Kale gorrian dauden migranteei «arretarik ez» ematea egotzi diote Bilboko Udalari

Atxuri Harrera, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Greska taldeek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko Unamuno plazan.

Elkarretaratzea atzo, Bilboko Unamuno plazan. ATXURI HARRERA
Elkarretaratzea atzo, Bilboko Unamuno plazan. ATXURI HARRERA
14789412 kepa
Bilbo
2026ko martxoaren 27a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Batez ere zaurgarritasun egoera larrian daudenen gutxieneko eskubideak bermatu beharko lituzkete erakunde publikoek», Atxuriko Harrera Sareak dioenez. Bilboko larrialdi sozialetarako udal zerbitzuak, ordea, «ez die arretarik ematen» kale gorrian dauden herritar migratu eta arrazializatuei, haien ustez. Are, arlo horretan «murrizketak» egin izana egotzi diote udalari.

Atxuri Harrera, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Greska taldeek deituta egin zuten elkarretaratzea atzo, Bilboko Zazpikaleetako Unamuno plazan, hori guztia salatzeko. «Datu ofizialek erakusten dute kale egoeran daudenen kopurua gora doala. Kalean bizitzeak zera dakar: gose izatea, zerbait noiz jango duzun ez jakitea eta kanpin denda batean edo kartoi artean lo egitea», azaldu zuten deialdia egiteko helarazitako oharrean. Izan ere, egoera horretan daudenen larruan jartzea ere bazen atzoko protestaren helburua; eta horretarako, kanpin denda bat jarri zuten Unamunon.

Horrekin batera, Bilboko Udalari egotzi zioten kale gorrian dauden migratzaile eta herritar arrazializatuen arretan murrizketak egin izana, eta eskatu zioten berma ditzala haien gutxieneko eskubideak.

Kaleak hil egiten du

Iazko abenduaren hasieran, Atxuri Harrerako kideak keztatuta agertu ziren gaua kalean igarotzen dutenek bizi duten arriskuagatik eta horrek sortzen dien izuagatik. Izan ere, 2025eko azken hilabeteetan, Bilbon kalean lo egiten duten bi migratzailek eraso larriak jasan zituzten. Horietako bat bere kanpin denda barruan erreta hiltzeko arriskuan egon zen, «norbaitek piztutako» sute baten ondorioz. Besteari ebakuntza egin behar izan zioten erasoaren ondorioak zirela eta.

Horiek horrela, Bilboko Udaltzaingoan salaketa aurkeztu zuen Atxuri Harrera taldeak, eta kalera ateratzea erabaki, «auzoetan gaua kalean igarotzen dutenek bizi duten segurtasunik eza» azaleratzeko. Hain zuzen, hirurogei gizarte eragilek baino gehiagok bat egin zuten abenduaren 10ean Kaleak hil egiten du lelopean egindako elkarretaratzearekin. Protesta hori antolatzeaz gain, gutun bat bidali zieten Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako eta Segurtasuneko Sailei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!