iaz lau milioi euro ziren, eta aurrekoetan ere izan ziren. Gobernua jaisten ari da finantzaketa, eta beharrak handitzen ari dira, Europako Goi Hezkuntzako Eremua ezarri behar baitugu.

Eskolak emateko eta ikerketarako arazoak izan daitezke NUPen?

Errektore taldea saiatuko da mozketek oinarrizko zerbitzuei ez eragiten, eskolei eta ikerketari. Baina bistan da: lehen ere justu geunden, eta unibertsitatearen berezko lan batzuek eragina izango dute orain. Errektore taldearen eta unibertsitateko komunitatearen ardura da horien eragina ahalik eta txikiena izatea ezinbesteko jardunetan.

Mahai gainean dago ikasleek zenbat ordaindu behar duten. Igoko al dituzte prezioak?

Bileraren bat izan dugu Nafarroako Gobernuarekin, eta eskatutako informazioa eman diegu. Gobernua arituko da orain aztertzen zenbat igo prezio publikoak. Ikasleak izena ematen hasi dira, eta oraindik ere ez dakigu zenbat pagatu beharko duten. Aurreko urteetan garaiotarako prezioak ezarrita egon ohi ziren, hala ere.

Ikasleei gehiago kobratzea egokia litzateke mozketei aurre egiteko?

Bi gai diferente dira, nire ustez. Prezioak ezartzea autonomia erkidegoetako gobernuei dagokie. Espainiako Gobernuak 3.000 milioi aurreztu nahi ditu hezkuntzan, eta testuinguru horretan kokatu behar da gobernuak ezarri behar duen matrikulen prezioa. Guk esana dugu tokiz kanpo dagoela orain gai hori, eta, izatekotan, beken sisteman kontrabalantza egin beharko litzatekeela. Edonola ere, Nafarroako Gobernuari dagokio erabakia hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.