CCOOk jakinarazi du Kabiak ezarritako hizkuntza eskakizunen aurkako beste epai bat eman dela

Garbitzaile lanpostuetarako eskakizunak derrigortasun indizeak ezarri baino gehiago direla adierazi du sindikatuak, eta horregatik ezeztatu duela ebazpen batek erakundearen lan deialdi publiko bat, «neurrigabetasuna» egotzita.

Langileak euskara sustatzeko irizpideen alde, protesta batean, Gipuzkoako Diputazio parean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Langileak euskara sustatzeko irizpideen alde, protesta batean, Gipuzkoako Diputazio parean. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urtarrilaren 16a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

CCOO sindikatuak jakitera eman duenez, Kabia erakunde autonomoak ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako epaia eman du Donostiako auzitegi batek, eta atzera bota du erakundeak abiarazitako lan deialdi bat. Sindikatuaren arabera, garbiltzaile postuetarako zen lan eskaintza publikoa, derrigortasun indizeak ezarri baino hizkuntza eskakizun gehiago eskatu ziren, eta horregatik ezeztatu du orain auzitegi batek, «neurrigabetasuna» egotzita. Kabia adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzaz arduratzen den organismo autonomo bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikita dagoena; lurraldeko hamasei udalerritan ditu egoitzak.

Sorreratik bertatik, aitzindaria izan da euskararen biziberritzean, aintzat hartzeko moduko eredu bat, baina aurrez ere izan dira lan deialdietan ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako sententziak. 2024ko urrian, Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 1. Salak ontzat jo zuen bi langilek Kabiaren kontra jarritako salaketa, eta ebatzi zuen «gehiegizkoak» zirela erakunde hark egoitzetako laguntzaileen egonkortze prozesuan ezarritako euskara eskakizunak. Hala, bertan behera utzi zuen 2022an 54 zaintzaile egonkortzeko onartutako deialdia. Euskalgintzaren Kontseilua, ELA eta LAB kalera atera ziren epai hori salatzera. Gogoratu zuten, halaber, eginda daukatela administrazioa hamabost urtean euskalduntzeko proposamen «errealista eta egingarri bat». «Gaztelera ezin da izan enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Hizkuntza berdintasuna bermatu beharra dago». Protestak protesta, iazko maiatzean EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen epaia. 

Orain ere auzibidea zenbait langilek abiarazi zutela adierazi du CCOOk. Sindikatuaren arabera, langile horiek «hamarraldiak» egin dituzte erakundean lanean, behin-behineko kontratuekin. Deitoratu du ezen, behin-behinekotasun horren ondorioz, urte horietan guztietan ez zaiela biderik eman «lanaldiaren barruan» euskara ikasteko. Hizkuntza eskakizunak langile horien jardunean duen garrantzia ere gutxietsi egin du gaur plazara atera duen oharrean: «Langileok, beren lanean, ez dute hartu-emanik herritarrekin».

Derrigortasun indizea

Aurrez hainbatetan egin duen moduan, sindikatuak kolokan jarri ditu hizkuntza eskakizunetarako ezarritako derrigortasun indizeak gainditzen dituzten lan deialdiak. Euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den zehazteko ehunekoa izaten da derrigortasun indizea. Hizkuntza eskakizunak arautzeko lege esparruaren lehen garapenetan, oro har, gutxienekotzat hartzen zen ehuneko hori, eta, ikuskera horri segika, hortik gorako eskakizunak ezarri dituzte askotan erakundeetan. Ikuskera murriztailea nagusituz joan da gero, ordea, eta gehienez hori eska daitekeela ondorioztatu dute, esaterako, hainbat epailek. Batez ere 2022tik honakoa izan da aldaketa. Eta CCOO ere horren alde ari da. Gaur berriro esan du langileen eskubideak «urratu» egiten direla indize hori gaindituz gero. 

CCOOk esan du beste hainbat erakunde publikok ere langileek, Kabia erakundearen gisan, eskari «masibo eta neurrigabeak» egiten dituztela euskararen ezagutza egiaztatzeko, eta langile behin-behinekoak aski ataka zailean geratzen direla hor, «baliabiderik» ez zaielako ematen euskara ikasteko. Jokatzeko modu «baztertzaile eta segregatzailea» dela adierazi du, eta lan ildo berriak sustatu behar direla: euskara doan ikasteko bideak, langileentzako liberazioa eta azterketarik gabeko egiaztatze sistemak aipatu dituzte, besteak beste. 

Eusko Legebiltzarrean

Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, urteotan halako ehun epai baino gehiago eman dituzte. Era batera edo bestera, atzera bota dituzte euskararen biziberritzea sustatzeko lege irizpideak. Jurisprudentzia metatzen ari da, eta kezka gero eta handiagoa da. Eusko Legebiltzarrera ere heldu da. Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatuta euskararen kontrako sententziak gerarazteko proposamen bi daude erregistratuta: EH Bildurena da bat, eta EAJrena bestea.

Derrigortasun indizea ezabatzea: hori da jeltzaleen proposamenaren muina. Aditzera eman dutenez, uste dute aldaketa hori eginda jarduteko autonomia handiagoa izango dutela erakundeek, eta hizkuntza eskakizunak auzitan jartzeko argudio juridikoak ahuldu egingo direla. Sakonagoa da EH Bilduren erreforma proposamena, eta euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasuna «orokortzea» du xede, gaur egun gaztelaniaz jakitea delako orokortuta dagoen bakarra, eta gaztelaniazko arta delako, ondorioz, beti bermatuta dagoen bakarra. Derrigortasun hori «malgutzeko» tresna bat ere proposatu dute: geroratze indizea, halaxe izendatu dute. Erantsi dute, halaber, artikulu bat zehazten duena administrazioak betebeharra duela euskaraz ez dakiten langileei «liberazioak eta trebakuntza plan pertsonalizatuak» emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.